Visca Catalunya ?

PrintFriendly and PDF
Andde Sainte-Marie
Andde Sainte-Marie
Eskualdeko Kontseilaria, Landibarren laborari, abertzale ezkertiarra, Abertzaleen Batasuneko bozeramaile ohia.
Beste artikulu batzu

ViscaBehako guziak Kataluniarat itzuliak ziren irailaren 27 hontan. Ikusmin haundia sortua zuten hauteskunde autonomiko aintzinatuek. Independentziaren aldekoek Generalitateko parlamentuko gehiengoa segurtatu badute ere, boz kopuruan ez dute %50-a gainditu. Zein izanen da Madrilekilako harremanen geroa?

Buruilaren 27a egun historikoa izan beharra zen eta hala izan da. Katalanek beren geroaz erabaki behar zuten eta egin dute. Ahoan bilorik gabe mintzatzeko, erran daiteke Espainiatik berrextearen aldeko independentistek argiki irabazi dituztela hauteskundeak, bainan galdu egin dutela goraki desio zuten plebizitoa.

Nehork ezingo du geroan itsuarena egin emaitza horri. Denek, baita español gobernuak ere, beharko dute mugitu. Katalunian iragan diren hauteskundeek erranahi ainitz utzi dute beren gibelean. Parte hartzearena  harrigarria izan da eta sekulako sinesgarritasuna emaiten dio emaitzaren kredibilitateari, aintzineko gisa hortako hauteskunde autonomiko guzien xifreak gaindituz Kataluniako bozka eremu guzietan.

Artur Mas Generalitateko presidenteak aintzin ikusi zituen hauteskunde plebizitarioak Espainiatik aldentzearen aldekoak argiki. Bozka bezperan oraindik aldarrikatzen zuen “Nahi dugu plebizito bat, behar dugu plebizito bat eta lortuko dugu plebizito bat”.

Ezin ukatu alde hortarik gauzak ez direla hain argi ateratzen ororen buru. Alde batetik “plebizito” hitza bakotxak bere ikuspegitik soilik ikusten duelako, nolabait nahasia delako juridikoki eta hauteskunde horiek soilik autonomikoak direlako “legez”.

Katalunia zatitua

Parlamentu autonomikoan independentziaren aldekoek gehiengo absolutoa izanen dute, orain arte bezala funtsean. Bainan bozen kopuruan ez dira urrundik ere erdia baino gehiagoren heinerat heltzen. Eta hor dago koxka, beraientzat eta bereziki, alabainan, independentziaren kontrakoentzat. Ondorioz hauteskundeak aintzin bezala, Kataluniako jendartea bi parte berdintsuetan arrunt zatiturik dago. Nahi ala ez konstatazio horrek indarra kentzen dio irabazleen emaitzari, bereziki nazioarte mailako ikusteko moldean. Alabainan beste adibide batzu gogoratuz, ikusi daiteke Montenegroren kasuan Europari begira edo Quebec aldeko hauteskunde guzietan exigitu direla gehiengo zabal eta ikusgarriak boz kopuruen aldetik. Ezin ukatu baldintza hortarik aski urrun gelditu dela Kataluniako hauteskundea.

Hori guzia erran eta gero, azpimarra daiteke ere, emaitzek parlamentuari emaiten dutela argiki independentziaren aldeko kolore ezinago argia. Junts pel Si eta CUP koalizio indpendentistek 72 (62+10) diputatu izanen dituzte. Ciutadans independentziaren kontrako alderdi berriak gorakada meteorikoa ezagutu du 25 diputatu bereganatuz kolpean. PSCko sozialistak 16 eserlekurekin egon beharko dira, PP bigarren mailako alderdi eskasa bilakatzen da 11 lekurekin. Berdintsu erran daiteke ere Catalunya Si que es Pot (Podemos eta ICV) koalizioarentzat bere 11 diputatuekin.

Hori guzia dela eta, eta beste hainbat elementurengatik,
nehork, ez ta Español gobernuak ere,
ezin du geroan ezikusiarena  edo elkorrarena
egiten segitu.

Elkarrizketa politiko baitzezpadakoa

Irabazleen emaitzak onak dira bainan ez dira uste bezain bikainak. Zer nolako emaitzak lortuko zituen Junts pel Sik ez balitu bere zerrendetan sartu ANC, Omnium, zerrendako lehen postuetan ziren hautagai  independenteak eta Lluis Llach bezalako hautagaiak ?

Irabazleen eremuan gauzak konplikatu daitezke aski fite. Alabainan CUP ezkerreko alderdi antikapitalistak ezinago argiki errana du kanpaina denbora guzian ez zuela Artur Mas orain arteko lehendakariaren alde bozkatuko inbestidura saioan. Alta beste edozoin alternatiba kasik ezin egingarria izanen da matematikoki.

Gehiengo ikusgarria eta matematikoa dute beraz parlamentuko alkietan independentistek, normalki aski direlako kalkulagailu parlamentariorako, independentzia prozesuari dagozkion bozketetan. Agian eskas  geldituko dira kalkulagailu diplomatikorako… Hori guzia dela eta eta beste hainbat elementurengatik, nehork, ezta Español gobernuak ere, ezin du geroan ezikusiarena edo elkorrarena egiten segitu. Urgentziazko erreakzioak eta baitezpadako erabakiak hartu beharko dituzte eragile guziek elkarrizketa politikoari eta aterabide adostueri bide emaiteko. Kataluniako bidea politikoki iraunkorra eta ez hauskorra izaitekotan Madriletik pasatuko dela erraitea ez da ezkorra izaitea, sinesgarria eta eraginkor izaitea baizik. Kataluniaren bidea ezingo da eternalki Espainiako justizia tribunalean trenkatu edo behaztopatu. Kataluniako bidearen
punta edo aterabidea soilik politikoa izanen da, edo ez da izanen.

  • Berripapera



  • Enbata sostengatu

    Kioskoetan

    Enbata sostengatu ! 40€-tarik goiti hilabete guziz zuen gutun ontzian Enbata aldizkaria lortuko duzue.

    Harpide zaitezte / Sostenga gaitzazue

  • Gaika

  • Hitz-gakoak

  • Bideoak

    bideoak