Treguarik ez frente sozialean

PrintFriendly and PDF
Jakes Bortayrou
Jakes Bortayrou
Helduen euskalduntze alorreko langilea, BATERAko kidea eta Abertzaleen Batasuneko militantea.
Beste artikulu batzu
Erretreten erreformaren kontrako mobilizazioa: piknika Florence Lasserre LREM diputatuaren etxe aitzinean Angelun

Erretreten erreformaren kontrako mobilizazioa: piknika Florence Lasserre LREM diputatuaren etxe aitzinean Angelun

Treguarik ez frente sozialean eguberri egun hauetan. Abenduaren 5ean hasi sozial mugimenduak jarraitzen du. Langile sektore batzuek 20 egun greban daramate. Mobilizazio egunak bat bestearen ondotik uztartu dira. Hara zergatik aspaldidanik Frantzian ezagutu ez den intentsitatearekin eramanak diren mobilizazio horiek, Ipar Euskal Herrian ere.

Greba eta manifestaldiez gain blokatze ekintzak lurralde osoan hedatu dira, ekonomia paralizatu eta multinazionalei kalteak sortzeko asmoarekin.

Sondeoen araberan jendearen gehiengoak mugimendua ulertu eta sustengatzen du, blokatzearen erantzukizuna gobernuari leporatuz. Ipar Euskal Herrian ere mobilizazio maila handia da frantses Estatu mailako deialdi egunetan.

Usaian bezala, tokiko intersindikalak ez dio atea irekirik uzten LAB-i, bainan mobilizazioaren beroan, egitura desberdinetako militanteak nola edo hala koordinatzen eta elkarlanean ari dira.

Deialdi orokorretatik aparte, egunez eguneko propaganda eta blokatze ekintzak erabakitzeko, grebalari eta borrokan inplikatuak diren pertsona ororen arteko asanblada sortu eta ibiltzen hasia da, 2010eko borrokalditik ikusi gabea, aldi honetan, eta lehen aldikotz, sindikatuek deiturik.

Bertan biltzen dira, lanbide desberdinetako sektoreak, grebalari, erretretadun edo langabetuak, sindikatu guztietako kideak bai eta jaka horiak ere.

Azken horiek dituzten borroka esperientziak, kultura politikoa, eta antolatzeko ohiturak ez badira errexki uztartzen sindikalisten tradizioekin, terrenoan indargarri baliosak dira.

2010 edo 2016an kolektibo batzuek ireki ildoa berriz jorratua da beraz eta 50/100 lagunen multxoa egunero mobilizatzeko gai da.

Hots frantses Estatuko leku guztietan bezala, Iparraldean ere borrokatzeko deliberamendua handia da jendartean, urte hondarreko festen karietara xantaian guztien gainetik borrokan segitzeko erabakia lekuko.

Gaitzari buru egin

Haatik, usaian bezala, mobilizazio egunetan aparte, greba sektore batzuetan soilik sustraitua da, hain zuzen lanbide berezi eta estatutu publikoa dutenak edota ekonomian eragin handia dutenak (petrolio iraztegiak adibidez).

Enpresa tipietan greba egiteko oztopo eta arriskuak ezagunak dira. Enpresa handietan bakoitzak besteen beha egoteko joerak ez du greba hedatzen laguntzen. Galtze/ eraginkortasunaren balantzea modu isolatuan ikusiz ezintasuna eta atentismoa dira nagusi.

Arazo sakonagoa ere badugu: orainaren morroia da gure gaurko jendartea. Orain berean bizi eta jasaiten dugun gaitzari buru egiteko (enpresa hetsi, antolamendu proiektu bat, errepresio bortitza…) mobilizazio oldar handian sartzeko prest izango gara. Bainan berantago, etorkizunean pairatuko duguna subjektiboagoa da eta ez ditugu hain errexki zalantzan emanen gure eguneroko inertziak eta bizi ohiturak borrokaren fagoretan.

Etorkizunean pairatuko duguna subjektiboagoa da
eta ez ditugu hain errexki zalantzan emanen
gure eguneroko inertziak eta bizi ohiturak borrokaren fagoretan.

Klimaren aldeko mobilizazioak antzeko arazoarekin ere topo egiten du. Ondorioz, mugimendu soziala, azkarra izanik ere, ez da iristen, momentuz behintzat, egoera sozio-politikoa mugiarazteko nahikotasun mailara.

Egoeraren usteltzearen parioa

Gobernamenduak presioa jasaiten ahal du dirudienez eta egoeraren usteltzearen parioa egiten du, iritzi publikoa aspertu eta mugimenduaren kontra itzuliko delakoan.

Bitartean taktika bikoitza erabiltzen du atekatik ateratzeko.

Alde batetik bere ofentsiba ideologikoa segitzen du, borrokan sektore inplikatuenak isolatzeko haien “pribilegioak” salatuz.

Bestalde erreforma proiektua hunkitu gabe arloz arlo porroska batzuk eskaintzen saiatzen du, elkartasuna hautsi nahian.

64 urteko ardatz-adinaren neurrian amore eman lezake CFDT bereganatzeko eta batzuen ustez lehen ministroaren dimisioaren karta nagusia ere joka lezake, mugimenduari itxurazko garaipena emaiteko. Urte berriaren atarian mugimenduaren geroa eta egoeraren bilakaera nekez aurreikusten ahal dira.

Urte berri eta borrokalari on denei !

  • Berripapera



  • Enbata sostengatu

    Kioskoetan

    Enbata sostengatu ! 40€-tarik goiti hilabete guziz zuen gutun ontzian Enbata aldizkaria lortuko duzue.

    Harpide zaitezte / Sostenga gaitzazue

  • Gaika

  • Hitz-gakoak

  • Bideoak

    bideoak