Tranbusaz

PrintFriendly and PDF
Jakes Lafitte
Jakes Lafitte
Ingeniaria
Beste artikulu batzu

TranbusJoan den urteko irailaren hasieran abian ezarri dute trambusaren lehengo linea, Baionako Goi Lurretatik Biarritzeko Herriko Etxeraino. Horrekin batera, orain arte zeuden beste linea arruntak aldaturik izan dira, jadanik jende batzuen protestak ondorioztatuz. Aurtengo udazkenean irekiko da bigarren linea. Linea aldaketa berririk ukanen dugunik ez dakigu. Iparraldeko harrotasuna egiten du proiektu horrek, lehenik beste tokietan ikusten ez den garraiobide berri bat delako, eta bigarrenik Euskal Herrian muntaturik izan delako.

Entzun dugunez Madril eta Probentzako Aix hirientzako beste tranbus bat eraikiko du Irizar Gipuzkoako enpresak. Nire aldetik ongi iruditzen zait tranbus hau, betidanik hirientzako garraio sistema guztien alde izan bainaiz, bedi metroa, bedi tranbia, bedi autobusa. Besteetan bezala, izen bat badu geltoki bakoitzak eta hiru hizkuntzatan emana: frantsesez, euskaraz eta gaskoineraz; geltokiko izenaren jatorria eta zergatikoa esplikatzen zaizkio bidariari.

Haatik kritika asko entzuten dira tranbusari buruz. Lehenik “Tranbus” izenari berari buruzkoak entzun ditut: sistema hori ez tranbia ez autobusa delako, baizik-eta bien arteko hibrida bat. Tranbusa hala izendatzeko arrazoia oso sinplea da azkenik: tranbiak bezala badu leku batzuetan bere gune berezia, baina trenbiderik ez du; orduan autobus bezala asfaltoaren gainetik ibiltzen da. Orain arte atzeman nion akats bakarra autobusaren barnean dauden sarrerak kontrolatzeko tresna askotan ezin erabilizkoak izatea.
Gehienetan entzun dudan kritika tranbusak bere bide berezia leku guztietan ez ukaitean datza. Guztiz egia da hori, baina bide berezien proiektua egin zutenek bertako bideen sakabanaketa eta heterogenitatea kontutan hartu beharko zuten. Gune berezirik leku guztietan ez ukanik, naski erregulartasun edo maiztasun bikaina ezin zaio exijitu ibilgailu berriari. Lehenago hitz eman zuten hamar minututako maiztasuna ezin da osoki errespetatu.
Txirrindularientzako bide berezien eskasa salatzen du ere biztanle andana batek. Haatik, tranbusa abian ezarriz geroztik autobusen erabiltzea %17-az emendatu omen da, baina ez dirudi trafikoaren beherapen bat geratu denik. Bigarren linea abian ezarriz gero, erabiltzea haboroago emendatuko denik ikusiko dugu. Batzuen ustez, trafikoa oztopatzen du tranbusak, bereziki Angelu eta Biarritz hiriak lotzen dituen etorbidean. Baina horixe proiektuaren helburu bat denik galdezka nagokio nire kolkoari; hain zuzen ere, garraio proiektu batzuetan parte hartu nuela, badakit autobus edo tranbien sare baten ezartzeak jendeak kotxea gero eta gutxiago erabil zezan pentsatuta dela. Beraz hori dateke tranbusaren xede nagusia: kotxea gero eta gutxiago erabiltzea.
Nire aburuz trafikoa murriztu eta autobusaren ibilera errazago izan dadin beste irtenbide bat badago, ohartu naizenez, beste hiri handietan arrakastaz erabili izan zena: Koreako Seul eta Hongriako Budapesten adibidez. Kale nagusi guztiak zentzu bakarrekoak ezartzea alegia. Horrela toki gehiago ukanen lukete tranbusak eta txirrindulariek.

  • Berripapera



  • Enbata sostengatu

    Kioskoetan

    Enbata sostengatu ! 40€-tarik goiti hilabete guziz zuen gutun ontzian Enbata aldizkaria lortuko duzue.

    Harpide zaitezte / Sostenga gaitzazue

  • Gaika

  • Hitz-gakoak

  • Bideoak

    bideoak