Orain bai!

PrintFriendly and PDF
Andde Sainte-Marie
Andde Sainte-Marie
Eskualdeko Kontseilaria, Landibarren laborari, abertzale ezkertiarra, Abertzaleen Batasuneko bozeramaile ohia.
Beste artikulu batzu

OrainBaiJoan den maiatzaren, 24eko hauteskundeak direla eta, Nafarroako herritarrek bozken ariketa libre eta demokratikoa errotik baliatu dute lurralde historiko horren egiazko argazki eta nahikeria finkoa adierazteko. Aldarrikatu dute ozenki iraganari bizkar emaiten ziotela eta tematuki geroari begira itzuliak zirela.

UPNk ordezkatzen duen ikuspegi monolitiko eta hertsiari aldi huntan stop erran diote bozka emaileek. Espero zen, eta behingoz hala gertatu da.

Dudarik ez, hauteskunde gau hortako azken berria (Nafarroako emaitzak gauean berant ezagutu direlako), berri pozgarriena izan da euskal herritar ainitzentzat.

Geroa Bairen gorakada

Orain arteko eta urte luzeetan ezagutu hauteskunde emaitzak itzulipurdikatuak izan dira bai parlamenturako, baita beste herriko etxe garrantzitsuetarako ere. Irunatik hasita Lizarraraino, Baztan, Altsasua eta Tafallatik pasatuz. Podemos mugimenduak bultzatu zerrendak eta hainbat herrietako elkartze munizipal Arantzadi bezalakoen arrakasta ere azpimarratzekoa da. Aire freskoa ekarri diote,azken 30 urte hauetan hain zaharkitua, fosildua eta UPNren kastari lotua bezala ikusten ginuen Nafarroako bizitza politikoari. Geroa Bairen azkartze eta gorakada izan da ere gau hortako berri klabea.

2011ako hauteskundeetan arrunt jende guttik espero zutenean sartu zen lehiaketa politikoan Nafarroa Bairen ildoari segida bat eman nahian. Kementsuki geroztik Uxue Barkosek jakin izan du ildo hori barnatzen eta bere mezu politikoa sakontzen eta lurraldeko egoera soziopolitikoarekin konektatzen.

Gaur egun berari doakio gobernu aldaketaren buru izaitea, UPNren agintaldiko urte luzeegiak iraganean uzteko eta gobernu berritzaile eta progresista bat aktibatzeko. Alabainan herritarrek ahalmen hori eman diote Geroa Baiko bozeramaileari, pentsatu baitute egokiena eta sinesgarriena zela iragan jasangaitz bati errotik bizkarra emaiteko.

Jasangaitza bilakatua zen modelo politiko zaharkitua, interes pribatu eta pertsonaleri probetxu egiten ziona eta nun podere faktikoek agintzen zuten herritarren behar minimoen gainetik, korrupzioa ipar orratz gisa
izanki.

Nafarroak hauteskunde horietan nahi izan du erakutsi 21. mendeko jendarte heldu bat izaiteko gai zela demokratikoki eta sozialki. Ulertarazi dio ere UPNri, etengabeko konfrontazio sozial eta politiko eskemak ez zituela onartzen eta bere lekua, agian urte luzez, oposizioan soilik zuela. Demokrazia egiazkoa, herritar guzientzat eskubide berdinak, transbertsalitatea eta ainitztasuna izan dira atzoko oposizioaren hitz eta lema gakoak hauteskunde kanpainan zehar. Aldaketa politikoa hitz eta helburu horien inguruan oinarritu eta gauzatuko da ondoko egunetan.

Aldaketa kudeatu gobernu berritzaile bat osatzeraino eta ondotik aldaketa politikoari bide orria adostu eta gauzatu urtetik urterat molde iraunkorrean: ez dute lan txarra izanen igandeko gehiengo berria osatzen dutenek! Idealki aldaketa Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta I-Eren eskutik gauzatuko da.

PSN ausartuko ote da aldaketa historiko hortan bere lan partea egiten ? Nafar sozialistak gehituz gehiengo berriko beste kideeri ikusten da UPN eta PPk eskuratu bozken doblea lukeela gehiengo berriak.

Jendartea konpromiso argien zain

Ardura haundia dute orain beren gain aldaketaren aldeko irabazle berriek. Aldaketaren aldeko jendartearen gosea gauzatu behar gorria dute adostasun politiko zabalak adosteko. Huts egitea edota alderdi interesak  gainetik jartzea huts ikaragarria litzateke. Huts moral eta politiko jasangaitza geroari begira. Jendartea orokorrean konpromiso argien zain dago, alderdien arteko elkarrizketa duinak desio ditu, interes orokorreko erabakiak lehenestea nahi du eta modelo kontserbadore zaharkitu eta ustelduari alternatiba berritzaile eta iraunkorra aurkitzea du gogo gehien.  Behingoz beraien behar eta nahiekin sintonian izanen den gobernua
nahi dute nafartarrek. Sintonia hori etengabeko balore batzutan oinarritzea lortu behar du Uxue Barkosen inguruan aktibatuko den gobernu berriak: elkartasunezko politika soziala, inposiziorik eta bazterketarik  gabeko modelo demokratikoa elkarbizitza bultzatuz eta bereziki gai izanen dena eskema berri hortan nafartar guziak integratzen, UPNkoak barne. Dudarik gabe memento gakoa, pasionantea eta itxaropentsua ideki du Nafarroak.

Uxue Barkosek hauteskunde kanpainan zion bezala “Orain bai !”

  • Berripapera



  • Enbata sostengatu

    Kioskoetan

    Enbata sostengatu ! 40€-tarik goiti hilabete guziz zuen gutun ontzian Enbata aldizkaria lortuko duzue.

    Harpide zaitezte / Sostenga gaitzazue

  • Gaika

  • Hitz-gakoak

  • Bideoak

    bideoak