Lehen urratsa irabaztera goaz

PrintFriendly and PDF
Jakes Bortayrou
Jakes Bortayrou
Helduen euskalduntze alorreko langilea, BATERAko kidea eta Abertzaleen Batasuneko militantea.
Beste artikulu batzu

Iparraldea_Kokapena

Herri elkargo berrien polo federatzailea benetan nahi dutenek ala soilik Iparraldeko herri elkargo bakarra oztopatu nahi dutenek lehen momentutik jokatu beharko dute, prefetak proposatutako perimetroa ez dela egokia argumentatuz eta mapa alternatiboa proposatuz.

Zaila da jakitea zer den ACBA-ko lau auzapezen benetako asmoa. Ba ote duten lauek asmo bera. Zerbait eraiki nahi duten ala soilik zerbait oztopatu nahi duten. Iritziz aldatzen ahal diren ala betiko jarrera irmoa duten.

Dena den argi da Ipar Euskal Herriaren egitura instituzionalari buruzko bataila erabakigarria hasia dela.

12 hilabeteren buruan modu batez edo bestez trenkatua izanen da. 12 hilabete baino lehen, Iparraldeko herri kontseilari guziek beren boza eman beharko dute prefetak formulatuko duen proiektu zehatz bati buruz.

Urteetako borroka eta mobilizazioen ondotik, tartean promesak, esperantzak, hitz jateak eta etsipenak, urrats konkretua emateko aukera eskueran dugu. Ezin huts egin beraz eta bataila
irabazteko prestatu behar.

Bataila ideologiko eta politikoa jendea informatzeko, uzkur direnak konbentzitzeko. Egiazko bataila zeren eta, ACBAko lau auzapezen agerraldiak erakutsi  bezala, Iparraldeko ezagupen eta antolaketa instituzionalaren aurkariak baitira. Horiek ez dute proiektu borobildurik behar. Aski dute batzuen eta besteen kezka, beldurrak eta mamuak iratzartzea, herri elkargo bakar baten eraikuntzak behar dituen adostasun eta borontate azkarra izorratzeko.

Erne egon beharko da beraz eta atera daitezkeen kontrako argumentuei, egia ala gezurrak izan, erantzun egokiak eman.

Bateraren mobilizatze lana

Alde horretatik lau auzapezen ateraldia mesede bat izan dela pentsa daiteke, kartutxo batzuk erre baitituzte. Eztabaida eskasa, erabakiak tarrapataka hartzeko beharra, proposamen alternatiboa baztertu izana, horiek orok ez dute funtsik, fede txarrekoak dira eta soilik azken 6 urteetan gai horretaz inongo axolarik erakutsi ez duena tronpa lezakete. Alabainan, 2009tik hona, Iparraldeko gobernantza etengabe landu du Hautetsien kontseiluak eta horretarako diru frango gastatu eta bilkura andana antolatu, ahantzi gabe, jendartea mobilizatu duten Baterako ekimen guztiak. Halaber, herri elkargoak bilduko lituzken sindika misto edo polo federatzaile oro aztertu eta baztertuak izan ziren 2011/2012ko epealdian, konplikatuegi eta ahulegiak zirelakoan.

Gainera hipotesia hori berpiztu nahi dutenek errealitate bat uzten dute ilunpean : gaurko herri elkargoen mapa fini da ! Alternatiba ez da herri elkargo bakarra ala gaurko 10 horien federazioa baizik eta legeak behartzen duen herri elkargoen ber antolaketaren baitan Iparraldeko bat sortzea ala hiruzpalau, bigarren fase batean elkarlanean has litezkeenak. Hor da koska: zein izan daitezke hiruzpalau horiek? Zeren eta noren interesak bermatuko lituzkete? Baxe Nafarroako herri elkargo bakarraren inguruko eztabaida sutuak gogoan izanik, nork  pentsa lezake mapa alternatibo horrek adostasun zabala lortuko lukeela ? Eta ondotik tentsioen artean sortu entitate berri horiek federatzeko gaitasuna luketela ? Benetan Ipar Euskal Herri mailako trena instituzionalari begira ez dago lau auzapezek proposatzen duten bidean alternatiba sinesgarririk.

Lehenik iritzi kontsultatiboa

Ondoko hilabeteetako egutegi eta bide orria finkatua da eta eragile guziek horien barnean kokatuko dira : NOTRe lege berriki onartuz gero, prefetari doakio mapa berri bat mahai gainean jartzea. Honek argiki erran du Ipar Euskal Herrirako elkargo bakarra proposatuko duela. Ondoko hiruzpalau hilabetetan herriko etxeek eta herri elkargoek perimetroari buruz iritzi  kontsultatiboa jakinarazten ahalko dute. Ondoren CDCI (Departamenduko Herrien arteko kooperazio batzordea) bildu eta haren iritzia entzunen du prefetak, herriko kontseilu guziei 2016ko udaberrian bozkatzeko proposamen definitiboa finkatu aitzin. Herri elkargo berrien polo federatzailea benetan nahi dutenek ala soilik Iparraldeko herri elkargo bakarra oztopatu nahi dutenek lehen momentutik jokatu beharko dute, prefetak proposatutako perimetroa ez dela egokia argumentatuz eta mapa alternatiboa proposatuz. Etapa hori galduz gero, presioa eginen dute herriko kontseiluak bozkatzeko momentuan.

Parean Ipar Euskal Herriko elkargoa nahi duten eragile desberdinek ere argi dute bide orria: proiektuaren eragingarritasuna lantzen segitu, hautetsiak eta herritarrak informatu, eztabaidan inplikatu eta mobilizatu. Bere aldetik, Baterakoko sarea antolatzen eta mobilizatzen hasia da. Sartzean bertan mobilizazio handia finkatua da, urriaren 24an, “Lurralde eta hizkuntzarentzat estatutu bat” lelopean.

Ondotik herriz herri ibiliko den informazio karabana antolatuko da ideia azkar batzuen jendarteratzeko: Iparralde ezagutzeko tenorea dugu, gure lurraldea indartsuago eta solidarioago izateko, gobernatzeko egitura lortzen ahal dugu. Ez dezagun huts egin!