Laikotasuna

PrintFriendly and PDF

LaikotasunaAzken urteotan, laikotasunak Frantzian gaindi eztabaida frango sortu du eta sortzen segitzen. Euskal Herrian, gaur egun, balio ote du hortaz mintzatzea? Bizpahiru istorio ttipirekin nola hunkituak giren kondatuko dizuet.

Beharbada Sud-Ouest egunkarian sobera kasu egin gabe irakurri zenuten Garaziko abere hiltegian langile berezi bat hartu zutela, Musulmanei zuzendutako ardi batzuk hiltzeko. Gertakaria interes gutikoa eta exotikoa iduritu zitzaizuen seguraz ere. Alta kontratatu zuten langilea ez da langile arrunta: “Garbia” da; erran nahi baita bera bakarrik haizu dela musulmanentzat hallal moldean ardiak hiltzea, errito batzuk errespetatuz (otoitzak eginez) eta ezpata berezi batekin. Jakin behar da horrela laborariek erreformako ardiak prezio hobean saltzen dituztela. Zer nahi izanik, horrek erran nahi du erlijioa leku publiko batean sartua dela, laikotasuna urratuz.

Eta ekainaren 10eko Berria egunkarian, 8. orrialdean, kondatzen zuten nola Gasteizeko eskola publikoko zuzendari batek ez zuen neska ikasle bat eskolan sartzera utzi nahi izan, honek ez zuelako buruzapia kendu nahi. SOS arrazakeria erakundeak zuzendariaren jarrera salatu zuen. Artikulu honen ondoan elkarrizketa bat bazen, non irakasle batek erraiten zuen: “buruzapia debekatzen duen legerik ez da”, alta eskola hartako araudiak buruzapia debekatzen zuen. Bi artikulu horietan kazetariak SOS arrazakeriak egin duen salaketaren alde agertzen ziren.

Hor konturatzen gira nola jendeen ikusmoldeak desberdinak diren. Jakintsu batzuk ez dira ohartzen buruzapia erlijio ikur bortitza izan litekeela jende anitzentzat!

Duela jadanik zonbait hilabete, ikastolako irakasle ezkertiar feminista bati galdegin niolarik ikastoletan guraso musulmandarrek nahi baldin bazuten eskola denboran beren haurrek buruzapia ezar zezaten, utziko ote zituen? Zalantzan aski luzaz egon ondoan, erran zidan: “Ez baldin badu nehor trabatzen, zergatik ez? Beraz, bai utzi behar da”. Eskola katolikoko irakasle bati galdera bera egin nion. Luzaz zalantzan egon ondoan, ez zuen arazoa trenkatu, holakorik ez baitzen oraino gertatu bere kolegioan.

Susmoak ditut Hegoaldean laikotasuna konzeptuarekin ez direla hain argi, nahiz eta frangotan emazteen duintasunaren alde agertzen diren.

Amets bat egin dezagun: heldu den urtean Euskal Herria bere buruaren jabe dela. Zoin laikotasun mota jarriko dugu? Britainia Handian bezala, komunitarismoa? Frantzian bezala, laikotasun neutroa bermatuz (neurri batean bederen)? Espainian bezala? Deus erabakirik hartu gabe?

Hori da egiazko eztabaida, zeren gure eguneroko bizia hunkitzen baitu.

Ikusiz zein diren munduan zehar estatu musulmanen azken bilakaerak eta zer gertatzen ari den Europan barna, iduritzen zait ez dugula itsu izan behar eta hobe dugula aitzinetik gure balioak agerian ezartzea, harrokeriarik gabe bainan ere beldurrik gabe, eta Euskal Herriko biztanleari, nor edo nor izanik, jakinaraztea.

Zer izan daitezke gutienezko araudi horiek? Lehenik, emazteen askatasuna osoki bermatu behar da. Eta gauden egoeran, kanpoan ibiltzen diren emazteek aurpegia eta burua agerian utzi behar dituztela. Bistan da, leku berezietan, eman dezagun meskita eremuetan, musulmandarrak nahi duten bezala janzten ahal dira. Gero, kanpoko gune guzietan, ospitaleetan, kiroldegi mota guzietan, eta saltokietan, emazteek ez dute leku propiorik ukan behar. Aldiz, ikur ttipi bereziak diskrezioz, “zirikatzaileak” ez direno ezartzen ahalko dituzte: lepoan ilargia, izarra, edo beste ezartzea haizu izan daiteke. Lege horiek denentzat dira, bai sinesdun ez direnentzat, baita erlijone guzientzat: giristinoentzat, musulmanentzat, juduentzat, Ekialdeko jendeentzat. Horrela ditut ikusten Euskal Herriko jendeen arteko errespetua eta harremanak.

Gaur eguneko arazoak ez dira oraikoak. Erlijioko jantziak dituztenak guti direlarik, egia da legeak ez direla zinez beharrezkoak. Bainan erlijioneek, beste erakunde guziek bezala, aldaketak ezagutzen dituzte. Eta musulmanak dira gehiago hunkituak. Denek badakigu estatu musulmanetan askatasunik ez dela, bereziki emazteentzat. Ez dute onartzen kontzientziazko askatasuna (salbu Tunisian eta Libanen) eta fedegabe izaitea ez da haizu! Horrela agertuz, beren bizia arriskuan ezartzen dute. Frantzian ohartzen gira, “ezkerreko” jarrerak dituztenak (beren burua horrela ikusten dutenak) oso nahasiak eta itsuak direla.

Adibide bat emateko, ezkertiar horiek Kamel Daoud algeriar idazlea salatu zuten gogorki (alta idazle hau bere herria uztera behartua izan zen hango emazteen egoera salatzen zuelako). Hura jin orduko, Frantses intelektual batzuek eraso zuten erranez eta idatziz musulmanen kontra ari zela ! Itsumenduaren eragina(1)!

Gaur egun Estatu gabeko(2) herri bat izanki, gure artean holako gogoeta beharrezkoa da, denentzat onargarria izanen den konponbide bat definitzeko eta jendeen duintasuna babestuko duena.

Sendo eta beldurrik gabe, laikotasuna babestu behar dugu, bestela ez ditugu “Aitamen etxea eta lurrama” zainduko!

(1)Ohar ttipi bat egin behar da: le Monde egunkarian, urtarrilaren 31eko alean, Kamel Daoud-ek Cologne-ko hirian gertatu ziren eraso sexualetaz bere iritzia eman zuen. Erasotzaile gehienak migranteak zirelako, kazetariak erran zuen: “Allah-ren munduan, sexu miseria handiena da.” Zer idatzi zuen hor? Segidan antropologo kolektibo batek, beti Le Monde egunkarian, ihardespen bidez gure kazetari gaixoa kondanatzen zuen erranez “islamofobiaren bekatu larria” egin zuela. Balio du testo hau irakurtzea. Ulertze makurra betez da. Eta Kamel Daoud herri kolonizatzaile ohiaren laguntzaile bilakatu da! Apirilaren 14an, urteko kazetari hoberenaren saria eskuratzean, Daoudek ihardetsi zuen oroitaraziz 1996an, Algerian, prentsa etxe baten kontrako eraso islamistarrak 3 kazetari erahil zituela, “Charlie hebdo” baino 19 urte lehenago.

(2)Euskal Herria estatu gabekoa dela denek ongi badakigu. Ikusiz gure arteko zatiketak, eta geroa elgarrekin asmatzeko nahikaria ttipia dugula, Frantziako erresistentziak egin zuen bezalako zerbait (CNR erakundea) herri egitarautzat hartu beharko genuke, gaur eguneko arazoak kontutan hartuz. Bainan zoritxarrez, ez dugu bide hau hautatzen, beti gure itsumenduaren gatik!

One Comment

  1. Iñigo
    Posted 30/08/2016 at 11:18 | Permalink

    “erlijioa leku publiko batean sartua dela, laikotasuna urratuz” laikotasuna estatuaren neutraltasuna da erlixioei dagokioenez. Hiltegi horren kasuak ez du zerikusirik laikotasunarekin. Ez ditzagun kontzeptuak nahasi. Gune publikoetan ikur edo ariketa erlixioak debekatu nahi izatea ez da laikotasuna, bertze kontzeptu bat baizik.

  • Berripapera



  • Enbata sostengatu

    Kioskoetan

    Enbata sostengatu ! 40€-tarik goiti hilabete guziz zuen gutun ontzian Enbata aldizkaria lortuko duzue.

    Harpide zaitezte / Sostenga gaitzazue

  • Gaika

  • Hitz-gakoak

  • Bideoak

    bideoak