Korapiloak

PrintFriendly and PDF
Jakes Bortayrou
Jakes Bortayrou
Helduen euskalduntze alorreko langilea, BATERAko kidea eta Abertzaleen Batasuneko militantea.
Beste artikulu batzu

Korapiloak

Martxoaren 15eko herri hauteskundeetako lehen itzuliak zenario konplikatua utzi du Baionan. Igandean bertan Baiona Berde eta Elkarkide elkarteko kideak bildurik egon dira iritziak trukatzen eta eztabaidatzen, bigarren itzuliari begira. Azkenean, asanbladak hobetsi zuen ezkerreko hiru zerrenden arteko elkarrizketak irekitzea (Bayonne Ville Ouverte, Demain Bayonne- Bihar Baiona eta BEE-BVS).

Horrek ez zuen suposatzen printzipiozko hautu bat akordioaren alde zeren eta biltzarrak adostu baitzuen hiru zerrenden arteko balizko akordio bat mandatu zehatz baten betetzeari lotzea, puntu programatikoak eta tekniko-politikoak (horietako batzuk negozia ezinak) biltzen zituena.

Erabaki horien gauzapena hasi bezain laster suspenditu zen biharamunean bertan, konfinamendu egoera aldarrikatu eta bigarren itzulia gibelatu ondoren.

Aferaren segida aldatzen du horrek, konfinamendutik landa gertatuko diren elkarrizketen emaitzak baloratzea eta azken erabakia hartzea biltzar nagusiaren esku utziko baititu, hauteskunde usaiako egutegi estuak permititzen ez zuena.

2014ko egoera atipikoa

Geroztik biltzar nagusiaren erabakiak harridura eta ez ulertzea sortu ditu ezkerreko abertzaleen artean nagusiki. Ez ditugu hemen aipatzen lehen itzulitik bertatik Etchegarayren alde posizionatu zirenak baizik eta proiektu abertzale, ezkertiar eta ekologista eraiki eta hauteskundeetan ere defenditzen dutenak.

Nola debru irudikatu liteke aliantza bat Etchetorekin ? Ezagunak dira bere eta BVO zerrendako hainbatek ukan dituzten jarrerak zonbait gaietaz : Euskal Elkargoa, ikastola, bake prozesua edo AHT linea. Ahantzi gabe alderdi sozialistako kide orok Hollanden agintaldiko politikarekin dituen erantzukizunak. Beraz zer? Iritziak iritzi eta bakoitzaren jarrera errespetagarria delakoan, gauzak doi bat konplikatuagoak direla ulertzeko gibelera so bat bota behar dugu.

2014n egoera atipikoa sortu zen, J.R Etchegaray- k, agenda abertzalearen zonbait arlotan aliatu eta bide laguna, 1959tik Baiona gobernatzen zuen eskuin zentroko bloke sozio-politikoa lideratzea lortu baitzuen. Parean jakobino asumitu batek, Etchetok, PS nagusi zeneko aliantza zerrenda bat muntatu zuen. Baiona 2014 elkartea osatu zen, 1983tik bezala, proiektu abertzale, ezkertiar eta ekologista defenditzeko, ainiztasun kultural handia duen eta kanpotik etorritako jendearekin handitzen den hiri honetan, nun eta eta euskal nortasun sentimendua nahiko mugatua gelditzen baita. Azkenik “L’Humain d’abord” izeneko ezker erradikala ere presentatu zen. Bigarren itzulirako Baiona 2014-k mantentzea deliberatu zuen eta azken honi aliantzia proposatu zion. Etchetoren jarrerek, pil pilean ziren abertzaleen gaien inguruan eta gobernu sozialistaren politikak ezinezkoa egiten zuten BVO-rekiko aliantzia. Etchegaray-k 26 boz diferentziarekin irabazi zuen. Baiona 2014 ez bazen mantendu (edo BVOrekin aliantzi egin izan balu) paria daiteke Etchegaray-k aitzinamendu gehiagorekin irabaziko zukeela. Zergatik ? Etchetoren alde, joan zirenak baino boz gehixeago joanen ziratekeen baina boz abertzale askoz gehiago Etchegaray-ren alde, haren garaipena trabatzeko. Alta zabaldu zen eta 6 urtez errepikatu den irakurketa sinplista hauxe : abertzaleek ezkerra eta Baionan aldaketa galarazi dute.

Aurten ekuazio konplexuagoa

Aurten ekuazioa konplexuagoa da. Kontestua lehenik: hainbeste protesta eta mugimendu sozial piztu dituen Macronen alderdia, LREM, Etchegarayen zerrendan integratua da eta agenda abertzalean aurrerapauso nabarmenak eman dira sei urtez. BBE-BVS-k indar bilketa lortu du: hautetsien lanaz gain, duela 6 urteko aliantzia atxikiz, joan den aldian BVOrekin partitu zen EELV integratuz eta herritar dinamika indartuz. Aldiz agintaldian zehar Etchetoren zerrendarekin hautsi zuen BD-BBk ez zuen onartu elkarrekin aurkeztea lehen itzulian. Biek batera %24a gainditzen dute baina, gustatu ala ez, eta aldatu ez bada ere, BVO lehen gelditzen da (%29,7). Baionako “ezkertiar populuarentzat” aldaketa eskumenean da eta atez ate ibili diren militanteek behin baino gehiagotan zera entzun dute: “aldi honetan bai, ezta?”. Hauxe korapiloa. Hiru zerrenden arteko aliantzia ukatzeak elkarrizketak saiatu gabe ere, nolako kostu politiko izanen du bihar etziko abertzaleen irudian eta garapen dinamikan Baionan herritar frangori begira? Etcheto bezalako aurkari bati funtsezko puntu politiko batzuk onartaraztea aliantzia bat egiteko, garaipen bat izan daiteke ala pario arriskutsuegia? Kosta ala kosta Etchegaray salbatu behar ote da Euskal Elkargo mailako erronkak direla eta? Horrela bada zer zentzu eta sinesgarritasuna ditu BEE-BVS-en dinamikak? Oro har, Baionan aldaketa politikoa, Euskal herriko dimentsioa, ekologia eta justizia soziala lotzen dituen bloke sozio-politiko baten eskutik soilik etortzen ahal bada, nola lor daiteke hori?

  • Berripapera



  • Enbata sostengatu

    Kioskoetan

    Enbata sostengatu ! 40€-tarik goiti hilabete guziz zuen gutun ontzian Enbata aldizkaria lortuko duzue.

    Harpide zaitezte / Sostenga gaitzazue

  • Gaika

  • Hitz-gakoak

  • Bideoak

    bideoak