Urrats handi bat par Jean-Louis Davant

PrintFriendly and PDF

ETAren su-etena… bat gehiago… az-kena ote? Nahi nuke. Haboro ere: oraikoan uste dut, sekulan baino
se-guruago, ezker abertzaleak horretara bulkatzen duelako ezinago finki. Halere bazterretan zalantzak badaude: konprenigarri zait, aitzineko su-etenak nola bukatu ziren gogoan edukiz. Euskal ezker abertzaletik kanpo, dudarik ez duen bakarra, eskuin espainolista da, baina beste sentsura. Bakea ez zaie aski, ez eta garaipen militarra ere: horien aburuz, ETAk umiliatu behar luke, barkamena eskatu, mende erdi bateko ibilaldia ukatu, bakearen ondotik ere auzi berriak jasan, berrogei urteko zigorrak bete…
PPek eta UPNek badakite holakorik ezin dela lortu, inon ez baita gertatzen: beraz, ene ustez, bakerik ez dute nahi. Guduka armatuak oraiko mail apalean iraunez, Euskadi menpean atxiki lirote aldebat PSEren bitartez, eta laster Espainiako gobernua eskura dezakete. Horien etsai nagusia ez da ETA, euskal abertzaletasuna da.
Nafarroako gobernuaren erantzuna tristeena zait: su-etenean iruzur elektoralista bat baizik ez du ikusten, ETA noizbait mugimendu elektoralista bat izan balitz bezala. Ez urrunago eta gorago ikustea, zinezko kretinismoa da. Ez ote dugu etsai argiagorik merezi? Hala balitz, oso apal ginaudeke!
Hein horretara jaitsi gabe, Euskadiko gobernu sozialista ere franko ezkor agertu da. Ezker abertzaleari gero eta baldintza gehiago ezartzen dio legeztatzeko bidean. Bistan da, Batasuna legez kanpo dagoeno, PSOEren euskal sukurtsalak Gasteizko gobenuan egotea segurtatzen du. Haatik erantzuteko ahalmena Espainiako gobernuak du, pilota haren eskuetan dago, eta Gernikako Araudiaren aldeko transferentzien kasuan gertatu den bezala, egoki balin bazaio bakerako urratsak eginen ditu, Euskadiko gobernu sozialistaren alde gainetik. Zapaterok datozen bozketa orokorretan irabazteko xantza bakarra hor du. Bestela PPek Espainiako gobernua hartuko dio segur.
Frantziako Estatuak ere bakearen alde zerbait egin dezake, nahi duen ber. Ala hari ere
gaurko gudukaren luzatzea egoki zaio? Adibidez Espainiarenganik abantaila batzuen erdiesteko… Iparraldeko euskal Iurralde historikoei erakunde bereizirik ez emateko…
ETA ez dela oraino desagertzen, egia da. Baina nork uste zuen holakorik bat-batean gerta zaitekeenik? Ene iduriko, ETA horretara doa urraska. Bere baitan eta inguruan dituen gazte sinesgogorrak ideia horretara bildu behar ditu. Gainera presonerak ehunka, iheslari, erbesteratu eta sasipeko gudariak are ugariago dauzka, eta horien guzien familiak ezin ditu apantziarik ere miserian utzi. Bergizarteratzeko bidea prestatu behar die, suposatzen dut, Espainiako gobernuarekin hitzartuz segeretuan… Ez gaitezen enuxentak izan, bake hitzarmenak hola egiten baitira mundu zabalean, eta ez gaude mundutik aparte. Hori guzia baztertu nahi dutenak ez dira inozentak: bakeari atea hetsiz, boterea beretu edo atxiki gura dute, ber denboran euskal abertzaletasuna tinkatu.
Zentzugabeko esperantzak ote dira nireak? Historiari begira, ez dut uste. ETAk 800 eta zenbait pertsona hil dituela, egia da. Haatik frankistek pizturiko gerlak 800.000 hil zituen. Frankistek egundaino ez dute barkamenik eskatu. Frankisten ondotiko PPk eta UPNk ez dute beren aitzinekoek eginiko sarraskiez dolu mikorik agertu, ez den mendreneko kritikarik egin: hitzik ere ez! Beraz sinesgarritasunik ez dute gaur ETAri damu eske dabiltzalarik aho beteka. Gainera ez daude Espainiako gobernuan: ez oraino… Beraz bakea nahi dutenek ez lukete denborarik galdu behar: fruitua zohi da, laster bil dezagun, izoztea jin aitzin!

  • Berripapera



  • Enbata sostengatu

    Kioskoetan

    Enbata sostengatu ! 40€-tarik goiti hilabete guziz zuen gutun ontzian Enbata aldizkaria lortuko duzue.

    Harpide zaitezte / Sostenga gaitzazue

  • Gaika

  • Hitz-gakoak

  • Bideoak

    bideoak