Ipar Euskal Herrian ze instituzio behar dugu?

PrintFriendly and PDF

Iparraldea_KokapenaAzken denbora hauetan debate bat pil-pilean da: zer nolako antolaketa behar dugu Ipar Euskal Herriarentzat?

Labur-bilduz, bi iritzi nagusi ateratzen dira debate horietarik zenbaitzuk diotela prefetak egin duen proposamena herri-elkargo bakar bat Iparraldearentzat onartu behar dela, lurraldea kontuan hartua delakoz eta segitu Lurralde Kolektibitate berezi baten galdegiten, beste batzuk diotelarik ez dugu deus onartu behar prefetarengandik, hots Estatuarengandik.

Ipar Euskal Herriko jendarte handi batek erakutsi du bere atxikimendua Lurralde Kolektibitatearen alde, 2010ean Baterak egin zuen kontsultan 35 000 hautesleek parte hartu zuten eta horietan %78a alde agertu ziren, Herrien Biltzar-ak igorri zuen mozio batean 105 auzapez agertu ziren Lurralde Kolektibitate baten alde (159tatik).

Frantses estatuaren erantzun bakarra ezezkoa izan da! Inoiz ez dugu ikusi frantses ministro bat etortzen Ipar Euskal Herrirat hitz-egitera, hautetsi eta elkarte desberdinetako ordezkarien entzutera! Hori nola deitzen da, trufa-merke ez?

Ikusiz sozialistek duten mespretxua euskaldunei buruz, ezin dugu lehen proposamen hau onartu, ez baitira baldintza guziak beteak: lurraldea / hautetsien bozaldia / landuak izan diren 8 konpetentziak. Abertzale batzuk entzuten dituztelarik herri-elkargo bakar horren proposamena hartu behar dela Iparraldeko lurraldetasuna kontuan hartua delakoz, harridura emaiten dit. Nola abertzaleek hainbeste urtez ostikoak bildu eta Pariseko edozein agintariengandik, orain deus negoziatu gabe, deus zalantzan ezarri gabe, deus gogoeta eraman gabe, bat-batean erraiten duten bai onartu behar da!!

Horrez gain berri garrantzitsu bat jakiten da, herri-elkargo bakar horren proposamena antikonstituzionala dela, erran nahi baitu ez dela legealdian sartzen!

Gaur-egun ez da elementurik jakiteko epeak zein diren, hauteskundeak aitzin edo ondotik? Jakinez beste hauteskunde batzuk iraganen direla 2015ko urte bukaeran, posible izanen da? Ala memento batez entzunen dugu frantses Estatuak eraman, behar zuen erreforma lurraldetasunari buruz gibelatua dela? Geroak erranen, segur dena ez dugula amor emanen!

2 Comments

  1. alexandre
    Posted 10/11/2014 at 16:59 | Permalink

    Zer behar duen?
    Biltzar bat!

  2. Jakes LAFITTE
    Posted 11/11/2014 at 10:45 | Permalink

    Iparraldeak behar duena Korsika edo Tahitiaren bezalako estatutu bat eta naski euskeraren koofizialtasuna. Frantziako Legearenr arabera Korsikak eta Tahitik estatutu bat balinbadute, zergaitik ez Euskal Herriak? Departamentua beste hautakizun bat da, bainan Hollanderen gobernuak departamentuak ezabatzera saiatzen balinbada, entitate mota hori gaindituta dagoela iruditzen zait.

    Kataluniako konsulta dela eta, azkenik behin aipatu dute Frantziako bigarren katean, bainan naski Katalunia herrialdetzat jotzen dute naziotzat ordez. Hala ere Frantziako estatuko hizkuntzak aipatudituzte, baina haien ustez 71 hizkuntza minorizatu daude Frantziako estatuan! Benetan saltsa ederra egiten digute. Hizkuntzalari eta beste aditu guztiak behintzat, ados daude Frantziako hizkuntza minorizatuak aipatzekotan: Bretainera, okzitanera, Euskara, Katalanera, Italiera eta Sardera (Korsikako hizkuntza biak) dialekto alemana den alzaziera eta flamenkera; hots zortzi hizkuntza Europako metropolian behintzat. Hainbeste topatu dituzte, Antilletako kreoleak, aipatutako hizkuntzen dialektoak, dialektu frantsesak eta kanpoko gutxiengoenak gehitu dituztelako.