Herriko bozak eta biharamunak

PrintFriendly and PDF
Xabi Larralde
Xabi Larralde
Ekonomia erakasle, Sortu-ren bozeramaile.
Beste artikulu batzu

BozakEtaGero

Martxoaren 15 eta 22.an izanen diren herriko bozek nehoiz izan duten garrantzia daukate, herriko etxeen osatzeaz gain, Herri Elkargorako ordezkariak zuzenean hautatuko baitira. Iparraldeko hiri haundienek elkargoaren gobernantza beren interesen alde bakarrik molda ez dezaten, baitezpadakoa da barnekaldeko herri ttipien arteko elkarlan egitasmo baten antolatzea. Hori izan behar litzateke hautetsi abertzaleen lehen eginkizuna.

Egun gutti falta dira herriko bozen lehen itzulia aitzin. Orokorrean, dinamika baikorra sendi da mugimendu abertzalean. Hiri gehientsuenetan idekiak diren zerrenda abertzaleak osatu dira, eta herri ttipietan hautagaien artean militante frango aurkitzen dira.

Hauteskunde horiek erronka bikoitza dute: horien emaitza bera eta biharamunak.

Emaitzei dagokienez, martxan den dinamika baikorraren araberakoak izanen direla pentsatzen ahal dugu. Hasteko, militante bakoitzak ahal duena egin behar du horrela izan dadin.

Hauteskundeen biharamunekin bigarren erronka dugu: hautatuak izanen diren hautetsi abertzale eta ezkertiarren antolaketa.

Neurri berri bateko agertoki politikoa

Herri Elkargoaren sortzearekin beste dimentsio bateko agertoki politikoa osatu zaigu Iparraldean, ondorioz, gure antolaketa ozka batez trinkotu behar dugu. Kanpaina honen kapitulu berezi batek behar hori agerian eman du modu nabarmenean: Miarritzen beren burua aurkezteko gobernuko bi kideek egin duten entsegua. Entsegu horrek aditzera ematen du Estatu mailan karrera egiten ari diren politikariendako Iparraldeko hiri handiak erakargarriak bilakatu direla. Eta are gehiago, hiri handi horien lortzearekin batera Akitania handiko bigarren aglomerazioaren lehendakaritza eskugarri bilakatzen bada… Hots, geroan, Iparraldeko hiri handi batzuk eta Herri Elkargoa altxatzeko “goitik” antolaturiko operazio politikoak gauzatu daitezke.

Holakorik gerta ez dadin, Herri Elkargoa azpitik “blindatu” behar da, eta horri begira abertzaleek neurri erabakigarri batzuk har ditzaketeela pentsatzen dut.

Lehena, barnekaldean Herri Elkargoari begirako elkar-lan protokolo berezi baten antolaketa litzateke. Barnekaldeak duen pisu politikoa ongi irudikatzeko, kondutan hartu behar da barnekaldeko bost lurralde poloek (Xiberua, Amikuze, Iholdi-Oztibarre, Garazi-Baigorri, Hazparne) 106 ordezkari dituztela, 233 hautetsiz osatua den Herri Elkargoaren biltzar orokorrean. Pisu hori beraz, gehiengotik oso hurbil da. Baina barnekaldeko hautetsien antolaketaren beharra arrazoin sakonago batean finkatua da. Gauden mundu globalizatuan metropolozio fenomenoak ikaragarriko indarra du. Eta hainbat sailetan (ekonomia, kultura, joera sozialak etab.) hiriak ditu jendartearen bilakaerak markatzen.

Herri Elkargoak bateratzen dituen herri kopuru handiarengatik (158 herri) gobernantza zailtasunak ditu, baina funtsezkoago den problematika bati erantzun behar dio: hiri eta baserri eremuen errealitateen uztarketa. Herri Elkargoaren baitan, barnekaldea eta kostalderean arteko osagarritasunak barnekaldean ikuspegi amankomun baten lantzea eskatzen du. Gaur gaurkotz, barnekaldean ikuspegi bateraturik ez da, eta horrek herri ttipietako hautetsien artean tekno-egitura handia duen Herri Elkargoari begirako mesfidantza elikatzen du.

Herri Elkargoak bateratzen dituen herri kopuru handiarengatik
gobernantza zailtasunak ditu,
eta funtsezko problematika bati erantzun behar dio:
hiri eta baserri eremuen errealitateen uztarketa.

Ezkerreko abertzaletasunaren indartzearen beharra

Herri Elkargoan podere-hartze estrategiak azpitik “blindatzeko” neurrien bigarren ardatza hiri handi eta ertainetan ezkerreko abertzaletasunak bere posizioa sendotzeko hautatu duen norabideari lotua da. Izan ere, emendatze demografiko inportante bat ematen ari delako bereziki kostaldean, hiri handi eta ertainetan abertzaletasunaren errotzea ez da prozesu erretxa. Hori dela eta, leku ainitzetan herri-plataforma idekiak osatu dira herriko bozei begira, kasu batzuetan berdeekin eta ezkerreko frantses mugimenduekin aliantzak gauzatuz. Estrategia hori biziki egokia iduritzen zait. Baina Herri Elkargoak sortu duen panorama berrian, bere garapenak beste pausu bat emaitea suposatzen du. Alabaina, gauza geroz eta gehiago ez dira hiri ertain eta handietan erabakitzen (edo ez osoki) baizik eta Herri Elkargoaren mailan. Zentzu horretan, hauteskundeetarako gorpuztuak izan diren plataforma idekien esparruak Herri Elkargoan ere bere isla edukitzea logikoa litzateke.

Bi errealitate horiei helduz (barnakaldeko herri ttipiak – kostaldeko hiri ertain/handiak), Herri Elkargoari begirako podere-hartze estrategiak azpitik “blindatzeko” gisan antolakuntzan urrats batzuk emaiteko gai bagira, ondoko urteetan Iparraldearen errealitatea eraldatzeko aukera ederrak ditugu nere ustez.

Ea hauteskundeen emaitzek intuizio hori baieztatzen duten…

 

  • Berripapera



  • Enbata sostengatu

    Kioskoetan

    Enbata sostengatu ! 40€-tarik goiti hilabete guziz zuen gutun ontzian Enbata aldizkaria lortuko duzue.

    Harpide zaitezte / Sostenga gaitzazue

  • Gaika

  • Hitz-gakoak

  • Bideoak

    bideoak