Hendaiako hondartza, aniztasun gunea delako maite dut

PrintFriendly and PDF

HendaiakoHOndartza1Sokoburutik Dunbarrietaraino 3 km-ko luzera duelako, ibiltzeko hondar trinkoa eta uhin lerro luzeak igerian eta itsas kirolen egiteko bikainak dituelako. Bidasoa bazterrean delako, Hondarribia, Irun edota Lesakatik hurbil… Baina hondartza bazterrean dutxak eta urrunxago komuna ere badirelako ere!

Gogokoa dut, Hondarraitzen euskara entzuten baita, hondar gainean, urean eta bozgorailuetan  ere.  Iparraldeko euskalkiak entzuten dira baita hegoaldekoak  ere, frantsesaren ondoan edo gaztelerarekin. ”Hendaiera” ere bai.

Entzuten den gaztelania nafar azentuduna da batzuetan (Nafarrek duten hondartza hurbilenetarik baita!), hego Amerikakoa ere  beste zenbaitetan.  Alemana, arabiera edo errumaniera ere entzuten dira. Ez baitira turistak bakarrik Hendaiako hondartzan,  auzo-herrietako langileak pausan ere hor baitira.

HendaiakoHOndartzaHendaiako hondartzan jende gehienak bainu-jantzia darama, emazte batzuek titi poltsarik gabe, beste batzuek burua eta gorputza aski estalirik daramatzate; baina beren alabek ez, eta hondartzaz goza dezakete eta inguruan direnak ikus ditzakete. Eta Hondarraitzen,  biluzik dabilen jendea ere bada, hondartza zati batean bederen.

Hondartzan gustukoa dut ere familia bereko ama surfean ari dela ikustea, aita haurrekin jostetan ari den bitartean.

Beste tokietan bezala, hondartzako jende batzuen bainu-jantziak bainu-jantzia besterik ez dira, beste batzuenak aldiz ageri da kario pagatu dituzten jantziak direla. Beste batzuek aldiz, lo egin nahi dute, eguzkitan,  bakean. Baina marea goian delarik ezinezkoa da, udan jende guziak metatzen baitira eta auzo-oihalekoen solasaldiak nahi gabe ere entzuten baitira…  batzuetan irringarri izan daiteke!

Aniztasuna, elkarbizitza eta elkarren errespetua lantzeko  toki bikaina da Hendaiako hondartza.

Batzuetan itsasoa kexatu izan da, neguko enbata eta uhin bortitzez dena xehatu izan du… abisu bat ematez bezala:  natura, jendeen arteko harremana eta elkarren errespetua, hauskorrak eta zaindu beharrekoak direla oroitaraziz.

HendaiakoHOndartza2