Hartza, acte II

PrintFriendly and PDF
Panpi Sainte-Marie
Panpi Sainte-Marie
Landibarren laborari, ELB sindikatuko idazkari nagusia.
Beste artikulu batzu

HartzaEslobeniatik ekarri hartzak ardi batzu erahil ondoan, hartzaren aldekoen eta ardi hazleen arteko auzia minberatzen ari da.  Jadanik aski lan eta kezka duten laborariek ez dute hartzen sarraskien beldurraren beharrik.

Zoritxarrez guk pentsatu eta erran bezala gertatzen ari da. Joan den larrazkenean Biarnoan sartu zituzten hartzak neguko loalditik landa iratzartu zaizkigu ta kurritzen hasi, baita jaten hasi ere. Claverina deitzen den hartza geldi geldia Xiberua ta Nafarroan dabil. Larraineko lehen etxaldeetarik arrunt hurbil hil du bere lehen ardia alde huntan. Bainan mendi kasko lerrotik haraindiko aldean Erronkari, Zarraitzu, Izaba aldean, beste hamar bat ardi badu jadanik hilik. Ta oraino ardi, behi, zaldi saldoak ez dira goiti joanak. Egunotan dira iganen. Mendialdeko jendea biziki arengura da ta galdezka ari ea bada goiti joan behar den ala etxen egon ? Beste egun guzietako arrengura ta kezketaz gain, hau zinez nagusitzen da solasetan. Sloveniako hartzen hemen inposatzea ezin ulertua da. Ta orain ondorioak jasaiten hasi behar… Gainera hartzak eragin makurrak ez dira bakarrik kabale hiletan mugatzen bainan bai ondorio guzietan, hala nola ardien hilortze, fertilitate apaltze edo esne galtzeen ondorioak jasaiten ditu artzainak (lan gehigarri, estreza, galtze ekonomikoa, hutseginaren sentimendua). Denborarekin, lurraldeak hontako artzaingoa apalduko baita, bazterrak sasiak hartuko ditu.

Mendia idealizatzen da

Babes edo gerizatze neurriak ez dira eranginkorrak. Ariegeko esperientziak erakusten dauku artzaina beti ardiekin egonik ere, ardiak gauez korraletan hetsirik ere, patou zakurrak izanik ere, hartza moldatzen dela ta atakatzen duela. Urrunetik begiratzen bazaio, mendia, bortua, usu idealizatzen da. Aro ederra, izugarriko bista, artzaina ardiekin, zakurra ondoan, hori bada batzuetan, eta ibiltariak mendiaz gozatzera datozenak dira lekuko. Bainan bada ere beste aldea, beste errealitate bat. Bortuan frangotan lainoa bada, hezetasuna nagusi da, ez bost metro baino urrunago ikusten eta orduan hartzak, otsoak, predatzaileak, nahi duena egiten du. Euskal bortuan oraino ainitz ardi saldo badoa goiti eta eman dezagun bakotxak badauzkala bizpahiru patou berekilan, nola kudeatu ibiltarien harat hunatak ? Jadanik Biarnoko mendietan badira ixtripuak (jendeak hausikiak). Galdera nagusia da zer nahi dugun gure bortuentzat. Predatzaileen presentzia, artzaingoaren kaltetan ? Ala mendialde biziak, giza aktibitateeri esker, zointan artzaingoak haundizki eragiten duen gure bazterren moldatzean eta bioaniztasunaren zaintzean ?

Laborantzaren induztrializatzea nahi da?

Guri iduritzen zaigu hartzaren plana berriz ere mendialdearen abandonatzeko plan bat dela. Aise da bere buruari konzientzia ekologista ona emaitea, besteeri jasanaraziz norabide horien ondorioak. Ikusten dugu batzuk basabereen zaintzea lehenesten dutela lurralde oso bat kondutan hartu gabe ta hunen biztanleak oraino gutiago. Jadanik mendialdeko hazkuntza munduak ahulezia argiak badituelarik, hartzen presentziaren biderketak, beldur gira, oraino gehiago kolpatuko duela: artzaingoa desagertuko da, ardi hazkuntza menditik jautsiko da eta zolan, zelaian, arditeietan egonen. Aspaldian salatzen dugun laborantzaren industrializatzea azkartuko da. Hori nahi ahal du jendarteak? ELBk ondoko asteetan antolatuko ditu mintzaldi batzu, kostaldean ere, gure herritarrekin gai minbera huntaz mintzatzeko. Ez gira hartzaren etsaiak, artzaingoa ta baserri mundu bizi baten aldekoak baizik. Hartzak ta artzaingoak biek bizi behar dute bainan toki berean ezin da.