Gehienik edo gutienik ahal ?

PrintFriendly and PDF
Andde Sainte-Marie
Andde Sainte-Marie
Eskualdeko Kontseilaria, Landibarren laborari, abertzale ezkertiarra, Abertzaleen Batasuneko bozeramaile ohia.
Beste artikulu batzu
pili-zabala_17696_11

Lander Martinez, tête de liste Podemos Bizkaia et Pili Zabala tête de liste Gipuzkoa.

Euskal Autonomi Erkidegoko hauteskundeak hurbiltzen ari direla, aditu guziak hor daude Podemosek zein emaitza lortuko duen idurikatzen. Aburu ikerketa batzuk EAEn lehen indar ikusten dutelarik, komeni da Podemosek Espainian dituen arazoak aztertzea. 

Ikusten da aski argiki Podemosek identitate edo ezaugarri politiko kokapen eskas nabarmena daukala. Jada hastapeneko energia politiko baikor eta itxaropentsu hura galtzen hasiak dira.

Sobera fite haunditzen diren alderdi politikoen arazo nagusienetarik bat izan da, kasik beti, goiz ala berant protagonista nagusienetarik batzueri beren hegal propioez hegaldaka ibiltzeko asmoa jiten zaiela.

Logika berdinetik, alderdi horieri sobera fite gogoa heldu zaie ere, edozoin preziotan podere edo gobernantza postuetarat heltzea.

Hauxe gertatzen zaio Podemosi, bai Madrilen eta bai beste hainbat lurraldeetan. Galizian adibidez heldu diren hauteskunde autonomikoetan bertako Podemos En Marea koalizioan integratuko da eta erabaki horrek krisi larria sor lezake ondoko hilabeteetan Pablo Iglesiasen alderdian.

Podemos koalizio politiko bat da, ehun milako españolen itxaropena sustatzea lortu duena azken urteetan. 2007ko krisi ekonomiko larriagatik eta “establishment”eko bi alderdi politiko haundienetarik haratagoko espazio politiko berritu bat posible zela frogatzea lortu du Podemosek, bai Espainia osoan eta baita ere Katalunian eta Euskal Herrian.

Marea apaltzen

Agian sobera fite ere koskortu eta haunditu da indar politiko gisa, lider karismatiko baten ildotik, ezkerreko baita populista izan den diskurtso batean oinarriturik. Ezin uka Pablo Iglesias maisu agertu dela Espainiak bizi izan duen eta bizi duen desesperazio klima konektatzeko orduan bere proposamen erradikal eta ultra ezkerrekoekin.

Ildo hortarik etorri ziren 2015 herrietako hauteskundeak eta Podemosek jakin izan zuen abilki koalizatzen beste ezkerreko hainbat alderdi edo plataformekin, bai Madrilen eta Bartzelonan adibidez alkatetzak lortuz, baita Katalunia eta Hego Euskal Herri osoan eta beste herrialde autonomiko batzutan oso emaitza onak lortuz.

Marea gora horrek iraun zuen ere 2015ko Espainiako hauteskunde orokorrak arte, marea apaltzen hasteraino joanden ekaineko hauteskunde orokorretan.

Geroztik koalizio desberdin horiek ari dira kexatzen eta epeltzen emeki emeki hainbat arrazoinengatik.

Nagusienetakoa agian, Iglesiasek hitza jan zuela koalizio horiek talde parlamentario propio edo autonomoak ukaitean Madrileko Kongresuan. Hortik haratago, herriko hauteskundeak iragan orduko, Podemoseko aurpegi ezagunak diren Manuela Carmena eta Ada Colau Madrileko eta Bartzelonako alkatesa berriak desmarkatu ziren argiki Podemoseko aparato ofizialetik, ikusi zutelako aparato horren eskusartze zuzena bi herri nagusien eguneroko kudeaketan, tokiko militantzia eta hautetsien gainetik.

Bigarren nolabaiteko frakasoa izan da ere joanden ekaineko hauteskundeetan Pablo Iglesiasek errabiatuki koalizioa egitea Izquierda Unidadekin, kasik milioi bat boto galduz. Ikusten da beraz aski argiki Podemosek identitate edo ezaugarri politiko kokapen eskas nabarmena daukala. Jada hastapeneko energia politiko baikor eta itxaropentsu hura galtzen hasiak dira, indignatuen liderrek bultzatu eta asumitu zutena beren garaian.

Koherentzia eta heldutasun eskasa

Gauregun Podemoseko barne estruktura zentrala geroz eta autoritarioa da bere lurraldeetako militantzia baita aliatuekin, bereziki azken hauek ausartzen direlarik Iglesias eta Madrilen unilateralki hartutako hainbat erabaki kritikatzera.

Helduden hauteskundetarako Galizian, Podemos sigla desagertaraztea En Marea koalizioan aurkezteko, beste hainbat herrialdetan gisa bereko erabakiak hartzeari atea idekitzea izan daiteke.

Gisa hortako gertakariek agerian uzten dute nahi ala ez alderdi ubelaren norabide, koherentzia eta heldutasun eskasa.

Dilema edo buru hauste baten aintzinean da jadanik Podemos: edo desio du Espainia estado mailako indar politiko gisa kontsolidatu eta azkartu logika estatal edo nazional gisa. Bide hori hartuz, argitu beharko du bere joera ideologikoa maila politiko, ekonomiko baita lurraldetasunezkoan.

Ezingo du luzaz bere burua definitu komunista eta sozialdemokrata gisa betan, ezta aldi berean Kataluniaren eta Euskal Herriaren erabakitze eskubideak aldarrikatu, alderdi espainiar zentralizatu bezala jokatuz.

Anartean, Espainian sei hilabete barne bigarren hauteskunde orokorrak iraganik gehiengo argirik ateratu gabe, Rajoy ari da desesperatuki aliatu bila, mementukotz Ciudadanoseko liberalak soilik hurbilaraziz bere hegalperat.

Pentsatuz berriz ere PPkoak ez duela lortuko Kongresuan gehiengorik, Podemos ari da pentsatzen agian ahalko duela zertxobait bide egin begiko zikina baino ezin ikusia duen PSOEko sozialdemokratekin.

Funtsean hiru eszenario soilik dira gelditzen: Rajoyek lortzen du gobernatzea erabat eskuinetik Ciudadanosekin eta kongresuan hortarako lortuz CIU eta EAJren abstentzioa guttienez, edo PSOE eta Podemosek ezkerretik gobernu programa bat adostea lortzen dute, Kongresuan beste alderdi autonomikoen aldeko bozka lortuz…edo eta eskema horiek pikutarat doaz eta hirugarren aldikotz segidan hauteskundetarat !

Espainia grande y unica.