Euskal Herria Bai? Borroka politikoa ez?

PrintFriendly and PDF

SamatsaKlixkaDuela urteak, gogoan ditut militante politiko batzu, heien eginkizuna izigarri serioski hartzen zutenak, eta politika hutsa ez ziren beste borroka ardatzak nunbait ez zituztenak serios bezala hartzen kasik. Deitzen zituzten ere borroka sektorialak, diferentzia argiki egiteko, edo azpimarratzeko bazela borroka nagusi bat (politikoa) eta besteak, inportantzi guttiago zutenak.

Borroka armatuaren uztearen ondotik eta testuinguru berri huntan izpirituetan dudak edo desilusioak piztu direnetik, iduri luke kasik borroka politikoa bilakatzen dela sektoriala.

Badakigu politika «tradizinionala» ez dela orokorki gaur egun plebiszitatua, alderdiak krisian direla edo militante eskasa ezagutzen dutela.

Horrez gain, seinale batzuek erakusten digute Euskal Herrian independentzia edo aldarrikapen politikoak krisi ttipi bat ezagutzen dutela ere.

Beraz zer, Euskal Herriak ez du gehiago ametsik pizten?

Ezezkorrak izaiteko arrazoinak edo elementuak zerrendatzen ahal dira eta egia da euskaldun nortasunaren alde batek aisetasunak badituela egoera edo etorkizuna ilun ikusteko, gure baitan dago nunbait pentsatzeko molde hau.

Bainan aldi berean aski da ikustea edo senditzea gure herrian pizten edo gauzatzen diren ekimenak edo sendimenduak hainbat tokietan edo mailetan, baikorrak izaiteko hamaika zentzuak baditu oraino.

Ingurunearen mailan iragan eta iragaiten diren borrokak Euskal Herri osoan hor dira erakusteko gure herria lurralde egokia dela Ama Lurraren den gure zatia begiratzeko.

Euskoa bezalako ekimen xume batek frogatzen du ere garaipen edo esperientzi handiak lortzen ditugula herri honetan. Euskara mailan garatzen diren esperantza seinaleek (buruan atxikiz ez dela segur irabazia ere !) baieztatzen dute herri hunen bizkar hezurra edo bihotza gelditzen dela gure nortasunaren baitezpadako lotura.

Zazpi probintzietako ikastolen arteko elkartasuna, Euskaraldia bezalako iniziatiba, gure nortasuna aldarrikatzen edo asumitzen dituzten hainbat bideratzeak, hori denak emeki emeki frogatzen edo bederen eraikitzen du funtsezko egoera bat: lurralde huntan, borroka politikoak hatsantura bat edo duda batzu ezagutzen baditu ere, elementu ainitzek erakusten dute hemen «herria» egiten dela eta oraindik gure esku dagoela baietz erraiteko Euskal Herriari.