Ehka Kola, bidezko alternatiba iraunkorra !

PrintFriendly and PDF
2-Carole PLATERO eta Thierry MICHEL

Alterka Kooperatiba-ko Carole Platero eta Thierry Michel

Carole PLATERO, Alterka kooperatiba-ko kidearekin Ehka Kola, Iparraldeko kola alternatiboari buruz solasean.

Zer da Alterka?

Alterka langileen ekoizpen kooperatiba edo Scop bat da, Iparraldean 2003an sortu dena. Edozoin Scop bezala, ibilmolde demokratiko bat badu eta bere etekinen banaketak lanpostuen eta enpresaren proiektuaren iraunkortzea dute xedea. Alterka-ren ekoizkina, Ehka Kola da (Euskal Herriko Kola Alternatiboa), bidezko merkataritzatik etortzen dena.

Zergatik sortua izan da Ehka Kola?

Ehka Kola sortu da kontsumitzaileei alternatiba baten eskaintzeko, hots kapitalismo suntsitzailearen sinboloa den Coca-Cola multinazionalari alternatiba baten emaiteko. Guretzat, alternatibak Euskal Herrian sistema kooperatibista eta bere bidezko eta justizia sozialeko balore demokratikoak sustatzen dituzten egitura ekonomikoen sortze eta garapenetik pasatzen dira. Azkenik, lan baldintza hobeagoak segurtatzen dituen komertzio zuzenago batean sinisten dugu.

Hastapenean, Iparraldeko Kola alternatiboa, erresistentzia iraunkorraren ikur bat bezala pentsatu da, ezta?

1-EHKola Olentzeroren Edaria

Olentzero Vs Bizar Xuri

2002 urtean, Ehka Kola-ren sortzean zen taldea Irak-eko Gerlaren aurkako mugimenduan asko mobilizatzen zen. Haientzat, gerla hori dominazio ekonomiko baten logikaren ondorioa zen. Eta logika hori Estatu-Batuar inperialismoak bultzatzen zuen. Manifestazio horiek, bakarrik sistema horren ondorio zehatz bati aurre egiten zuten: gerlari. Altabada, Ehka Kola-ren sortzaileentzat, argi zen, gerla sortzen zuen sistema hori, kontsumitzaile bezala, haiek zutela elikatzen. Alabainan, garaian, Coca-Cola-k Bush-en kanpaina finantzatu zuen. Praktikan, mobilizazio puntual bat, manifestazio batzuren bidez, ez zitzaien iruditzen erantzun egokia edo aski eragingkorra herritar guziek, beren egunerokotasunean elikatzen zuten sistema baten kontra joaiteko. Kontsumitzaile gisa, sistema horren parte zirenez, beren buruari ondorengo galderak egin zituzten: «Nola eguneroko bizian ahal bezain gutti sustatu horrelako sistema bat?».

Zure aldetik, nola sartu zira Alterkan, eta zer egiten duzu kooperatiban ?

2 kide gira kooperatiban, arlo guzietan lanean ari girenak ! Thierry Michel eta ni. Jada ezagutzen genituen Scop-a sortu zutenak eta beren ibilbidea hurbiletik jarraitzen eta ulertzen ginuen. Horrek digu gogoa eman haien proiektuari jarraipen baten emaiterat.

Zer mezu dakar Alterka-k?

Alterka-rekin «Beste mundu bat posible da!» mezua luzatzen dugu horrelako mezuaren entzutera ohitura gutti duen publiko bati. Ehka-ren ezagutaraztea saiatzen gira horretarako erabiliz sare ezberdinak non jende ezberdina gurutzatzen ahal den: supermerkatuetako jastatzeak, facebook sarea, esku orriak tabernetan, prentsaurrekoak eta hainbat artikulu edo elkarrizketa hedabideetan.

Zertako eta nola sartu zirezte Eusko proiektuan?

Eusko-ak elkartasunaren gaineko apostua egiten du. Eta guk ere. Euskoak nahi du ekonomia tokiratu edo ber-tokiratu. Hori da ere Ehka Kola-rekin egiterat saiatzen girena. Guretza naturala izan da beraz, Eusko-aren sarean sartzeko xedea. Horren bidez, gu ezagutzen gaituztenek, Eusko-aren bidez ezagutzen ahalko dituzte tokiko ekonomiaren beste aktore batzu. Horrela gure ibilmoldea eta baloreak preziatzen dituzten pertsonen sareak aterabide gero eta gehiago ezagutuko ditu. Euskoa, ekoizpena eta komertzioa tokiratzeko lagungarri izanen da. Denek dugu horrekin irabazteko !

Ehka Kola-ren bertokiratzean beste pausu batzu egin dituzue duela gutti?

3-EHKolarenBerinezkoBotoila

Berinezko botoila, EHn ekoiztua

Bai, 2013ko maiatzetik geroz gure kontsumitzaileek tabernetan topatzen ahal dituzte 0,33l-ko berinezko botoilak « Euskal Herrian Ekoiztuak ». Supermerkatuentzat, ekoizpen berri honek bere sartzea egin aurretik beharko ditugu aurreko stock-ak bukatu ! Azkenik, Ehka Kola gaur egun Oliten (Nafarroan) ekoiztua da.

Ehka Kola-ren ezagutza teorikotik ezagutza praktikora pasatzeko, zer egin behar dugu?

Praktikan, Ehka Kola Euskal Herri osoak galdegiten ahal digu, eta guretzat plazer bat litzateke Hegoaldearekin lan egiterat. Gurekin harremanetan sartzeko kontaktuak gure Facebook-ean dira, banatzea antolatzen dugu eta gure afitxa eta irriekin bagatoz!

Zein dira Alterka-ren geroari buruzko proiektuak ?

Ari gira pentsatzen nola gure produktuen aniztasuna haunditu, formatu ezberdinei pentsatuz Ehka-rentzat, kalitatezko soda berri batzuri pentsatuz, beti ere bidezko merkataritzaren bidez.

Baliteke ere laster berinezko botoilentzat kontsigna sistema baten martxan ezartzeko parada ukaitea.

Azkenik, gure xederik haundiena litzateke egun batez plataforma etiko, alternatibo eta solidario baten sortzea. Horrek proposatuko lituzke tokiko, etxeko edo/eta bidezko edariak, zergatik ez biologikoak ere, beti eskainiz banatzaile klasiko baten zerbitzuak edo errextasunak. Baina berdin amets hori ezin dugu bakarrik gauzatu, baizik eta ber baloreetaz interesatuak diren beste hainbat aktoreekin.

Harremanak : Ehka Kola-ren Facebook orriarekin edo [email protected] / 05 59 93 34 68

  • Berripapera



  • Enbata sostengatu

    Kioskoetan

    Enbata sostengatu ! 40€-tarik goiti hilabete guziz zuen gutun ontzian Enbata aldizkaria lortuko duzue.

    Harpide zaitezte / Sostenga gaitzazue

  • Gaika

  • Hitz-gakoak

  • Bideoak

    bideoak