Brexit binperrez

PrintFriendly and PDF
Andde Sainte-Marie
Andde Sainte-Marie
Eskualdeko Kontseilaria, Landibarren laborari, abertzale ezkertiarra, Abertzaleen Batasuneko bozeramaile ohia.
Beste artikulu batzu

Nicola-Sturgeon-2Brexitaren bozketaren ondotik Eskozia eta Erresuma Batuaren arteko harremana aztertzekoa da. Zein izanen da datozen urteetarako bide-orria Eskoziarentzat: Londresekilako kidetasun negoziatu berri bat ala burujabetzarako bigarren erreferendum bat?

Brexit deitutakoaren alde bozkatu geroztik, nabarmen agertzen da egoera arras nahasian gertatzen dela Erresuma Batua. Astetik asterat nahasmendu politikoa haundituz doa eta aditu batzuk diote egoera horrek irauntekotan ekar lezakeela erresumaren puskatze bat ere. Funtsezko arazoa delarik Erresuma “batu” horrek Europarekin duen lotura politikoa.

Hurbilagotik so eginez duela ez hain aspaldi Eskozian gertatu zen erreferendumari, argiki ikusten da ezezkoak gaina hartzeko argudioetan lehen planoan agertu zela Eskozia independente baten hautuak “de facto” Europatik kanporatzea ekarriko zuela. Eskoziako erreferenduma kanpaina hartan zehar hainbat barneko eta kanpoko eragilek (español gobernua barne) presionatu zuten ahalge izpirik gabe, ahoa beteka azpimarratuz Eskoziaren independentziak automatikoki Europatik bazter gertatzea ekarriko zuela eta ondorioz Eskozia burujabeak nahi ala ez berriz espazio europarrean integratzeko galdea egin beharko zuela, onarpen garantia izpirik gabe alabainan, lanjer gorrian emanez bere ekonomia eta herritarren ongizaite maila.

Dudamuda asko

Brexitaren erreferendumak Eskoziakoaren galdera dudamudak itzulipurdikatu edo binperrez ezarri ditu. Alabainan Eskozia printzipioz Europar Batasunetik kanpo izanen da, Erresuma batua bertatik ateratzen bada. Bakarrik independentziaren bidea hartuz luke segurtatuko Eskoziak Europar erresuma bilakatzea. Konstatazio hori eginik eta kontestu globala aztertuta aise ulertu daitezke azken aste hauetako Eskoziako lehen ministroak abiatu urrats politikoak. Erresuma Batuko lehen ministro Theresa Mayen diskurtso populistak talka egiten du Eskoziako nahikunde gero eta argiagoarekin. Alabainan Eskozian gehiengo haundiz eta aspalditik gainera, herritarrak Europan egoitearen aldekoak dira. Erresuma Batuko hainbat buruzagiren Brexit gogor eta epe laburreko baten aldeko deialdiek ondorio ez ustekoa ekarri dute Eskozia aldean. Sturgeon eskoziar lehen ministroa adierazten hasia da lege proiektu berri baten lantzen hasi gogo duela independentziarako bigarren erreferendum bati bidea idekitzeko, doi doi lehenaren bi urteren buruko. Momentu berdinean Londreseri presione etengabea ezartzen hasia da eskoziar parlamentua, ahalmen eta konpetentzia berriak lortzeko imigrazio politika mailan, akordio ekonomiko “independenteak” izenpetzeko baita europar merkatu bakarrean gelditzeko, Erresuma Batuak azken huntatik kanpo gertaturik ere. Eskoziak ez du nahi bortxaz eta bere gogoaren kontra Europatik kanpo gertatu, bereziki gisa hortako erabakia Eskoziako mugetatik kanpo hartua izan delarik. Erresuma Batua Europar Batasunetik kanpo gelditzea 2019ko urte erditsua aintzin ikusia delarik, Eskoziako parlamentuak bi burdin ziri baditu labean berotzen ari: Londresekin negoziaketa politikoa parlamentutik parlamentura edota independentziarako erreferenduma.

Eskoziak ez du nahi bortxaz
eta bere gogoaren kontra
Europatik kanpo gertatu,
bereziki gisa hortako erabakia
Eskoziako mugetatik kanpo
hartua izan delarik.

Bidea zabalik

Londresek begiko zikina baino ezin du jasan Eskoziaren europarzaletasuna. Gainera lurralde arazo horri beste bat gehitzen zaio Ipar Irlandarekin. Alabainan 1998an izenpetu “Ostiral Sainduko Akordioak” funtsezko erreferentzia gisa azpimarratzen zuen Europar Batasuneko kidego amankomun eta desegin ezina. Ipar Irlandatik ere abots batzu entzuten hasiak dira erranez Ostiral Sainduko Akordioaren apurtze bat litaikela Brexita bururaino eramaitea. Eskozia burujabe baten kasuan bezala, Ipar Irlandak hautatzen ahal luke Irlandako errepublikarekin batzea, ondorioz zuzenki Europar Batasunean integratuz.

Gauza berdintsua gertatu zen 1990an Alemania bakarraren sorreran, formalki Europar Batasunari galdegin gabe integratze hori estado kide berri gisa onartu zelako. Eskoziarat itzuliz, bertako lehen ministroak ez du nahi Brexitaren gauzatzeak Eskozia EBtik kanpo ezartzea. Badaki ere hori ez gertatzeko, goiz edo berant, Eskozia estatu gisa ezagutua izan beharko dela Nazio Batuen Asanbladaren eta nazioartearen gandik, zointan bost “haundiek” (Estatu Batuak, Erresuma Batua, Frantzia, Rusia eta Txina) beto eskubidea duten.

Gauregun arte behintzat, ez da sekulan gertatu gisa hortako “esperimentaziorik” Europar batasunaren barnean. Alta, Eskoziaren kasuan edo Erresuma batuko beste edozoin herrialderen kasuan, ahalmena lukete europar segitzeko Brexita gauzaturik ere. Hau guzia da jokoan azken denbora hauetan. Britainiar konstituzioa arras malgua denez, gutarik hurbileko beste batzuk ez bezala, aukera berrieri bidea zabalik uzten dio. Eskoziak ez du nahi bortxaz eta bere gogoaren kontra Europatik kanpo gertatu, bereziki gisa hortako erabakia Eskoziako mugetatik kanpo hartua izan delarik.

  • Berripapera



  • Enbata sostengatu

    Kioskoetan

    Enbata sostengatu ! 40€-tarik goiti hilabete guziz zuen gutun ontzian Enbata aldizkaria lortuko duzue.

    Harpide zaitezte / Sostenga gaitzazue

  • Gaika

  • Hitz-gakoak

  • Bideoak

    bideoak