Bordale-Hendaia-artean, ez da AHT bide berririk izanen! Borrokak fruituak dakarzki, engaiamenduak ere.

PrintFriendly and PDF

Bizi!ren ekainaren 28ko Prentsa Agiria : AHT : garaipen baten irakaspenak

Jean-Marc Ayrault Lehen Ministroak 21 Komisioaren ondorioekin bat egin du. AHT bide berrien proiektua 2030 urtetik at atzeratua da. Horrek argi uzten du klimaren nahasketak eta energia fosilen erabilpenaren gailurraren heltzeak (beste ainitz lehen gaien gailurrarekin bat eginen duenak) direla medio, AHTaren proiektua igorria dela gaur egungoarekin deus ikustekoa ukanen duen mundu batera, non abiadura haundiaren gaia ez den aipatua izanen ere.

Irakaspenik argiena da borrokak fruituak dakarzkila, eta engaiamenduak berdin. Aurrekondu murrizketek, inposatua zen behar gabeko proiektu haundi hau, galeraztea lortu dute, noski. Bainan, behar izan da iraun, atzeratu, konbentzitu eta mobilizatu hortarat heltzeko. Hots Larzac-eko laborariek irauten jakin zuten bezala, testu inguru politikoaren aldaketa batek beren lurretarik kanporatu behar zituen militarren eremuaren haunditzearen ezeztatzea ahalbidetu zuen unea arte.

Doi doia 300 000 biztanle dituen Iparralde ttipi honetan, azken 15 urteetan, engaiamenduak eta borrokak, barnekaldea 2×2 bidearen bidez sarraskituko zuen proiektua, Baiona Ttipia itxuraz aldatuko zuen “multiplexe”a, EHLG debekatu nahi zuen Estatu indartsu bat eta orain AHT bide berri baten hondamendia gelditzea edo ezeztatzea lortu dute.

AHT1

Aldi oro, ber estrategia garaile agertu da: bortxa-eza, determinazioa, aliantza zabalak, borroka mugimenduaren aniztasuna eta haren aniztasunaren errespetua, tokiko errotzea bai eta ere beste lurraldeekiko idekidura eta elkartasuna, militanteen formakuntza eta berezitzea aurkakoen gezurren frogatzeko eta proposamen alternatiboen plazaratzeko, manifestaldi jendetsuen eta topaketa militanteen arteko oreka, beharrez desobedientzia zibilaren erabilpena.

Geroak ukanen duen itxura, gaurdanik gutarik bakotxak hartzen dituen engaiamendu militanteen araberakoa izanen da. Borrokatzen girelarik, ez gira segur garaipenaren lortzerat, baina borrokatzen ez bagira, jadanik galdua dugu!

Garaia da bai, gaurko garaipenak hainbeste zor dion militante nekaezina den Victor Pachon-ek, 2010eko abenduaren 10an, AHTaren aurkako manifestaldiaren bukaeran irakurri zuen sekulako hitzaldiaren berriz entzuterat: www.bizimugi.eu/fr/une-video-sur-la-journee-anti-lgv-du-11-decembre-a-bayonne (ikus Pixso-ren bideoa)

Gaur egungo garaipenak, gure bateriak berriz kargatu behar ditu. Ez gaitu besoak gurutzaturik egoitera bultzatu behar. Klimaren, ekologiaren eta sozial mailaren ikuspundutik, gaurko eta ondotik etorriko diren belaunaldiei egoera latzenak saihestu nahi baldin badizkiegu, ainitz borroka eramanak izan behar dira. Lehenik eraman beharko dena, urte honen bukaeran berean izanen da. Azken finean egina izanen ez den AHT berriaren ibilbidearen gaineko lurren erreserbatzeko plantan emanen den Inkesta Publikoaren galaraztea lortu behar da. Eta ber maneran, elkartasunak nehoiz bezain premiazkoak izanen dira, AHT bide berrien aurkako guziekin, Bordale eta Okzitaniako Tolosaren arteko proiektuaren kasuan, edo molde orokorrean, inposatuak diren behar gabeko proiektu haundiak borrokatzen dituzten guziekin. Hortarako Bizi!k parte hartuko du molde aktiboan Notre Dame des Landes-en, agorrilaren 3 eta 4an eginen den topaketa haundian.

 

AHT