Armiamarena

PrintFriendly and PDF
Andde Sainte-Marie
Andde Sainte-Marie
Eskualdeko Kontseilaria, Landibarren laborari, abertzale ezkertiarra, Abertzaleen Batasuneko bozeramaile ohia.
Beste artikulu batzu

ArmiarmaOrain dela bost urte ta erdi, Euskal Herriko gehiengo sozial haundi baten asmo eta nahia behingoz betez, ETAk armak betikotz utziko zituela, ondorioz armak ez zituela gehiago erabiliko erran zigun.Gauzak horrela, aukera paregabea izan zuten armak zehazki nun zeuden erran entregatzeko molde xinplean eta ukaldi berean ere erakundea betikotz desegiteko. Ez zuten horrela egin.

Orduan beren asmoa izan zen “Espainiako eta Frantziako gobernuei dei egitea” eta “gatazkaren iturriei konponbidea emaitea, elkarrizketa zuzen bat zabalduz , konfrontazio armatua gainditzeko”.

Kalkulu estrategiko okerra izan zen. Alabainan konfrontazio armaturik gehiago ez zegoenez Espainiak (eta Frantziak) ez zuen deus negoziatzerik edota irabazterik panorama politiko hartan. Gainera orduan baita gaur egun Espainiak irabazle bakarraren itxura emaitea du helburu bakarra. Denbora pasatu ahala armategia arazo bihurtu zitzaion ETAri, absurdoa zelako erabiliko ez diren armak gorderik atxikitzea, ikusita gainera ukaldi bakarrez entregatu ordez, hainbat polizia operazioek banazka armategi horren hainbat zati “eskuratu” zituztela, usu funtsean Espainiari gehien komeni zitzaion momentuan. Aldi oro Español barne minixtroa agertzen zela goraipatuz “edo armagabetzen da, edo armagabetuko dugu”.

Hostokada tristea

Gisa hortan ari izan zaio armiamaren logika etengabe hertsitzen egunetik egunerat ETAri. Gisa hortan begi bixtako bilakatu da egunetik egunerat, armak baldintza gabe eta gainera estatuen baldintzak betez “entregatzea”. Logika beretik eta apirilaren 8tik landa, armak entregatzeaz gain, desegin ere egin beharko da ETA. Horixe da funtsean jada Espainiak eskatzen diona.

Hori ere egin beharko du, baldintza izpirik gabe, beti bezala. Aukera bazuen disolbitze edo desegite hori apirilaren 8an aldarrikatzeko, tiro batez bi xori egiteko.

Bainan berriz ere, ez du horrela egin. Iduritzen zait armategiarentzat gertatu bezala, desegitearena bilakatuko zaigula ostokada tristearen beste kapitulua. Egiazko eta saihestezinezko arazo bilakatuko zaiola. Tamalez azken bi baldintza hauek beteta ere, segituko dute azpimarratzen ezker abertzaleko hainbat sektoreek “garai berri hauetan ezinezkoa dela bortizkeria politikoa erabiltzea”.

Iduritzen zait hutsegite estrategikoa dela gainera. Alabainan denbora pasatu ahala garai berriak zahar bilakatuko dira eta berriz ere garai zahar txarretarat itzultzeko arriskua gerta daitekelako.

Begiratu bestela gaur egun Irlandan gertatzen ari denari. Han negoziazioa eta akordioa izan ziren, armak desegin egin ziren eta preso politikoak libre atera ziren. Adostasun politiko konpartitua bozka bidez ere onartu zen. Irlandarren esku gelditu zen Irlanda batzea edo zati bat Britainia Haundiaren esku gelditzea. Urteak pasa ahala, biolentza politikoa ez da desagertu, ezta apentziarik ere. Beharbada nehork ez duelako jakin izan erraiten ozenki, biolentziak ez duela balio edozoin garraietan, izan berri edo zahar.

Bortizkeriak lehenik eta behin estatuen jokoa egiten duelako, sufrimendua, errepresioa, bidegabekeriak, presoak eta betiko zulo beltzak eraginez molde errepikatuan.

Iraganeko estrategia okerretaz autokritika sakona egin behar du ETAk. Deus ukatu gabe bainan azpimarratuz bortizkeriaren bideak ez duela balio, ez garai zaharretan, ez berrietan.

Zaharrak ahal direlako berritu edota berriak emeki emeki zahartzen direlako.

Denbora pasatu ahala
armategia arazo bihurtu zitzaion ETAri,
absurdoa zelako erabiliko ez diren armak
gorderik atxikitzea,
ikusita gainera ukaldi bakarrez
entregatu ordez,
hainbat polizia operazioek
banazka armategi horren hainbat zati
“eskuratu” zituztela.

Ironia eta mina

Manifestaldiek eta elgarretaratzeek balio dute ere aspaldiko lagunak edo ezagunak kurutzatzeko eta agurtzeko.

Neri ere hori gertatu zait apirilaren 8an Baionan. Azken 20 urte hauetan ikusia ez nuen bizkaitar batekin topo egin dut San Andreseko milaka jendeen artean.

ETAkoa izana, Iparraldean bizi izana eta hainbat urtez Espainiako kartzeletan ere. Berriz elgarrekin egoiteaz gain, betiko bere ironia batekin azpimarratu zidan “Ikusten Andde, duela 30 urte erraiten ginian Hegoaldea askatu eta Iparraldearen libratzerat jinen ginela, zain egoiteko, hala gertatuko zela. Hegoaldea ez diau askatu eta gainera armak itzuli behar ditiau hemen Iparraldean, antzerki haundi bat muntatuz”. Hitz ironikoak bezain krudelak iduritu zitzaizkidan. Pentsatu nuen behintzat ironiaren bidez, berak behintzat bere eta gure iraganaren ikuspegi kritikoa asumitzen zuela.

Antzerkitua izan edo ez, egun ederra izan zen Baionakoa. Aspalditik itzuli, betikotz itzuli beharra zen orriaren itzultzeko balio izan zuena.

Ez nuen aukerarik izan adibidez Txetx eta Berroko esker onez besarkatzeko, bainan bai bizkaitar laguna, duela 30 urte bezala Pannecau karrikako ostatu batean bi kaña edanez gainera. Bidaia bali.

  • Berripapera



  • Enbata sostengatu

    Kioskoetan

    Enbata sostengatu ! 40€-tarik goiti hilabete guziz zuen gutun ontzian Enbata aldizkaria lortuko duzue.

    Harpide zaitezte / Sostenga gaitzazue

  • Gaika

  • Hitz-gakoak

  • Bideoak

    bideoak