Abian

PrintFriendly and PDF
Andde Sainte-Marie
Andde Sainte-Marie
Eskualdeko Kontseilaria, Landibarren laborari, abertzale ezkertiarra, Abertzaleen Batasuneko bozeramaile ohia.
Beste artikulu batzu

AbianBerrikitan Sortu, ezker abertzaleko alderdi nagusiak, bere barne gogoeta lana bukatu du. Hilabateetako ausnarketa eta eztabaiden ondotik, Abian deitzen den txostena onartu dute kideek, hemendik aintzina ardatz estrategikoak definitzen dituen  dokumentua. Hara hemen lan horri buruzko irakurketa bat.  

Duela guti, lagun batek helarazirik, tarte bat hartu dut Sortu alderdi politikoaren Abian txostenaren irakurtzeko.

Ahoan bilorik gabe hainbat alditan autokritika sakona egiteraino doa dokumentua. Argiki dio azkeneko urteetan ezker abertzaleko oinarri sozialaren gehiengo haundiarentzat ETAren borroka armatua osoki lekuz kanpo zegoela. Ondorioz Abian-ek uste du Zutik EHk 2010ean zion bezala funtsean, berplanteatze estrategiko bat beharrezkoa dela “konfliktoa gainditzeko”, egiazko expresio popularra edo herrikoia beraktibatuz, gisa hortan galdutako sustengu soziala berreskuartuz.

Abianek dio unilateralki konfrontazioa sortu behar dela, indarrak bildu eta gisa hortan konfliktoa gogortu. Hainbat aldiz bere idazkian “prozesu herrikoia” hitza erabiltzen du…

Interesgarria iduritu zait ezker abertzalearen dokumentuaren pasarte hori. Iduritzen zait “herrikoia” hitza erabiltzean Abianek aipamena egiten diola soilik bere tesien alde den sektore sozialari, “herri” gisa identifikatzen duena, herria bere osotasunean  ordezkatzen balu bezala… Maila basiko batean “estrategiaren onarpena” zabaldu behar litaike sektore militante zabalago bati, nolabait hiru plano ezberdineri zuzendua: ezker abertzaleko erakunde propioak (Sortu, LAB eta Ernai), aliantza taktikoak (EH Bildu) eta azkenik “herri mugimenduak” deitutakoak.

Ekinbide iraultzailearen ildotik

Dokumentuak aipatzen du ere Zutik debate prozesu denboran lehenetsi zirela soilik edo gehiegi “lehentasun taktikoak”, errealitate sozial baten ikertze sakona egin gabe, ondorioz hainbat mugimendu sozial eta herrikoietatik urrunduz. Oraikoan diote  “mugimendu iraultzaileak” lortu behar duela kapazitatea “herria” antolatzeko ekinbide iraultzailearen ildotik “sistema”politiko tradizionalari aurre egiteko… Funtzio hori Abianek dionez, estrategikoa da: podere herrikoia indartu behar da.

Bainan zer da xuxen “podere herrikoia” ari izan naiz galdezka inoxent moldean ? Hauxe litaike erantzun bat dokumentuaren arabera: mugimendu herrikoiek antagonismoa sortu behar dute baitezpada, ondotik intentsifikatuz konfrontazioa eta biderkatuz anti-sistema posturak, gisa hortan hegemonia nukleoak indartuz jendarte zibilean. Hau guzia ezin da eraikitzen hasi gauregungo EAEko marko juridiko politikotik, soilik prozesu arrunt soberano batetik baizik.

Autogobernu hertsi baten aldeko jeltzaleek ikasi beharko dute herrigintza eta estatugintza bat datozela hemendik aintzina.

Bolibian bezalatsu : zibikoa, herrikoa eta herrikoia hurtzen dira Estatuan, eraikitzear den estatu berrian.

Jendarte ainitzak diren heinean,
ezin da pentsatu proiektu politiko bakar batek
hegemonia osoaren pretentzioa izaiten ahal duela
edo, oraino guttiago,
proiektu politiko bakar batek
hegemonia sozial bat lortu dezakela
molde unilateralean.

Hegemoniaren berreskuratzea

Dokumentuan urrunago aipatzen da “hegemoniaren berreskuratzea”. Bainan nola debru berreskuratzen da hegemonia hori, ari izan naiz galdezka ene buruari. Erantzuna hauxe da: herri mugimenduak (ber)indartu behar dira instituzio publikoak presionatzeko eta jendarte zibila (ber)konkistatzeko, gisa hortan ezker abertzaleak uste du bere posizio ideologikoak naturalagoki sustraituko direla eta puntaren puntan bere ideien eta baloreen hegemoniak naturaltasun osoz ekarriko duela hegemonia politiko/ kultural/ideologikoaren suspertze bat.

Ondorioz, alabainan, suspertze hegemoniko horrek ekar lezake podere espazio berri batzu eskuratzea. Hau guzia, ta gehiago irakurrita, ari izan naiz pentsaketa hea hurbileko historia, gure herriaren historio berdina bizi izan dutan, izan dugun. Alabainan, nere uste apalean, historiak erakusten dauku jendarteak orokorrean eta ondorioz euskal jendartea barne, jendarte ainitzak direla. Jendarte ainitzak diren heinean, ezin da pentsatu proiektu politiko bakar batek hegemonia osoaren pretentzioa izaiten ahal duela edo, oraino guttiago, proiektu politiko bakar batek hegemonia sozial bat lortu dezakela molde unilateralean.

Badu zer egin eta zer sakondu Sortuk. Badu zer egin eta zer berkokatu politikoki Arnaldo Otegik hemendik eta udazkeneko hauteskunde autonomikoak arte. Hegemonia lortu aintzin, etxeko lanak egin beharrak ditu lehenik, erabat baztertuz agian Abian txostenean irakurri dituztan panfleto surealistak.

Suerte on eta gerokoak geroko !

  • Berripapera



  • Enbata sostengatu

    Kioskoetan

    Enbata sostengatu ! 40€-tarik goiti hilabete guziz zuen gutun ontzian Enbata aldizkaria lortuko duzue.

    Harpide zaitezte / Sostenga gaitzazue

  • Gaika

  • Hitz-gakoak

  • Bideoak

    bideoak