2017ko Aberri Eguna

PrintFriendly and PDF
Jakes Bortayrou
Jakes Bortayrou
Helduen euskalduntze alorreko langilea, BATERAko kidea eta Abertzaleen Batasuneko militantea.
Beste artikulu batzu
Independentistak Sareak eta Gernika Batzordeak elkarlanean antolatu dute Aberri Eguneko ekitaldi bat, Gernika-Lumon (Bizkaia), apirilaren 16an, bonbardaketaren 80. urteurrena dela eta. Ipar Euskal Herriko abertzale talde batek, berriz (ikus prentsaitzinekoaren argazkia gainean), Uztaritzen beste bat, egun berean.

Independentistak Sareak eta Gernika Batzordeak elkarlanean antolatu dute Aberri Eguneko ekitaldi bat, Gernika-Lumon (Bizkaia), apirilaren 16an, bonbardaketaren 80. urteurrena dela eta. Ipar Euskal Herriko abertzale talde batek, berriz (ikus prentsaitzinekoaren argazkia gainean), Uztaritzen beste bat, egun berean.

Urte hastapen hontan, Iparraldeko herri elkargoaren sortzea lorpen haundia izan da, aspaldi danik eskatzen dugun ezagupen instituzionalaren nolabaiteko lehen urratsa. Bainan nihundik ere abertzaleen helburu eta eginbidearen jomuga. Askoz ere urrunago joan nahi dugu.

2017ko urtea mugarri gisa geldituko da Ipar Euskal Herriko historian, instituzio baten bitartez haren ezagupen politikoaren lehen urratsa emana izan baita. Jendarteko sektore zabalek, hautetsiek besteak beste, bere egin duten aldarrikapen horren gauzatzea abertzaletasunaren garaipena ere badela nehork ezin du ukatu, denek ez badute aitortzen ere.

Haatik batzuek espero dute urrats esanguratsu honek abertzaletasunaren ilunabarra ekarriko duela Ipar Euskal Herrian, ukapena eta mespretxua bazterturik, ezagupenak askatasun gosea asetuko duelakoan.

Uste edo pario horren alde, egia da bestalde, azken urteetako indar metaketa zabala errexteko, abertzaletasunaren funtsezko helburuen aldarrikapenak bigarren planoan gelditu direla, militante batzuen frustrazio eta desmobilizazioa sortuz.

Gisa berean historian zehar hainbat alditan gertatu bezala, ez dira gutxiestekoak instituzioetan parte hartzeak dituen joera eta arriskuak : mugimenduen energiaren xurgatzea eta ahalmen eraldatzailearen indargabetzea.

AberriUrrunago joan nahi dugu

Hots 2017ko urtea Iparraldean erabakigarria izan daiteke abertzaletasunaren geroari begira. Lurralde ezagupenarekin batera proiektua abertzalearen (ber)baieztapen urtea ere izan behar da. Urrunago joan nahi dugunez, deplauki azaldu behar dugu eta jendea konbentzitzen segitu. Urrunago joan nahi dugunez, gure buruarengan konfiantza indartu behar dugu eta euskal bidea hartzeko herritarren gogoa piztu eta hedatu. 2007an mezu abertzalea ozenki aldarrikatzeko beharra bada: Euskal Herri osoa dugu helburu. Burujabetza maila gorena dugu helburu. Langile, enplegatu, laborari, ofiziale, hots euskal herria osatzen duten klase herrikoien interes sozio-ekonomikoak ditugu helburu. Horretarako burujabetza proiektua edukiz bete behar da. XXIgarren mendean burujabetza aldarrikatzeak, burujabe izaiteak hainbat tresnen kontrola eskuratu eta hainbat podere sozio-ekonomiko batzuen menpekotasunetik askatzea suposatzen du. Ez da sinple ez eta errex ere. Alor guztietan proiektuak eta helburuak definitu eta sozializatzea eskatzen du: sektore produktiboak, laborantxa, elikadura, ingurumena, trantsizio ekologikoa, hizkuntza, kultura, gobernantza demokratikoa, eta abar…

Urrunago joan nahi dugunez,
deplauki azaldu behar dugu
eta jendea konbentzitzen segitu.
Urrunago joan nahi dugunez,
gure buruarengan konfiantza indartu behar dugu
eta euskal bidea hartzeko
herritarren gogoa piztu eta hedatu.

Aberri Eguna mobilizazio eguna

Helburu horri begira molde eta medio desberdinak baliatzen ahal dira eta erronkaz jabeturik, abertzale mugimenduek ekimen batzuk prestatuko dituztela dudarik ez da. Aberri Eguna medio horietako bat da.

Aspaldidanik ez da mobilizazio handia egin Aberri Eguna kari Iparraldean. Garai bateko eztabaida biziak eta kalapitak urrun gelditu dira. Ospakizunak berak bere indarra galdu du jende askorentzat. Abertzaleen ideiak hedatzearekin, horien aldarrikapen eta agerpen publikoak ez dirudite hain beharrezkoak. Abertzaleen indar erakusketa beste molde batzuetan nabaritzen da eta aberriaren ospatzea moda zaharreko kontua bilakatu da.

Azken urteetan Iruñean antolatzen den mobilizazioak gero eta Iparraldeko militante guttiago erakartzen du.

Ez ote dugu aurten Iparraldean Aberri eguna kari agerpen politiko eta mobilizazio indartsua antolatzen ahal, militante belaunaldi desberdinak elkartzeko, borroka alor eta aldarrikapen sektorialak gurutzatzeko, elkarri indarrak emaiteko ?

Gainera hauteskunde urte honetan Iparraldeko jendarteko sektore dinamikoenak blaitzen dituen abertzalegoaren indar erakusketa ongi etorria izanen da.

Abertzale ezkertiarrek badugu esperantzaz eta elkartasunez beteriko proiektu eraldatzailea, jatorri desberdinetako pertsona orori irekia. Erakuts dezagun, kanpora eraman dezagun.

Aurten badugu aukera eta beharra. Ez dezagun huts egin.