Zientzia gizartearentzat (1)

Zientzia gizartearentzat izan behar da… eta ez etekin pribatuentzat bakarrik. © Matteo Farinella (CC BY-NC 4.0 lizentzia)

Duela bi hilabeteko zutabean galdera hau luzatzen zuen Nicolas Goñik: egia-ostearen lokatzetan, nola sartu egitate zientifikorik eztabaida politikoetan? Lehen zati honetan, arazoa hurbilagotik begiratzera gonbidatzen gaitu, bigarren zati batean erantzun proposamenak eman aitzin.

Joseba Gabilondok duela ia bortz urte zioen bezala(1), “kapitalismo neoliberalak aditua edo espertoa, eta ez ordezkari demokratikoki aukeratua, jarri badu ekonomiaren eta bizitzaren kudeaketaren gunean, pandemiak areagotu egin du subjektu neoliberal adituaren zentraltasuna. […] Baina, ironikoki, pandemiak era berean adituaren krisia ekarri du, zientziak eta jakintzak beti ere boterearekin izan duten erlazio mina oraingoan are gardenago azaldu baita, zeinaren ondorioz batzuetan zientzialariak zentsuratuak izan diren eta beste batzuetan boterearen aldea hartu duten datuak bihurrituz. Hain zuzen horregatik, adituaren garairik oparo eta zentralenean, pandemiaren garaian, subjektu neoliberal gune horrek bere sinesgarritasuna galdu du“.

Horrek oso argiki laburbildu eta ulertarazten du duela bi hilabete aipatzen nuen gaizki ulertze hura(2): alde batetik sistemak zientzia aintzat hartu behar duela zioen zientzialaria, bertze aldetik zientzialariek nahitaez sistema defendatzen dutela zioen haren auzokidea, horretaz aparte bi pertsona horiek ezkerreko militanteak izanki eta hainbat arlotan iritzi berekoak izanki.

Epe kontu bat

Ñabardura ttiki bat gehituko nuke halere Joseba Gabilondoren pasarte horretan: klimari (eta orokorkiago ingurumen larrialdiari) dagokienez, zientzialariak ez dira zentsuratuak (oraingoz bederen), haien txostenak sarean eskuragarriak direno, baina bai askotan haien hitza baztertua izan da, hedabide handietatik urrun. Hori haien lanen ondorioek jarduera ekonomikoen epe luzeko jarraipenarekin bat ez zetozelako, orduan epe laburreko jarduerak jarraitzeko erosoagoa zen emaitza horiek existitu ez balira bezala jotzea. Gauzak horrela, hainbat aldiz egunkari handietan “Munduko 500 ikertzailek alarma gorria jotzen dute biosferaren egoera larriari dagokionez” bezalako tituluak ikusi izan ditugu, baina halako artikuluek inolako eraginik ez dute inoiz izan funtsezko politikak martxan ezartzeari dagokionez.

“Orainaren luzapen mugagabe honetan,
epemuga hurbilek baizik ez dute axola,
beraz mende erdian gaindituko liratekeen itzulera gabeko puntu globalak oraindik oso urrun dirudite.”

Iragana eta etorkizuna urrundu zaizkigun garai honetan(3), zaila da berehalako eragina ez duten – baina eragin erraldoia izanen duten – fenomenoak politikariei aintzat harraraztea. Orainaren luzapen mugagabe honetan, epemuga hurbilek baizik ez dute axola, beraz mende erdian gaindituko liratekeen itzulera gabeko puntu globalak oraindik oso urrun dirudite: mende erdia ezin da hemendik 25 urtera izan, “XXI. mendea” aipatzea futurista iduritzen bazaigu oraino(4).

Aldiz, 2020ko martxoan, ospitaleen larrialdi zerbitzuen saturazio arriskuak jarduera ekonomikoen jarraipenerako berehalako arriskua sortzen zuen, nahiz eta hasiera batean beti bezala ez ikusiarena egiten saiatu. Hartu ziren aparteko neurriak eta desblokeatu ziren hainbat mila milioi horiek, saihestezina bilakatu zen arriskuari aurre egiteko ziren. Horrek, noski, ez du funtzionatuko biosferaren itzulera gabeko mugak zeharkatzeari dagokionez.

Zientziaren emaitzak ezkutatu zirenean

Alta, badira erabateko zentsura pairatu zuten ikerketa batzuk. Horietarik esanguratsuenetarikoen artean, petroleo enpresek klimari buruz bultzaturiko ikerketak. Total enpresak modelizazioak eginarazi zituen 1971n jada (duela mende erdi bat baino gehiago), eta lan horiek, gaur egun baino modelo eta ordenagailu askoz sinpleagoekin eginak, nahiko ongi aurreikusi zuten gaur egun arteko tenperatura globalaren bilakaera. Baina emaitza horien jakinaraztea ez baitzen enpresa horren mozkinentzako mesedegarri, emaitza horiek isilpean gorde eta aurkako narratibak zabaltzen hasi ziren ondoko hamarkadetan. Gauza bera ExxonMobil enpresan 1980ko hamarkadatik goiti, eta berdin Shell enpresari dagokionez 1989tik goiti bederen. Ezin izanen dira inoiz gehiegi nabarmendu iruzur erraldoi horiek, ezin da maila handiagoko krimenik irudikatu. Baina krimen horien biktimak ez baitira berehala hiltzen, espazioan eta – bereziki – denboran urrun izanki, oraingoz ez da izan hein egokiko ondorio legalik. Muturreko adibide horiek erabakitze prozesuen eta zientziaren arteko harreman zailen adierazle dira: hainbatetan zientziaren epe luzeko alertei muzin egitea, publikoa ez informatzea (edo egitekotan, erabakitze prozesuetan heldulekurik eman gabe), eta egoerak larritu ahala bertze aukerarik ematen ez duenean zientzialariei azkenean axola eman, baina berriro publikoari egoeraz jabetzeko denborarik eta ahalmenik eman gabe. Hau dena hobetzeko, herri hezkuntza, hurbiltasuna, eta justizia sozialarekiko uztartzea beharrezko gaiak dira. Bigarren zatian aipagai izanen ditugu.

(1)Joseba Gabilondo (2020) “Pandemiaren arrazoiaz: konspirazioaren, paranoiaren eta negazionismoaren defentsan.” Jakin 239
(2) Egia-ostearen lokatzetan. Enbata, 2024ko abendua
(3) Nostalgiarekin zer egin? Enbata, 2024ko apirila
(4) Jon Urzelaik berriki zioen bezala, ez gara ohartzen denbora gehiago iragan dela Kortatu taldea sortu zenetik gaur arte, 2. Mundu Gerra bukatu zenetik Kortatu taldea sortu arte baino.

Soutenez Enbata !

Indépendant, sans pub, en accès libre,
financé par ses lecteurs
Faites un don à Enbata.info
ou abonnez-vous au mensuel papier

Enbata.info est un webdomadaire d’actualité abertzale et progressiste, qui accompagne et complète la revue papier et mensuelle Enbata, plus axée sur la réflexion, le débat, l’approfondissement de certains sujets.

Les temps sont difficiles, et nous savons que tout le monde n’a pas la possibilité de payer pour de l’information. Mais nous sommes financés par les dons de nos lectrices et lecteurs, et les abonnements au mensuel papier : nous dépendons de la générosité de celles et ceux qui peuvent se le permettre.

« Les choses sans prix ont souvent une grande valeur » Mixel Berhocoirigoin
Cette aide est vitale. Grâce à votre soutien, nous continuerons à proposer les articles d'Enbata.Info en libre accès et gratuits, afin que des milliers de personnes puissent continuer à les lire chaque semaine, pour faire ainsi avancer la cause abertzale et l’ancrer dans une perspective résolument progressiste, ouverte et solidaire des autres peuples et territoires.

Chaque don a de l’importance, même si vous ne pouvez donner que quelques euros. Quel que soit son montant, votre soutien est essentiel pour nous permettre de continuer notre mission.


Pour tout soutien de 50€/eusko ou plus, vous pourrez recevoir ou offrir un abonnement annuel d'Enbata à l'adresse postale indiquée. Milesker.

Si vous êtes imposable, votre don bénéficiera d’une déduction fiscale (un don de 50 euros / eusko ne vous en coûtera que 17).

Enbata sustengatu !

Independentea, publizitaterik gabekoa, sarbide irekia, bere irakurleek diruztatua
Enbata.Info-ri emaitza bat egin
edo harpidetu zaitezte hilabetekariari

Enbata.info aktualitate abertzale eta progresista aipatzen duen web astekaria da, hilabatero argitaratzen den paperezko Enbata-ren bertsioa segitzen eta osatzen duena, azken hau hausnarketara, eztabaidara eta zenbait gairen azterketa sakonera bideratuagoa delarik.

Garai gogorrak dira, eta badakigu denek ez dutela informazioa ordaintzeko ahalik. Baina irakurleen emaitzek eta paperezko hilabetekariaren harpidetzek finantzatzen gaituzte: ordaindu dezaketenen eskuzabaltasunaren menpe gaude.

«Preziorik gabeko gauzek, usu, balio handia dute» Mixel Berhocoirigoin
Laguntza hau ezinbestekoa zaigu. Zuen sustenguari esker, Enbata.Info artikuluak sarbide librean eta urririk eskaintzen segituko dugu, milaka lagunek astero irakurtzen segi dezaten, hola erronka abertzalea aitzinarazteko eta ikuspegi argiki aurrerakoi, ireki eta beste herri eta lurraldeekiko solidario batean ainguratuz.

Emaitza oro garrantzitsua da, nahiz eta euro/eusko guti batzuk eman. Zenbatekoa edozein heinekoa izanik ere, zure laguntza ezinbestekoa zaigu gure eginkizuna segitzeko.


50€/eusko edo gehiagoko edozein sustengurentzat, Enbataren urteko harpidetza lortzen edo eskaintzen ahalko duzu zehaztuko duzun posta helbidean. Milesker.

Zergapean bazira, zure emaitzak zerga beherapena ekarriko dizu (50 euro / eusko-ko emaitzak, 17 baizik ez zaizu gostako).

One thought on “Zientzia gizartearentzat (1)

  1. Egun on
    GIECek emaitza guziak zabaltzen ditu bere txostenetan.
    Halaere, haren emaitza guziak etzaizkigu iristen. Zergatia? Estaduek baieztatu nahi duten laburpena egin behar dutelako. Funtsean kasetalariek zabaltzen dutena laburpen hura da (summary for executives). Kasetari gutik jorratzen dute orokorra den txostena.

    Ber gisaz, denalistek informazio ugarri banatzen dituzte eta zoritxarrez, kasetalari gutik heien iturrien bila jotzen dute. Arrazoi nagusia: ezpaidago funtsezko iturririk. Ikerketa baten egitea ezer aurkitu gabe eta ondotik ezer zabaldu gabe nahiko frustragarria liteke kasetalarientzat.

    Ondorioz, behartuak daude ber mailan ezartzea egiazko ikerketak eta mezu engañatzaleak objektibo iduritzeko nahian.

Comments are closed.