Bai bixtan dena, gure kostaldean ikusten ahal den publizitatea ez da euskaraz idatzia, gainean den titulua frantsesetik hartua den itzulpen bat baizik ez da. Beraz, bai… ausartu dira… erraitea zezena «gure» kultura dela. Publizitate hau asumitzen dutener, ez diet gauza handirik argumentatuko. Heien kulturaren oinarria abere beltz bat baldin bada, ados edo paso… eta errespetu handi bat aitortzen dut zezen guzientzat. Aldiz, zezen plaza batean sartu ez direner luzatu nahi diet nere klixka aldia.
Bai, badakit, udako eguzki azkarraren izpiak dirdiratzen direlarik odolez betea den zezen baten bizkarraren gainean, pentsatzekoa da, arno tinto edo sangria batzuen efetua gehituz, berotu den gizaki arrunt baten buruminak hortan ikusten ahal duela edertasuna edo artea.
Horrez gain, badakigu ere, torero delakoak irrisku handiak hartzen dituela; batzuetan, egia da, bere koskoilak direla dilindan egoiten «corridaren» bukaeran.
Beraz, ados, kultura baldin bada, paso… bainan ez da gure kultura eta publizitatea argitaratu duen elkarteak (“Union des villes taurines françaises…“) ez du dudarik ukan mintzatzeko gizarte oso baten izenean.
Zein gizartea? Frantzia hegoaldekoa? Batzutan «culture Sud» aldarrikatzen duena? Ez dakigu xuxen bainan onar dezaten bederen kultura bat ez dela elementu baten gainean oinarritzen beraz ez, zezen bat ez da izaiten ahal kultura oso bat.
Horrez gain, bixtan dena, publizitatea frantses hutsean imprimatua izan da. Hor ere, Euskal Herrian holako publizitate bat zabaltzea ez dea bilakatzen inposatu nahi diguten kultura baten ikurra?
Inoiz baino arrakasta gehiago lortu du Korrikak aurten pasatu denean, eta bi aste berantago, torturatua eta lasterkan ari den zezen baten irudia plazaratzen digute karriketan «gure» kultura dela erranez. Gaixo zezenak… edo gaixo gizakiak!