Ongi etorri zuri Filipe Bidart adixkide. Azkenean utziko zaituzte bizitzen zure sort herrian eta gure Euskal Herri maitean. Bizi oso bat iragan duzu herritik kanpo presondegietan eta Beziersko aldean. Alabainan ez zinen ba-tere urrun, ainitzen bihotzetan barna sartua zinen. Adineko jendeak eta gazteak zure kemenari lotu dira, zure buru xutari so, zure hitzak jastatuz, zure otoitzari juntatuz. Zure boza ixilarazi nahi izan dute, zure aberriaren aldeko atxikimendua ito, zure engaiamendu iraunkorra deuseztatu, zure nortasun emankorra lehertarazi, bainan kontrarioa da gertatu. Eskaini daukuzu liburu sakon bat. Ainitz papergabeko arrotz ditutzu kudeatu eta aterpetu Beziersko aldean. Cimaden ikusi izan zaitugu urus, denen haurride, esku eta bihotz zabal. Ez dut ahaztekoa Roger Idiart zenarekin egindako bisita. Hemendik egin dituzun pasaietan ohartu gira zure begiak beti zirela xorrotx, zure urratsa erne eta xapela ongi jarria. Hain nobleki atxikitzeko hoinbertze urtez segur etxekoen hurbiltasunak baduela zer ikustekorik.
Milesker zuri Jan Battit, aita paregabea. Hemeretzi urtez segidan presoekin elkartasunez taldeko partaide eta buru izan baitzira. Eman daukuzu urrezko lekukotasun bat, eskuak estekatzen ahal direla bainan bihotzak ez, are gutiago arimak. Milesker Jan Battit izan baitzira lotura ederrena Felipe eta gizartearen artean, bai Ahaidea taldean, bai hemengo komunikabideetan, bai Frantziako irratietan. Oroitarazi diozu gi-zarte zabalari zure semea ez zela gaxtagin bat, baizik eta herriaren alde den euskaldun engaiatu bat. Izan zira ere lotura ederrena Felipe eta elizaren artean: oroitzen naiz Lurden egin genuen prozesionea, biak bat, Felipe eta euskaldun presoen alde eta bakearen alde otoiztuz. Milesker zuri Babi, Filiperen anai gazteena sobera goiz joana, milesker Otto apeza zeru mendira abiatua Felipe betkotz libre Baigorrin ikusi aintzin. Milesker Betti eta Jojo etengabe izan baitzirezte Filiperen bitartekari leial hoberenak.
Milesker Filipe izan zaren eta zaren guziarendako. Duela kasik 40 urte, 1974-ean elgarrekin hasi ginen euskarazko gau eskolak emaiten, urririk bixtan da, Miarritzeko hirian. Garai hartan Blancpinoneko ikastolako irakasle zinen. Herri taldeak muntatu genituen Iparraldeko Xan Margirault lehen preso politikoaren inguruan. IK sortu zen Iparraldeko gudarien engaiamendutik. Ainitz sakrifizio, militanteek bizia utzi, Popo desagertua, biktimak ere erahilak… Batzuk dena eman behar, gehienek deus ez zutelako emaiten. Bainan gaur Angelun, Miarritzen eta Iparralde guzian ereindako haziak loretu dira, agian laster Iparraldeak izanen du bere nortasun administriboa, bakezko bideek emanen dute egiazko fruitu salbagarria.
Filipe, Kanbon ospatu dugun presoekin elkartasenezko aurtengo beilan, mintzatu zinen hitz labur eta sakonak eskainiz: “El-kartasunik gabe ez da aberririk, ez da ekonomiarik. Elkartasunari esker du euskarak bizirik segitzen, dute presoek xutik irauten eta elkartasunak dauzku idekitzen gerorako bideak”. Bete ditzagun bihotzak eta biziak ezperantzaz eta elkartasunez orain sekula baino gehiago.
Bihotzaren erditik zorionak Filipe, bai zuri bai zure etxeko guzier. On egin daizula 60 urtetako bizi berriak.
Mikel Epalza