Oligarkia eta populua oposizioan emaiten duen estrategia lanjeroski anbigua da. Populua batzen bada leader karismatiko baten inguruan, automatikoki azken puntarat igortzen da herritarren antolaketa kolektiboa.
Nola ez uka alabainan Melenchonen estrategia ezkerreko populismo bat besterik ez dela. Ezkerrekoa agian, populista eta oligarkoa dudarik gabe. Alta iduritzen zait bestelako ezker bat eraiki behar dela Frantzian bezala, Europan eta nolaz ez Euskal Herrian ere. Ez leader karismatiko eta oligarko baten inguruan eta mesedetan eraikia baizik eta estrategia sozialista, ekologista, partehartzaile baita erreformista baten inguruan oinarritua. Espektro politikoaren beste puntan, ikusten da Europa osoan eskuin mutur populista ere hasten ari dela klase ertainen eta “arraza zurien” beldurren gainean jokatuz, hitzemanez ere idealisatutako iragan batetarat itzuliko direla, iraganeko prosperitate eta orden publikoa bereskuratuz. Iragan bat nun klase popularrek bereganatua zuten bizi segurtamen doi bat betiko erresuma klasikoen mugek ongi zaindurik. Iragan bat nun “beltzak, arabeak, txinatarrak ta beste” beren lekuan eta sort erresumetan egoiten ziren. Eskuin muturreko populismoak herra dauka “apatrideri eta elite mundialisteri”. Amensten du populua agintari heroiko baten inguruan sustraitua, batasun politiko sakratu batean indartua eta kanpotiarrak kanpo utzita. Ezin uka bere ikuspegian indartzen lagundu diola Europako sozialdemokraziaren peko errekarat jausteak. Alabainan ainitzentzat sozialdemokrazia harek ez ditu aski kondutan hartu klase popularrak, sobera identifikatuz mundializazio salbai baten abantail partzialeri. Gauza bat segurua da: deus ez du balio faxismoa edota populismoak soilik salatzea. Trump edo Le Pen baten diskurtso eta estrategiak soilik bestelako diskurtso berritzaile, herrikoi, ekologista,demokratiko partehartzaile eta sozialista indartsuago, koherenteago eta egiazkoago baten bidez dira urratska deseginen.
Bi estrategia
Helburu hortarako bidean bi estrategia elgarri joka ari dira. Lehena, Podemosek edo Melenchonek irudikatzen dute eta ezkerreko populismotzat jo daiteke. Hauen iduriko “populua” bereraiki behar da oligarkien kontra, balore progresisten inguruan. Xenofobiari kontra egiteko nazioarteko elkartasuna irudikatzen da, sexismoari feminismoa eta desregulatze ekologikoari urgentzia klimatikoaren kontzientizazioa. Ber denboran sentimendu nazionala atsulutoki aintzinerat ekarri behar da, alemaniar hegemonia, inperialismo yankia edo txinatar dumpingari buru egiteko. Bigarren estrategia “ezker altermundialista” deitzen ahal daiteke. Desmartxa kolore ainitzetakoa ortzadarraren parekoa nunbait. Intersektorialagoa da eta hainbat mugimendu ezberdinen kokagune bilakatzeko gogoa luke. Adibidez ekologistek justizia klimatikoa aldarrikatuko dute, langile sindikatuak oreka sozial baten alde daude, laborariak nekazaritza iraunkor baten alde, etab. Etsai bat irudikatzekotan kapital finantzieroak, produktismoa eta podere guneen konzentrazioa litaizke. Oligarkia eta populua oposizioan emaiten duen estrategia lanjeroski anbigua da. Populua batzen bada leader karismatiko baten inguruan, automatikoki azken puntarat igortzen da herritarren antolaketa kolektiboa. Zer leku beraz berrikuntza sozialarentzat, herritarren egiazko parte hartzeaz? Podemos eta Melenchonek ainitzetan adibidetzat hartzen dituzte Chavez, Correa edo Morales, alta agerikoak direlarik hauen hankasartze autokratikoak. Ezkerra (ber)asmatu eta (ber)eraiki behar dela, agerikoa da. Bainan zer nolako ezkerra ? Ezker iraultzailean ainitzek sinetsi dugu. Ametsa pasatu egin zaigu, erabat eta betiko. Erreforma ausarten bidez jendartea irauliko duen ezkerra dugu ainitzek helburu. Ezker berri horren zati ttipi bat eraikitzen has daiteke ere Euskal Herritik, Europaren eta munduaren parte girenez gain. Agian beste edozoin lekutan bezain idekia, ainitza eta integratzailea izan behar luke ezkerrak, ezker berriak Euskal Herrian. Euskal Melenchon bat gabekoa. Guri eta herri huni doakion euskal ezker berri bat. Ametsetik eguneroko errealitatera.