Lasterka ezker, eskuin, karta bat eskuan, haurrak hilharrien artean dabiltzaxu, batzuetan geldituz, konparatuz, ikertzaile bilakatuz… Non ote da kartako harri biribila? Agur gisa, harrietan zizelkatu bizi ikurrei irriño bat pausatu, eta beren ikerle urratsa segitzen dixie!
Oztibarreko ikastolako 3 eta 6 urte arteko haurrak dituxu. Larzabaleko hilharri interpretazio zentroan kurritzen dituxu, talde ttipika, batzuk, itzalean, beren aldiaren beha, besteak xerkatzen ari, kartako marrazki berdina atxeman nahiz. Ez dezazuela pentsa afera sinplea izan denik hortarat heltzea! Lehenik “Harri biribilen ezagutzea” ipuina entzun dixie, begiak argi-argiak, beharriak irekirik, izpiritua erne! Ipuina, Jon eta haren aitatxirekin hasten duxu, Baigorrin… Entzun eta entzun, antzeztu eta antzeztu, helburu batekin: entzun dutena, etxean kontatzea, aipatzea eta xerkatzea ea harri biribilik ikusten duten bazterretan.
Goizero ber erantzunarekin heldu dituxu: “Ez, e’txit harri biribilik atxeman…“. Baina bi asteren buruan, ikastolarat heldu orduko haur batek oihukatzen dixi: “Atxeman ‘txit, atxeman txit!” Kide guzien jakin-mina piztu dixi. Non atzeman ote du? Eginahala ontsa adierazirik ere, ez duxu argi denentzat. Ikusi gabe egotea zaila duxu.
Goazen! Oskiak berriz jantzi, “Othañe” gelatik atera eta laguna aitzinean, hari segitzen dituxu denak. Orain norat hartzen dugu? Ezker, eskuin? Eta hogei ikertzaile ttipi, hilharri biribilen interpretazio zentro gibelalderat heltzen dituxu. Ze altxorra! Ikusteko gisan, zaharrenek gazteenak pixka bat altxatzen ditixie, beste batzuek zango punttetan begiratzen, batzuek ezin ikus, lepoa luzaturik dituxu denak. Itzulia egiten dixiu? Badiatzaxu… Diren arteka guzietatik, begirada harritu, kurios, irritsu, garaitzaileak pasatzen dituxu.
Batek proposatzen dixi: “Joaten gitxu barnerat?“. Bistan dena! Ate aitzinerat heltzen dituxu. Han, ongi etorriaren egiteko, zirkulu batean lau txori juntaturik badituxu, haien ondoan, burdinezko xehela, artekaduna. Duhaldeneko (Zentroko etxearen izena) xehela zerratua duxu. Xehelatik ikusi dutenarekin aitzin gustu bat badixie. Beste noizbait berriz joan beharko dixie, giltzak herritarrei galdegin eta.
Gune hau atzeman duen haurra txalotzen eta eskertzen dixie eta ttipittapa pozez eta jakin-minez beterik ikastolarat sartzen dira. Geroztik izan dituxu eta bigarren aldian ze sorpresa! Ipuineko Jon eta Mikel han baitziren! Ipuinean gazteak baziren, haurrak, orain aitatxi direla ohartu dituxu. Ikastolarat gomitatu ditixie, eskolako haur guziei beren ikertzaile eta memoria biltze lanaren aipatzeko. Horien artean, Pagolako eskualdean atzeman harri biribil bat uholde baten ondotik… Edo, Bunuzen desagertu den txoriz zizelkatu kurutze eder bat. Geroztik, ikasle talde batek, argazkia galdeginik, txoriz zizelkatu kurutze honen xerkatzea erabaki dixi.
Urteak pasa, haurrak handitzen dituxu, ipuinek segitzen dixie: “Marzel eta harri biribilen topaketa“, “Lauburu elkartearen sortzea“, “Haranbeltzeko kapera“, “San Nikolas kaperaren berpiztea”, ahantzi gabe Sarako ateraldian, harri biribilak ikusi zituztelarik, autobusa bide bazterrean geldiarazi zutela. Erreposki ibiliz, oraiko hilharri biribilak deskubritu ditixie, sormen handiz ekoiztuak.
Badu orain hiru urte proiektu hau daramagula Oztibarreko ikastolan, 10 urte artinoko ikasleekin. Abiatze horrek, memoriaren inguruko proiekturat eraman gitixi arlo desberdinak jorratuz: ipuina, geometria, marrazkia, hizkuntza, lekukotasunak, ondarea, arkeologia, artea, Eleketa erakusketa, eta Colasen liburuaren ikustea! Aurten 100 urte betetzen dituena…
Lauburu elkarteari, Marzel Etchehandiri, milesker, isil-isila egin duten lan xehe eta aberatsa gurekin partekaturik eta proiektu hortan lagundurik.