Mende bat iduri du Nikarraguan zandinizten iraultza aurrerakoiak boterea eskuratu zuela. Badu aspaldi Ortegak eta familiak, armadaren laguntzarekin, diktadura bortitz bat ezarri dutela Latin Ameriketan eredu izan zen herrialde hortan. Atxilotze, erahiltze eta desagertzeen aitzinean, zergatik daude ixilik munduan barna hoinbeste ezkerreko arduradun?
Iraultza sandinista sustengatu dugunok harriturik eta desesperaturik so egiten ari gira zer bilakatu den Daniel Ortega. Duela kasik mende erdi berak eta Sandinista tropa herrikoiek zuten Anastasio Somoza faxista poderetik bota. Gaur egun oraindik Ortega pobre eta zapalduen defentsore sutsu gisa ari da kasik metodokoki bere kontra altxatzen ari diren haur, gazte eta hamarnaka herritar jotzen eta hiltzen, garai beltzenetako Argentina edo Txile orroitaraziz.
Nikaraguako polizia egunero ari da atxilotzen eta torturatzen, ukatuz atxilotu eta presoekilako informazio guzia. Rosario Murillo, Ortegaren emaztea eta lehendakariordea, zapalkuntza horren lehen lerroan da eskubide humano eta zibil masibo horien bortxatzean aktiboki parte hartuz. Ortegaren inboluzioa, argiki desitxuratzen duena sandinismoaren idealak, aspaldi huntan puskatua du sandinista mugimendua, bainan azken hamar urte hauetan aski ixilean gertatu da, Nikaraguako elizaren eta kapitalisten sustengua izan duelako.
Bainan azken hilabeteeko mugimendu sozial gero ta zabalagoak, zapalkuntza itsuak eta hilek “aliantza” hori pikutarat bota dute.
Despotismoaren erreinua
Badu jadanik hainbat urte FSLN frente sandinistako aurpegi ezagun frangok utzi egin zutela alta Ortega sustengatzea, beraien ustez Ortega bikotea despotismoaren erreinua itxuratzen ari zelako. Dinastia matrimoniala bilakatua da emeki eta segurki Ortega familia, aitama eta zortzi seme alaben artean partekatuz hainbat kargu publiko eta komunikazio bide.
FSLNk eraiki eta bozkarazi konstituzioa hainbat eta hainbat aldiz aldatua izan da azken urteetan. Beti ari da poderea ahoa beteka neoliberalismoa salatzen, memento berean akumulatzen ari delarik pribilegio eta fortuna ikaragarriak.
Azken finean, Ortegaren mutazioa hasi zen 90 hamarkadan, hauteskundeak galdu egin zituelarik Violeta Barriosen kontra. FSLNn orduan gertatu ziren lehen zatiketak, eguneroko iraultza demokratikoaren ametsa ttipituz joan zen ilusio ainitzekin betan.
Hala ta guziz ere, kontrairaultzaileek porrot egin zuten nabarmenki eta Ortega berriz podererat heldu zen 2007an.
Bera lehendakari eta bere emaztea lehendakariorde eta aferak ongi joango dira!
Bikoteak kondatzen ahal du goi funtzionarioen obedientzian, armadaren indarrean baita oraindik hainbat auzapez eta diputatuen konplizitate aktiboan.
Gaurko mundua “eskuin berri” batek ordezkatzen hasia delarik hainbat guneetan, autoritarismoa, populismoa eta xenophobia izanki ipar orratz, ez da deus garrantzitsuagorik ezkerrarentzat eta krisian diren ezkerreko ideia unibertsalentzat, bere balore politiko sakonenak behin ta berriz azpimarratzea baino.
Ahalgegarri iduritzen zait ezker globaleko hainbat aurpegi ezagun eta “iraultzaren” beste hainbat ikono publikoki eta azkarki ez agertzea Nikaraguan gauregun eta apirrilaz gero Ortega bikoteak populuaren kontra pratikatzen duen masakrearen kontra. Ortegatarren errepresioak jadanik egin ditu kasik 400 hil, kasik 300 desagertu eta 2.000 kolpatu, zenbaki horiek goiti ari direlarik egunetik egunerat.
Ahalgegarri iduritzen zait
ezker globaleko hainbat aurpegi ezagun
eta “iraultzaren” beste hainbat ikono
publikoki eta azkarki ez agertzea
Nikaraguan gauregun eta apirilaz gero
Ortega bikoteak populuaren kontra
pratikatzen duen masakrearen kontra.
Betirako poderearen izenean, bainan ere ezkerreko ideien izenean omen, gerrillero sandinista ohia aliatu da eskuineko parte itsusienarekin.
Ahots batzuk, hala ere
Zer erran edo zer egin diktadore bilakatu den iraultzaile ohi baten kontra ? Hau da hainbat ezkerreko latinoamerikar lideren galdera etengabea. Nola eta zergatik Somozaren diktadura botatzeko gai izan zen iraultza, Ronald Reaganen gobernuak inposatu boikot ekonomiko eta sabotaia hainbat saihestu zituen mugimenduaren burua bilakatu da Somozaren parekoa? Azken egun eta aste hauetan sandinismoaren hainbat lider historikoek bere ahotsa entzunarazten hasiak dira halere galdetuz nazioarteak salatu dezan Ortegaren derriba edo desbideratze hori, aterabide negoziatu eta demokratiko bat aldarrikatuz krisia hortarik ateratzeko berandu baino lehenago.
Gutun ideki batean, hainbat urteetan kultura minixtro Sandinista egon den Ernesto Cardenalek idatzi dio Pepe Mugika Uruguaiko lehendakari ohiari, munduko ezkerreko sektoreak arduratzen has ditezen Nikaraguan iragaiten ari denarekin. Pepe Mugikak geroztik baikorki erantzun dio Cardenalen galdeari eta publiko salatu du gauregungo Managuako erregimena. Hitzez hitz Pepe Mugikak dio ezkerreko eta demokrata gisa ezin dela gehiago ixilik egon, erdi baimendu edo osoki estali Ortegatarren derriba autokrata eta totalitarioa, azken hunek ez duelako zilegitasun politiko izpirik gehiago eta aspalditik eskrupulorik batere gabe traizionatu dituelako iraultza demokratiko eta ezkerreko ideia unibertsalak. Hea ba, Ernesto Cardenal eta Pepe Mugikaren deiak eta suplikak baduen oihartzunik nazioartetik eta bereziki ezkerreko gaudenen partetik?