EHBaik bere programa politikoaren lehen mintzaldi tematikoa antolatzen du, urtarrilaren 24an, ostiralarekin, 20:00etan Izurako Haize Berri gelan, “Laborantza herrikoia, gure jendartearen zutabea” lemapean. Gisa berean, Peio Dufau EHBaiko diputatuak laborantza lurrak babesteko bere lege proposamena aurkeztuko du. Mintzaldia urririk da eta deneri irekia.
Gaia ez da ausaz aukeratua izan. Departamendu mailako Laborantza ganbararen hauteskundeen erdian, eta Euskal Herrian laborantzaren arloan ditugun erronkak ikusirik, EHBaik funtsezko gai hori azpimarratu nahi izan du bere programa politikoaren aurkezpen mintzaldien hastapenetik.
Laborantza herrikoiak, elikagai ekoizpenaz gain, beste funtzio anitz ditu: deslokagarriak ez diren enpleguak sortzea, populazio bat landa eremuan atxikitzea, espazioaren mantentzea eta baloratzea, paisaiaren moldaketa, beste sektore batzuen garapenerako oinarria (turismoa, zerbitzuak, agroelikadura sailak…), euskararen transmisioa edota kultur ekintza.
EHBairen ustez, laborantza eredu horrek permitituko du elikadura burujabetzarantz aitzinatzea, klimari eta bioaniztasunari lotuak diren erronkei erantzutearekin batera. Horregatik, gure lurralde eremua ukatu eta eredu industriala babesten dutenen aitzinean, EHBai laborantza herrikoiaren alde posizionatzen da argiki. Bizi dugun krisi anizkoitz honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da gure lurraldean azken hamarkadetan eraiki diren tresnak, dinamikak eta eragileak babestea. Horren adibidea da egunotan 20 urte bete dituen Euskal Herriko Laborantza Ganbara. Eta azpimarratzen dugu, asteotako hauteskundeetan ere, gure laborarientzat eta lurraldearentzat anitz dagoela jokoan.
Ipar Euskal Herrian laborantzaren dinamismo garrantzitsua bada ere, aktibo eta etxaldeen galtzeak gupidagabea dirudi. Nola mugiarazi lurraldean gure jendartearen zutabe hori sustengatzeko? Nola bermatu prezio ordaintzaileak laborariei, aldi berean lurraldearen burujabetza garatuz eta klima eta biodibertsitate erronkari erantzunez?
Galdera horiei erantzuten die EHBairen programa politikoak. Mattin Etcheverry EHBaiko zuzendaritzako kideak ezkerreko mugimendu abertzaleak proposatzen dituen aterabide zehatzak aurkeztuko ditu. Terexa Lecumberryk gidatutako mintzaldi hau baliatuko dugu, halaber, Peio Dufau EHBaiko diputatuak laborantza lurrak babesteko helburu duen lege proposamena xehetasunez aurkezteko.
Beraz, EHBaik “Laborantza, gure jendartearen zutabea” mintzaldi honetan parte hartzeko gomita luzatzen du, urtarrilaren 24an, 20:00etan, Izuran (Haize Berri gelan).