
Ikasturtea bukatzen ari zaigu. Egitura askotan momentua iritsi da bilanak egiteko eta segidan burua perspektibetan jarri ondoko ikasturteko plangintza diseinatzeko. Sindikatuan ere ariketa hauek beteko ditugu nahiz eta otsailean momentu berezi bat markatu dugun. Bigarren aldikoz gure Biltzar Artekoa antolatu dugu. Aurten otsailaren 25ean bururatu da, Irunen.
Bi Biltzar Nagusien artean garrantzitsua iduritzen zaigu gure bost urteko mandatuen bilana egitea eta ondoko erronkak finkatzea. Oroitarazteko, azken Biltzar Nagusia 2022ko ekainean bildu zen eta lehen aldikoz Ipar Euskal Herrian, Miarritzen.
Erabaki gune gorenaren erronka nagusienetako bat ekosozialismoa gaia 500 kideen artean eztabaidatzea izan da. Eta lortu da! Froga gisa, gure norabide teorikoa finkatu eta praktikara eramen dugu ekainaren 23an “Trantsizio ekosozialerako industria politika proposamena” aurkeztuz besteak beste.
Mandatu erdi intentsoa
Argi ta garbi erran dezakegu mandatu erdi hau intentsoa bezain aberasgarria izan dela. Ipar Euskal Herria (IEH) hartzen badugu soilik testigu, azken urte hauek determinenteak izan dira. Orain 25 urte sortu ginenetik aldapa gora egin behar izan dugu bidea baina LAB bezalako sindikatu batentzat IEHn tokia badela erakutsi dugu. Luze joko luke urte guzti hauetan egindakoa jasotzeak baina badira aipatzea merezi duten mugarriak: 2023ko erretreta erreformaren kontrako borrokan LAB oso aktiboa izan da eta sindikatu batzuen hegemoniaren aitzinean artikulazio eta harreman berrien sortzea lortu dugu. Erran genezake geroztik panaroama sindikala aldatu dela eta indar harreman indartusagoa dugula IEHko intersindikalean. Horren isla da azken bi urteetan Maiatzaren Lehenean LABek intersindikalean izan duen lekua eta eginiko lana.
LABen ekintza sindikala gertukoa da, lantokietan geroz eta gehiago hedatzen ari gira. Beste sindikatuek ezin dute honelakorik erran, Parisetik etortzen diren mandatuen zain egon gabe, bertako errealitate espezifikoaren arabera langileak antolatu eta borrokatzearen alde egiten dugu.
Langile guzien etxea
Langile guztien etxea izan nahi dugu. Euskal Herria Harrera herria dela diogu eta etorkinen eskubideen aldeko beste eragile batzuekin batera bizitza duinak denontzat eta pasabide seguruak aldarrikatzen ditugu. Langile migranteei laguntzen egiten dugun lana egiteari ez diogu utziko, ondorioz errepresioa pairatzen badugu ere. Ainitz dira “solidarioak” deitzen ditugunak, hoien artean J’accuse kanpainako kideok heldu den urriaren 7an epaituak izanen gira.
Guzti honek, LAB bezalako sindikatu bat beharrezkoa dela, baduela bere tokia adierazten du eta 25 urte hauetan, hedatzen joan. Izan zerbitzu publikoetan, laborantzan, sektore pribatuan, industrian ala enpresa oso ttikietan gure militanteak aurkeztu dira eta kanpaina egin dute lan sindikala eramateko lan tokietara baita ekintza sindikala bultzatzeko. IEH marko instituzionala bada, aitortza soziala falta zaigu oraindik. Horrek zonbait ondorioak ditu eta gure sindikatuaren errepresentibitatea ez dela marko hontan neurtzen adibidez.
Hego Euskal Herrian ere hamaika borrokak aitzinera eraman dira. Zerrendatze ariketan ez sartzeko soilik nabarmen batzu azpimarratuko ditugu: Greba Feminista Orokorra, Hezkuntzako akordioa eta Guttieneko soldata hemen erabakitzearen aldeko borroka. Garrantzia kendu gabe egunero borrokatzen diren langileei duinki lan egin eta bizitzeko.
Burujabetzaren bidean, langileen eskubideak
LAB askapen nazional eta soziala uztartzen dituen sindikatu da. Sindikatua ez da helburua, tresna baizik gure herriaren eta langile klasearen askatasuna irabazteko. Bide hontan ez gira bakarrik, eta azken urte hauetan IEHko mugimendu abertzaleak egin duen ibilbidea eredugarria da. Sindikatu abertzale nazional bakarra gisa bertan parte hartzeaz gaian, Hemen Erabaki dinamika abiatu dugu. IEH negoziazio kolektiborako marko propio bat bezala hartuz eta sindikatu bakotxaren errepresentibitatea neurtuta, akordio eta neurri hobeak borrokatzera goaz langileen lan eta bizi baldintzak konkretuki aldatzeko.
Burujabetza prozesua bultzatzeko, langileen artean pedagogia soberanista egiten behar dugu. Sindikatu hori IEHn, LAB da eta egiteko hori beti ere sindikatuaren funtziotik.
Hauxe izan da urte luzez, LABek intersindikaletan parte hartzeko izan dituen aitzaki faltsuen gatik zorionez lantoki era karriketan egiten dugun sindikalismo borrokalari, feminista, antiarrazista eta ekososialistari esker, gure tokia egiten ari gira.