Baionako karriketan larunbatean egin zen argazkiak balio garrantzitsua du. Aurore Martin eta Josu Esparzaren on-doan ibili baitziren Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Maite Aristegi eta Xabier Mikel Errekondo Espainiako Parlamentuko Amaiurreko diputatuak, Xabi Larralde Batasuneko kidea, Tasio Erkizia ezker abertzaleko militante historikoa, Alain Iriart kontseilari nagusia, Peio Etxeberri-Aintchart ABko zuzendaritzako kidea, Christine Bessonart Hautetsien Biltzarreko presidentea, Jean-René Etchegaray Mo-demeko kide eta Baionako hautetsia, Alice Leizeagezahar Berdeetako kontseilari nagusia, LAB, CFDT eta CGTko hainbat buruzagiren batera. Herrietako hautetsi ugarik hartu zuten parte manifestazioan. Kultur munduko eragileak ere ez ziren falta, bertze ainitzen artean.
Sozialistek ere beren presentzia nabarmendu nahi izan zuten, eta adierazgarria izan zen igorri zuten ordezkaritza. Bertzeak bertze manifestaldian parte hartu zutenen artean egon ziren Frederique Espagnac Frantziako senataria, Frantxua Maitia Akitaniako kontseilaria, Kotte Ezenarro Kontseilu Nagusiko presidenteordea, Marie Christine Aragon kontseilari nagusia eta Pierre Cherret Pirinio Atlantikoetako PSko idazkari nagusia.
Paulmy etorbidean gora egin zuen manifestazioak abantxu iragarritako tenorean. Beti bezala, polizak suprefeturara eta auzitegira eramaten duten karrikak zaintzen zituen. Handik pasatzean «utzi bakean, alde hemendik!» oihukatu zuten manifestariek.
Manifestaldi bukaeran, CFDTko Erregina Dolosorrek eta Ipar Euskal Herriko Giza Eskubideen Ligako presidente Christophe Desprezek irakurri zuten agiria, euskaraz eta frantsesez. Euskal Herrian konponbide politikorako aroa hasi dela erran zuten, eta azpimarratu Aieteko adierazpena eta ETAren agiria bide horretan emandako urrats sendoak direla. Alta, horren parean Espainiak eta Frantziak urrats horien araberako keinurik ez dutela egin erran zuten. Bi Estatuen jarrera salatu zuten. «Aitzinamenduak denen parte hartze zuzen eta baikorrarekin lor daitezke soilik!».
Gatazkaren konponbide politiko, demokratikoa eta baketsua eskatu zuten. Bizi politikoaren normalkuntza bidean, eskubide demokratiko, zibil eta politikoak errespetatuak izan zitezen galdatu zuten.
Euskal Herriak bake iraunkor eta justua behar duela azaldu zuten. «Hain da garrantzitsua bake hori, ezin dugula besteen esku utzi hori martxan ezartzeko ardura». Traba guzien gainetik, euskal herritarrek prozesu hori bultzatu behar dutela erran zuten, bide horretan parte hartze zuzen eta aktiboa izanez. Hiritar guztien eskubideak eta erabakitze eskubideak errespetatu behar direla azpimarratu zuten.
Prozesu demokratiko bat hasteko parada da-goela erranez, eragile guztien ardurari dei egin zioten, eta borondate ona adieraz dezatela galdatu. Prozesu demokratikoa hasteko urratsak izendatu zituzten, hala nola aske behar luketen preso politikoak libratzea eta gaineratekoak Euskal Herrian bateratzea, debekatuak dauden alderdi politikoak legeztatzea, auzi politiko eta errepresio mota guziak baztertzea eta euroagindua zein legedia berezi guztiak deuseztatzea. «Frantses estatuari eskatzen diogu gurekin diren Aurore eta Josu ez Espainiaratzea». Biktima guztien ezagupena eta bizikidetza bideratzea galdatu zuten.
Manifestazioaren antolatzaileen xedea eragile sindikal, politiko eta gizarte eragileekin biltzea dela azaldu zuten. Helburua lortzeko urratsak guztien artean gogoetatu eta gauzatuz.