Segur boztekoa da hegoaldeko bozketan Bilduko zerrendek ardietsi duten arrakasta. Haatik ez gaitu harritu behar: hor badago euskal populuko zati handi bat, Espainiako gobernuak lege berezi batez politikatik baztertua zuena, jokoz kanpo ezarria. Egoera guziz anormal horri behin-behingo aterabide bat eman dio Espainiako justizia gorenak, boz baten gehiengoaz! Agian erabaki horrek aldebat iraunen du, eta laster ber epaile taldeak Sorturi ere atea irekiko dio: hala behar luke normalki. Bai, zentzu onak eta zuzenbideak gaina hartu behar lukete Madrilen ere, Euskal Herrian nagusitu di-ren bezala. Euskal ezkerrak bakezko bi-deak hautatu baititu ezbairik gabe, horri esker berriz eskuratu ditu bere gorenaldian biltzen zituen bozak, eta ederki gainditu ere.
Legearen betetzea: hori da edonori zalantza barik eska dakiokeena; inori ezin zaio haratago joaterik inposatu. Alta bada, es-painiar alderdiak euskal ezkerrari beti gehiago eskatzen ari zaizkio, nagusiki Partido Popularra. Honek atsulutoki umiliatu nahi du, bere (Falangeko?) uztarri petik pasarazi, mende erdi bateko euskal borrokaren historia kondenaraziz. ETAk zortzi ehun eta zenbait pertsona hil dituela… Baina frankismoak zenbat? Mila aldiz ge-hiago! Espainiako eskuin osoak lagundu zuen (salbu Euskadiko eta Kataluniako abertzale demokristauek), eta bizkitartean eskuin horri ez zaio inolako baldintzarik jarri, ez zaio konturik eskatu aro berrian sartzeko. Eskuin frankista demokraziaren autobidez badabila bidesaririk ordaindu gabe.
Eskuin horrek oraindino ez du frankismoa ukatu, ezta egundaino kritikatu ere. Zer lejitimitate du orain euskal ezkerrari demokraziarako ibilaldian neurri gabeko bidesarien jartzeko? Ez genuke besteri egin behar besterenganik jasan gura ez dugunik: Ebanjelioko aholkua naski, baina bestalde paganoen eta laikoen tradizio ezberdinetan ere agertu den zuhurtitza.
Bere aldetik, abertzale ikuspegitik, EAJek orokorki franko zuhurki jokatu duela uste dut, nahiz Bilbo aldeko txorizero handi batzuek, bizkaitar kantu ezagun batek salatua betez, Bizkaiko Juntetan beren janiza erraldoia erakutsi duten.
Hori guzia Hegoaldean. Baina hango gertakizunek hemen ondorioak badituztela badakigu. Han euskal aferak hobeki joango direnean, agian laster, guri ere on eginen digute duda barik. Mementoan hango gatazkaren zipriztin eta tzapasta ezkorrak jasan behar ditugu, bereziki Aurore Martin abertzale zuberotar gaztearen auzibide harrigarria. Zinez ahalkegarria zait Frantziako Estatuaren egintza koldar eta zitala: «bere» herritarra zaindu behar lukeelarik, Espainiako justiziari ematen dio epaitera, iritzi delitu baten ondorioz: holako deliturik inolaz ezin izan daite demokrazia ba-tean.
Iduriz salbuespen bat badago euskal a-bertzaleen aitzi «gure» bi Estatuetan. Henri d’Albret / Labrit Nafarroako erregeak salatu zuen bezala, Euskal Herria horien artean dago kukuso bat bi tximinoren ar-tean bezala, batak besteari edonoiz pa-satzen diola, bere aldian tinka dezan eta gelditzera bortxa. Aurore Martin anderea horren etsenplu garbia dugu, ezin ahantzia, ezin utzia. Gainera terrorismoaren aitzakian eta estakuruan, bi Estatu horiek eta beste batzuek beren legedia zinez hertsitu eta bortiztu dute, herritarren eskubideak murriztuz. Ondorio ezkorrak edonork jasan ditzake. Kezka orokor hau ere jo-koan dago militante horren aldeko borrokan.