Interdependentzia eta ekosozialismoa

Amazonian zuhaitz mozketa aitzina doa.

Larrialdi ekologikoa eta aberastasun arrakalak elkarrekin ulertzeko eta horiei aurre egiteko tresna gisa ekosozialismoaz gero eta gehiago entzuten dugu. Lortuko ote du XX. mendeko burujabetza kontzeptu zaharkitua gainditzen, gure mendeko erronken arabera eraldatuz?

Larrialdi ekologikoaren inguruko eztabaidetan toki garrantzitsua dute itzulera gabeko puntuek, ingelesez «tipping points» izenez ezagunak. Hau da, atmosferaren funtzionamenduan edo ekosistema gakoetan bat-bateko eta itzulera gabeko aldaketa handiak gertatzea. Iazko abenduko COP28aren karietara argitaratu zen txostenak arrisku horiek aztertzen ditu, eta lan hori koordinatu duten Sonia Kéfi ikerketa zuzendariak horrela laburbiltzen du arrisku horien auzia: “Lurreko sistema osoa marraztu dezakegu beren artean konektaturiko entitate sare erraldoi baten gisan. Itzulera gabeko puntuek dominoen gisan hurrenez hurren elkar erorarazi dezakete. Gainera biosferaren zati bat neurri aski handian eroriz gero, horrek kliman eragina du, eta alderantziz. Giza jarduerak ekosistemen menpe daude ere, orduan horrek eraginak ditu sistema ekonomiko, sozial eta politikoetan.”

Kate horretan denok batera gogorki loturik gaude

Interdependentzia globala irudikatzeko katearen metafora erabili zuen Xabier Letek bere abesti ezagunenetarik batean. Dominoen irudia erabiltzen du Sonia Kéfik azalpen horretan, kasu honetan soilki lerrokatuak baino sareturiko lerrotan ezarriak, hainbat adarkadura eta uztargunerekin. Sareturiko ekosistema horietan, erronka da ekosistema bakoitza ahalik eta sendoen izatea, ondoko bat eroriko balitz era berean eror ez dadin. Sendotasun hori neurri handi batean bioaniztasunean datza. Azkenaldian bi artikulu esanguratsu argitaratu ziren oihanen aniztasunari buruz, zehazkiago oihanek klima aldaketari aurre egiteko duten gaitasuna bioaniztasunean datzala ongi erakusten dutenak. Oihanak dira eremu lurtarretako karbono biltegi handienak, eta haien osasuna premiazkoa da gure etorkizunerako, desagertuko balira karbonoa bildu baino masibokiago isuriko luketelako atmosferara. Ikerketa horietarik batek(1) erakusten du bioaniztasunak idortearen eraginak baretzen dituela oihan mota ezberdinetako biomasa usteltze sistemetan.

Hots, lurrean orbelak eta egur hila jaten dituzten onddo, bakteria, zizare eta bertzeek are eta anitzagoak izanik, gero eta hobeki segi dezaketela orbelak jaten, lurra elikatzen eta zuhaitzei ura xurgatzen laguntzen, idortea izatekotan ere. Orokorrean gutiegi ikertuak dira izaki horiek, pentsa: oihan hektarea batean gramo batzuk diren xoriak ongi ezagutzen dituzte ornitologoek (eta beharrik) baina oihan hektarea honen lurrean tona bat edo bi izan daitezkeen zizareei buruz oso gauza guti dakigu, nahiz eta zizareak bai nitrogeno baita karbono zikloan ere garrantzi oso handikoak izan. Zeresanik ez milaka espezie diren lurreko onddo eta bakteriak, euri ondorengo geosmina usaina sortzen dutenak tarteko. Orbel eta egur hilaren usteltzea ezinbertzeko prozesua da lurzoruan karbonoa harrapatzeko, horren ondorioz oihanen biziraupenerako, eta horren ondorioz klima leuntzeko, euria adibidez kopuru handian oihanek ere sortzen baitute. Bertze ikerketan(2), hogoi urtez hainbat ekosistema lurtarren mikroklima aztertu dute, bereziki tenperatura aldaketen eragina zenbatekoa izan den hainbat oihan eta larreko mikroklimatan, eta eragin hori nolakoa zen landare aniztasunaren arabera. Hor ere ikusi dute landare aniztasunak are eta handiagoa izanik, gero eta gehiago baretzen dituela muturreko tenperatura aldaketak, baita prozesu ekosistemiko batzuk errexten ere, horietarik ere egur hilaren usteltzea eta horrek bermatzen duen guzia.

Funtsean, berotzen eta desorekatzen ari den klimaren aurrean, oihan anitzagoak dira hobeki biziraunen eta karbonoa harrapatzen jarraituko dutenak, biziko garen herri idorragoan ere. Gelditzen zaizkigunak behar ditugu babestu, eta landatuko ditugunak beharko ditugu ahal bezain anitzak egin.

Lurzorua eta goiko zorua

Oihanetara itzuli baino lehen, azken asteotako gertakari bat gogorarazi nahi nuke: Bagira prozesuaren bururapenean – aurtengo Aberri Egunean – zabaldu zuten bide orrian esplizituki adierazia den bezala, XXI. mendeko abertzaletasunaren oinarrietan ekosozialismoa dago. Pertsona guzien oinarrizko beharren betetze duina, biosferaren mugak errespetatuz, helburu hori aberastasunen banaketa bidezkoagoaren bitartez, ekoizpenari buruzko hautuak herriaren esku egonik, hori da laburbildurik ekosozialismoak burutu nahi duena. Azken urteotan ezkerreko eragile gero eta gehiagok beren burua ekosozialistatzat jotzen dute. 2009tik larrialdi ekologikoa eta justizia soziala uztartzen dituen Bizi! mugimenduaren ikuspegitik, bilakaera hori onestekoa da noski. Kontua ez da, halere, azken hamarkada honetakoa: XIX. mendean Karl Marx famatuak zioen noizbait gizabanakoen eskuko globoaren jabetza pribatua, pertsona batek bertze pertsona bat jabetzea bezain absurdua iduriko zitzaigula.

Bilbon 2016ko irailean iragan nazioarteko topaketa ekosozialisten logoa

Erran zuen ere gizarteak ondoko belaunaldiei planeta egoera hobetuan transmititu behar ziela. Ondoko hamarkadetan William Morris idazle ingelesak oinarri teoriko ekosozialistak sakondu zituela diote aditu batzuek(3), eta Aleksandr Bogdanov zientzialari errusiarrak boltxebismoaren hasierari dimentsio ekosozialista (garai hartan hala izendatzen ez bazen ere) emateko ahaleginak egin zituen, Lenin haren aurka jarri zen arte(4), Sobietar Batasuna maila handiko eta estatuaren meneko industrializazioan buru belarri bideratuz. Ekosozialismoa berpiztu zen 1960ko hamarkadan, nagusiki Murray Bookchin teorialari estatubatuarraren esku, baina gaur arte nahiko bazterreko korrontea izan da. Gaurko hondamendi ekologikotik ikusiz, harrigarria iduri litzaiguke dimentsio ekosistemikoaren aintzat hartze hori ez zela goizago orokortu teorialari sozialisten artean. Horrek nolabait erakusten digu zein sakonak izan diren garapenaren ikuspegi erredukzionista eta estatuaren zentraltasuna XX. mendeko pentsamendu politikoan.

Burujabetza, estatuetatik harago

Munduko oihan garrantzitsuenetakoa Amazonia dugu, bertan dago ere munduko ibai handiena. Bere gaur arteko egoeran, Amazoniak bere ur zikloa sortzen du: zuhaitz eta landareek lurrinketa sortzen dute eta horren ondorioz tokian tokiko euriak, horrela sasoien arteko eurite aldaketak leuntzen dira, urte osoan hezetasuna atxikiz. Euri horiek Amazonian bertan baino eskualde zabalagoan ematen dira, Kolonbiatik Uruguaira alegia, eskualde haietako hainbat giza jarduera bermatuz. Eta mundu mailan, Amazoniak duen karbonoa bere zuhaitzetan eta bere lorzoru hezean atxikitzen duen bitartean, klima globalaren egonkortasuna laguntzen du, eta beraz hainbat ekosistemaren biziraupena ere. Neurri batean, gure hemengo bizien baldintzak hango ekosistemen sendotasunean ere oinarritzen dira. Lehen aipaturiko bi ikerketa horien emaitzek Amazonian ere berdin balio dute: oihan hark bizirauteko, ahal bezain anitza izaten jarraitu behar du. Horrek erran nahi du noski mozketa masiboak etetea. Alta bada, zuhaitz mozketari dagokionez egoera larritu zen Jair Bolsonaroren kargupean, 2019an jadanik, karguan hasi zen urtean berean (Amazoniaren % 63 Brasilek kontrolatzen duelarik). Mozketak garapen ekonomikorako ezinbertzeko albo kalteak zirelakoan justifikatzen zituen, eta Brasilen harturiko neurriei buruz Brasilgo gobernuari inork deus errateko eskubiderik ez zuelakoan. Halako burujabetza aldarrikatzen zuen, interdependentzia globala eta horretan zuen ardura handia erabat ukatuz. Zorionez, mozketa nabarmen gelditu zen Luiz Inázio Lula Da Silvak azken hauteskundeak irabazi eta 2023an mozketen aurkako neurriak hartu ondoren. Baina arazoak zintzilik darrai: mundu osoaren egonkortasuna laguntzen duen ekosistema erraldoi horren ia bi herenen zoria estatu bateko hauteskundeen emaitzaren menpekoa da, zorabioa emateko modukoa. Egoera prekario eta desorekatu hori lehen aipaturiko XX. mendeko bi gaitz horiei lotua zaie, eta horrek burujabetzaren kontzeptu uzkurtu eta zaharkitua sortzen du, burujabetza westphalianoa deiturikoa, estatuari mugatua eta historikoki kolonialismoari lotua zaiona. Hori gainditzeko, bi geografok burujabetza indigenoa(5) garatzea proposatzen dute, gizarte harremanak eta dimentsio kulturalak aintzat hartuz, eragile politikoen arteko interdependentziak aitortuz, lurrarekiko harreman material eta kulturalak barne hartuz, eta burujabetza kontzeptua bera goitik beherakoa eta monolitikoa izan baino, behetik gorakoa izatea, egoera eta helburuen arabera jendeek kolektiboki eskuetan hartzeko modukoa. Datozkigun erronkei aurre egiteko kontzeptu askoz erabilgarriagoa dudarik gabe.

(1) Biodiversity mitigates drought effects in the decomposer system across biomes, PNAS 121(13)

(2) Microclimate modulation: An overlooked mechanism influencing the impact of plant diversity on ecosystem functioning, Global Change Biology e17214

(3) Derek Wall (2005). Babylon and Beyond: The Economics of Anti-Capitalist, Anti- Globalist and Radical Green Movements

(4) Joel Kovel (2007) The Enemy of Nature: The End of Capitalism or the End of the World?

(5) Harald Bauder & Rebecca Mueller (2023) Westphalian Vs. Indigenous Sovereignty: Challenging Colonial Territorial Governance. Geopolitics 28(1).

Soutenez Enbata !

Indépendant, sans pub, en accès libre,
financé par ses lecteurs
Faites un don à Enbata.info
ou abonnez-vous au mensuel papier

Enbata.info est un webdomadaire d’actualité abertzale et progressiste, qui accompagne et complète la revue papier et mensuelle Enbata, plus axée sur la réflexion, le débat, l’approfondissement de certains sujets.

Les temps sont difficiles, et nous savons que tout le monde n’a pas la possibilité de payer pour de l’information. Mais nous sommes financés par les dons de nos lectrices et lecteurs, et les abonnements au mensuel papier : nous dépendons de la générosité de celles et ceux qui peuvent se le permettre.

« Les choses sans prix ont souvent une grande valeur » Mixel Berhocoirigoin
Cette aide est vitale. Grâce à votre soutien, nous continuerons à proposer les articles d'Enbata.Info en libre accès et gratuits, afin que des milliers de personnes puissent continuer à les lire chaque semaine, pour faire ainsi avancer la cause abertzale et l’ancrer dans une perspective résolument progressiste, ouverte et solidaire des autres peuples et territoires.

Chaque don a de l’importance, même si vous ne pouvez donner que quelques euros. Quel que soit son montant, votre soutien est essentiel pour nous permettre de continuer notre mission.


Pour tout soutien de 50€/eusko ou plus, vous pourrez recevoir ou offrir un abonnement annuel d'Enbata à l'adresse postale indiquée. Milesker.

Si vous êtes imposable, votre don bénéficiera d’une déduction fiscale (un don de 50 euros / eusko ne vous en coûtera que 17).

Enbata sustengatu !

Independentea, publizitaterik gabekoa, sarbide irekia, bere irakurleek diruztatua
Enbata.Info-ri emaitza bat egin
edo harpidetu zaitezte hilabetekariari

Enbata.info aktualitate abertzale eta progresista aipatzen duen web astekaria da, hilabatero argitaratzen den paperezko Enbata-ren bertsioa segitzen eta osatzen duena, azken hau hausnarketara, eztabaidara eta zenbait gairen azterketa sakonera bideratuagoa delarik.

Garai gogorrak dira, eta badakigu denek ez dutela informazioa ordaintzeko ahalik. Baina irakurleen emaitzek eta paperezko hilabetekariaren harpidetzek finantzatzen gaituzte: ordaindu dezaketenen eskuzabaltasunaren menpe gaude.

«Preziorik gabeko gauzek, usu, balio handia dute» Mixel Berhocoirigoin
Laguntza hau ezinbestekoa zaigu. Zuen sustenguari esker, Enbata.Info artikuluak sarbide librean eta urririk eskaintzen segituko dugu, milaka lagunek astero irakurtzen segi dezaten, hola erronka abertzalea aitzinarazteko eta ikuspegi argiki aurrerakoi, ireki eta beste herri eta lurraldeekiko solidario batean ainguratuz.

Emaitza oro garrantzitsua da, nahiz eta euro/eusko guti batzuk eman. Zenbatekoa edozein heinekoa izanik ere, zure laguntza ezinbestekoa zaigu gure eginkizuna segitzeko.


50€/eusko edo gehiagoko edozein sustengurentzat, Enbataren urteko harpidetza lortzen edo eskaintzen ahalko duzu zehaztuko duzun posta helbidean. Milesker.

Zergapean bazira, zure emaitzak zerga beherapena ekarriko dizu (50 euro / eusko-ko emaitzak, 17 baizik ez zaizu gostako).