Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
Xingar feriaren arrakastak beldurrak sortu ditu Baionako hautetsietan. Feria jendetsua izan da eta parte hartze azkar horrek kalte franko ekarri ditu. Ez da lehen aldia holako galderak plazaratzen direla. Covid-aren garaiak bizi moduak aldatu zituen eta geroztik zenbait gertakarik beren antolamendua berrikusi dute edo berriz ikusi beharko dute datorren edizioari begira. Baionako bestak, Xingar feria, baina ez bakarrik…
Fenomeno berri horrek gure herri ttipietako bestak ere hunkitzen ditu. Zertaz mintzo gara? Non da arazoa? Xingar feriaren bostehun eta hirurogeita bigarren edizioa genuen aurten. Bostehun urte pasa Xingar feria Baionan egiten dela… Bostehun urtez ongi iragan da eta azken bizpahiru urte hauetan gauzak zailago bilakatu dira? Bortxaketa bat, alkoholari loturiko hamar bat bortizkeria kasu, ehunbat ebasketa eta hirurehun bideko delitu. Ez da guti. Laurehun mila parte hartzaile nonbait han. Zenbaki guzi horiek elkarren parean ezarriz ohartzen gara gutiengo batek dituela feria edo bestak arriskuan ezartzen.
“Gure lurraldean, gure ohiduretan, gure gizartean,
kantuak, dantzak, trago baten edateak, orokorki bestak,
leku berezia ukan dute.
Eta zergatik beharko genuke egin molde hori zenbaitzuengatik aldatu?”
Xingar feria jendetsua izan balitz bainan nahasmendurik gabe zer erranen zen? Lorpen herrikoia izan dela? Milaka lagun bildu direla gure xingarra ospatzeko? Nik dakita… Holako zerbait. Nehork ez zuen proposatuko lekuz aldatzea, beste herri batean antolatzea, urtean goizago egitea… edo nik dakita zer…
Gure lurraldean, gure ohiduretan, gure gizartean, kantuak, dantzak, trago baten edateak, orokorki bestak, leku berezia ukan dute. Eta zergatik beharko genuke eginmolde hori zenbaitzuengatik aldatu? Zergatik ez ikusi arazo hori hezkuntza arazo bat bezala? Besta egiten ikasi behar da, bestearen errespetua ikasten da ere… Zer den haizu eta zer ez den onartua jakitea beharrezkoa da. Eta gero bakoitzak erabakitzen du ea besta jendetsu batean parte hartu nahi duen ala nahiago duen mendira joan… Bakoitzak berea!
Herriko bestak memento bereziak dira herrietan. Zenbait herritakoak famatuak dira Euskal Herri osoan. Baina hor ere galdera berak. Nolako herriko bestak nahi ditugu? Sarako auzapezak, baita beste batzuek ere, berrikitan jakinarazi dute lan batzorde bat sortu dutela galdera horri erantzuteko. Herriko bestetan ere hezkuntza arazo bat sortzen ari da. Gazteak, izigarri goizik, gero eta goizago ateratzen dira. Zergatik ez? Baina goizago edaten hasten ere, batzuetan mozkortu arte. Ez dituztelarik edariak beste zerbaitekin nahasten. Eta hau pentsatzen dugun baino gehiago sartua da. Droga edo drogak, alkohola bezainbat kontsumituak dira gazte eta besta munduan. Ikusi behar da sinesteko. Hau ez da bakarrik hautetsien arazoa. Gazte guzi horien gibelean badira burasoak: haien kezka ere izan beharko litzateke, ez? Zer nolako gazteria nahi dugu? Nolako gizartea nahi dugu? Zer Euskal Herri nahi dugu? Galdera pausatzea bera erantzunaren abiapuntua omen da… Agian bai.