2015eko azaroaren atentatuen ondotik, iritzi andana bat entzun dira komunikabideetan. Urruntasun pixka batekin orain, harritzekoa da ikustea nola garatu diren Hexagonoan diskurtso gogorrak eta harroputzak. Pentsatzen ahal zen panorama politikoan eskuinean ziren jendeen ildotik garatuko zirela bainan analisatzen badira, ikusten da Frantses Estadoak betidanik bere bihotzean duen jakobinismo hotz bat indartu dela, eta bere bozeramaile burrunbatsuenak panorama politikoan ezkerrean atzematen diren jende batzu direla.
Heien diskurtsoa izigarri sinple da; atentatugileek, gaur egungo « barbaro » berri horiek munduan den itsasargia atakatu dute, Franzia noski. Berrehun urteko histori odoltsu bat gordetzen dute sinetsaraziz mundu osoari frantses errepublikaren baloreak direla (sinpleki!) egiazko errepublikar baloreak. Ahanzten dute alde batetik Frantzia ez dela errepublika bakarra munduan, eta bestaldetik heien begirada hertsiarengatik, gaur egungo munduaren errealitatea ikustea eta senditzea ez direla kapable.
Ulergarria da nunbait holako iritzi bat edo erreflexu bat ukaitea ekintza latza batzuen ondotik, bainan ez dute ikusi nahi Frantzia munduaren itsasargia baldin bada, ez dela barbaro batzuek setiatzen duten gaztelu bat bainan bai Frantziak pairatzen dituela azken hamarkadetan eta urteetan errepublikar balore unibertsaleer bizkar ematen duen politika baten ondorioak.
Palestinako populuaren borroka ez kondutan hartuz, arabiar estadoetan diktadura batzu babestuz eta petromonarkien diruaz gozatuz, Frantziak ez ditu bere baloreak defenditu; azken denboretan, gerla batzu asumituz bere uranio erreserbak babesteko Afrikan eta gero eta gehiago armak salduz munduaren lau kantoinetan, ez du ere bere mezu unibertsala gauzatzen bainan ezantza botatzen munduan gertatzen diren sute ainitzetan.
Beraz, munduaren itsasargia baldin bada, tenorea da argia itzaltzeko ez dezan gehiago Euskal Herrian ere pairatzen ditugun harroputzak gehiago itsutu.