Hiru alderdi hauen igoerak azken denbora hauetan politikarien arreta piztu dute, bereziki Europan. Ikerlari askok populistatzat jotzen dituztelarik, beste batzuk ohiko alderdien egonkortasuna, sinesgarritasuna eta beharbada existentzia zalantzan ezarriko dituztela pentsatzen dute.
Populismoa herri xehearen interesak zaindu nahi dituen ideologia den heinean, edozein demokrazi zalek ezin lezake politika bide hori gaitzetsi. Hasiera batean, populismoaren esanahia zuzena zen arren, denborarekin demagogia hutsarekin alderatzeraino heldu dira ikerlari batzuek.
Gero errespetatuko ez diren neurriak eta babes legeak ezarriko direla herritargoari zin egiten dion hautagaia da benetako demagogoa, herri xehearen bozak bere probetxu eta intereserako baizik ez baititu bilatu nahi. Hasiera batean populismoa eta sozialismoa esanahi berdina bazuten Frantziako Larrouse hiztegiaren arabera. Hots kasu askotan gaur populismoa deitzen dena jatorrizko sozialismotzat jo dezakegu.
ENBATA-ko azken alean Peio Etcheverry-Ainchart-ek eta Jakes Bortayrou-k hiru alderdi horien gaurko egoera komentatu zizkiguten. Hiruek duten asmo berdina gaurko sistema kontra izatean datza, baina alderdi bakoitzaren ideologia eta aurrerapenak ikusi behar dira, bereziki herri menperatuen abertzaletasunari buruz duten ikuspuntua.
FN-a 1972 urtean sortu zen, Frantziako Estatuak kanpoko koloniak eta bereziki Algeria “galdu” zituenetik hamar urtetara alegia. Frantziako eskuina eta gizartearen zati bat frustratuta geratu zen, eta Ipar Afrikatik helduriko etorkinek jarrera hori areagotu zuten. 1981-garren urtetik etorkinek ukan zituzten berrezagupenak, alde batetik eta hauteskunde sistemaren aldaketa bestetik, FN-aren igoera ondorioztatu zuen Pariseko Legebiltzarrean eta hauteskundeetan. FN-aren barnean sustraia arrazistak eta pro-naziak (Shoaren zalantzan edo bigarren mailan jartzea bereziki), arrotzen gorrotoa eta islamofobia dira alde ukakorenak. Horren ondoan Frantziako nazionalismo mitiko atzerakoiaren apologia hutsa egiten du alderdi horrek, urtero Jeanne d’Arc emazte kasi mitikoari emandako gurpena lekuko. Alderdi honen eraikitzailearen alabak horren gidaritza hartu duenetik, islama eta islamismoaren aurka izateaz gainera, Europako Batasuna eta Euroaren aurka dira gehienetan mintzaldi gogorrenak. Le Pen andereak deabrukeria guztiak kendu nahi omen ditu zuzentzen duen alderditik, non aitarekin haserretzeraino heldu baita. Baina nago eztabaida nepotiko honetan antzerki mota bat izaten ote den. Hain zuzen ere, sustrai arrazistak alderdiak moztu dituela sinets araziz, hautesle gehiago ukanen dituela segurtatu dezake Le Pen andereak. Horrela ezker erradikalarekin ados dagoen hautesle andana bat, Frantziako ohiko alderdiekin ados ez daudela, mutur batetik bestera iraganen lirateke. Frantses nazionalista hutsa izanik, estatuko gutxiengoentzat aldaketa handiak FN-ak ekarriko dituenik ez dut uste; Le Pen-darrak bretoinak izan arren, ez ditugu sekulan entzun zerbait eskatu zutenik Bretainarentzat, hizkuntza zein lurraldearen estatutuari buruz; dena den 2002-ko hauteskundeak ikusirik, 2017-an gauza berdina errepika daitekeelakoan nago.
AHAL DUGU / PODEMOS alderdi berri -berria dugu, eta sustrai sanoak baditu: indignatuen mugimendua alegia. Haren egitasmoaren 29 puntuak begiraturik, Iberiako nazioen autodeterminazioari buruz deusez idatzita ez dagoela nabaritzen da: federalismoa, be-zentralismoa, autodeterminazioa ez dira batere aipatzen, baizik-eta gizarteak jasaten dituen arazo larrien aurkako neurriak, naski oso laudagarria dena. Gaur PP-ko zein PSOE-ko ustelkeriez eta Espainiako Erregeen espantukeriaz jendearen zati handi bat nazkaturik dagoela ikusirik, herriari itxaropen gehiago ematen dio alderdi horrek. Espainiako Estatuan Frantziako FN-a bezalako alderdi batek aurrerapenak egin ditzan arrisku edo probabilitate oso gutxi dago. Frantziako FN-arekin harreman estuak omen dituen España 2000 alderdiak lau mila kide baino ez omen du, et Euskal Herrian behintzat hautagairik ez du aurkeztu. Hego Aldeko Ganbaran AHAL DUGU /PODEMOS laugarren indar politikoa izanik, autodeterminazioaren negoziatzeko partaide bat izan daiteke.
SYRIZA-ri dagokionez, AHAL DUGU / PODEMOS-en sustrai eta helburu berdinak badituela esan dezakegu. Banan dakigunez, Greziako gutxiengoen errebindikazioak (Albaniarrak, Mazedoniarrak, Thrazako Turkiarrenak) ez dira oraindik Frantzia eta Espainiakoen mailara heldu. Guy Héraud zenak 1961 garrenean idatzi zuenaren arabera, turkiarrak bakarrik gutxiengotzat jotzen ditu Athenasek; Albaniarrak eta Errumaniarrak asimilaturik dira eta bakarrik Mazedoniarrek errebindikatzen dute. SYRIZA-k lehenetsi behar dituen xedeak Alemaniako gerla zorra berreskuratu, Eliza eta barkugintzan ari diren ugazabengandik zergak bildu, eta zerga sistema sendo eta zuzen bat ezartzea. Zorionez gaurko sistemaren aurka diren alderdi eskuindar eta neonaziek indarra gutxiago daukate herri honetan.