Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
Herrian lan eta bizi! Ez da gaurko lema. Duela berrogeita hamar urte arazoa aipatua zen, Iparretarrak talde armatuak salatzen zituen jadanik etxegintza ezpekulazionia eta prezioen emendatzea 1970/1980 urtetan. Ondotik, 2007/2008 urtetan, Irrintzi talde batek bere gain hartu zituen etxe-saltze agentzia batzuen kontrako ekintza batzu, arrazoin berekin.
Azpimarratu behar dugu zonbait hamarkada beharrezkoak izan direla gizartea biltzeko Baionako karriketan, hain kopuru handian, etxebizitzaren eskubidea aldarrikapenaren gibelean. Zonbait urte eta Covid pandemiaren laguntza.
Betidanik, Ipar Euskal herriak bizi ukan du prezione bat lurra eta etxegintza mailetan. Lehenik kostaldean eta gaur egun lurraldeko parte nagusi batean. Beti danik prezioak gora izan dira eta eskaintzak apalak. Batzuek iduri dute gaur direla hortaz ohartzen, arazo berri bat balitz bezala.
Manifaren bezperan izan diren tindaketek eta manifa denborako trakta batzuek neurtzen dute zer nolako krizpazioneak sortarazten dituen gaiak. Burutan ditugu Bidarrai, Baigorri eta Arbonan eskainiak edo galdatuak izan diren prezioak. Salaketatik okupazioetara pasatzera behartuak izan dira laborariak lurrak laborantza eremuan atxikitzeko. Etxaldeak milionetan salgai. Galdera hor. Prezioak igotzearen araberan. Urkoin, Kanbon, beste proiektu batzu… Alda mugimenduak argitaratu ditu ekintza batzuen bitartez, epe laburreko eta turismorako alokatzeetan izaiten ahal diren zentzugabekeriak. Gaia minberatsua eta zaila dugu.
Etxe-saltze agentziak ekarriak dira arazoaren sortzaile bezala. Hala badira, ez dira bakarrak. Arazoa zabalago da. Beste galdera batzu ekarriko ditu eztabaidak.
Nola mugatu prezioak? Nori saldu? Nola saldu? Alokailuak mugatu beharko dira: norentzat? Nori lehentasuna? Herritarrei? Gazteei? Lana dutenei? Bizileku eskaintza emendatu beharko da. Nola? Etxe hutsak erabiliz? Bigarren egoitzak mugatuz? Etxe berriak eraikiz? Eraikiz nun? Zoin lurretan? Nola zaindu laborantza lurrak denbora berean? Eskaintza emendatu zoin hainetan? Noiz arte? Nola lortu oreka bat herritar eta kanpotiarren artean? Behar dea oreka hori kontutan hartu?
Beste lurralde batzuetan, Korzika eta Bretanian adibidez, arazo bera bizi dute. Aste buru huntan, Baionan bezala, mugimendu berri bat sortu da Bretanian: Eun otë pour tertous en Bertegn ! Teilatu bat denentzat Bretanian! Ez gehiago eraikiz, bainan bigarren egoitzak eta alokatze turiztikoak ttipituz. Korzikan ere arazo bera. Bi lurralde horietan ‘egoile estatuaren’ eztabaida abiatua dute. Zerbait erosi aintzin, zoinbait urtez bizi behar lurraldean. Zergatik ez holako zerbait plantan ez ezar Iparraldean ? EHBaieko uda unibertsitatean, bi hautetsiek, bat korzikarra, Fabiana Giovannini eta Nil Caouissin, bretoinarrak, aurkeztu zaukuten proposamena. Elkar lan baten abiatzea ? Prezio hortan konponduko dugu etxebizitzaren arazoa.
Manifaren antolatzaileek zioten manifa abiatze bat izanen zela arazoaren konpontze bidean. Parte hartzaile eta manifarat deitu duten guziek erakutsi nahi ukan dute nahia bazutela.
Orain nahikeriatik ekintzetara.
1) Nola mugatu prezioak? Orain arte alimaleko desberdintasun bat badago itsasegi eta barneko aldean. Nire ustez diferentzia hori desagertu beharko da, kostaldeko alokatze eta jabetze prezioen apalduz, bakarrik bertako erosotasunak kontutan hartuz. Adibidez herri barnean dagoen apartamentu bat eta Getariko bat salneurri berdintsuan izan beharko lirateke, bizitokiaren zabalera berdintsua dela kontutan harturik dudarik gabe. Horrela errezago litzateke basanafar batentzat edo zuberotar batentzat etxe merkeago bat kostaldean aurkitzea.
2) Nori saldu? Bertan sortu diren edo bertan lan egiten dutenei. Egoilar estatutu bat prestatu beharko genuke. 1936 ko Jaurlaritzak esaten zuenaren arabera, euskal pasaporte bat izateko zazpi urte Euskal Herrian bizi eta lan egin behar zela. Zergatik hortik ez inspiratu? Nik bost urte adostuko nuke.
3) Nola saldu? Lehen etxea izaekotan, prestamuaren interes tasa oso baxua izan beharko litzateke.