Hona hemen asteartean, otsailaren 6an, Bergaran (Sortu Bergarak antolatutako eskola herritarrean) ELA Sindikatuaren MRA Fundazioako zuzendaria den Unai Oñederrak emandako hitzaldiaren transkripzioa.
SAR HITZA
Arratsalde on guztioi eta mila esker hemen hitz egiteko aukera emategatik. Ibaik deitu zidanean eta galdetu zidanean ea parte hartuko genuen Ezkerraren erronkei buruzko mahai inguru batean, asko poztu nintzen. Pentsatu nuen, “joño, badago oraindik ezkerrari buruz aritu nahi duen jendea!”. Ohikoago da entzutea ezkerra lehengo gauza dela, orain modernoagoa da esatea “ni ez naiz ez ezkerrekoa ez eskuinekoa”. Horregatik poztu ninduen sirena kantu horiei entzungor egiten dien jendea badela jakitean.
Egia da ezkerra oso lotuta egon izan dela barne zatiketak, eztabaida amaigabeak, eszisioak eta ezin ikusiekin. “Zu ez zara ezkerrekoa, ni zu baino ezkerrerago nago…” zenbat dogma bete behar, zer zaila purutasunaren purutasuna lortzea. Oso modu kominko eta ederrean islatu zuen errealiteta hori La Vida de Brian filmak.
Ni, hemen, eztabaida horretatik ihes egiten saiatu eta zentratuko naiz, ezkerrak duiten erronken aurrean, ELAn egiten saiatzen ari garen horretan.
- Egoeraren azterketa txiki bat egiten hasiko naiz, probokazio bat erabiliz: duela 60 urte eskuinak ezker politikak egiten zituen. Orain ezkerrak eskuin politikak egiten ditu.
- Egoera zein den ezagututa, gure ustez ezkerraren erronkak zeintzuk diren azalduko dut eta erronka horien aurrean gu zer egiten ari garen kontatzen saiatuko naiz.
- Amaierarako saiatuko naiz esandakoa laburbiltzen, hemendik ateratzen zaretenean zerbait behintzat gogora dezazuen.
Gogoratu behar duzuen laburpentxo hori honen oso antzekoa izango da: guretzat ezkerrak Euskal Herrian duen erronka da herritarrei gardentasunez eta pedagogia handia eginez gertatzen ari dena azaltzea: galtzen ari gara, gutxi gara, eta gaudenon artean nahi dugun gizarte eredua eraikitzen joan behar dugu; epe luzeko estrategia batekin, behetik gora, langileak, emakumeak, herritarrak boteretuz; aldaketa ez baita lortuko ez dakit zer mahaitan, ez dakit zer gobernutan, ez dakit zer sinatuta; aldaketa lortuko da sinatu den hori gauzatzeko indarra, gaitasuna eta medioak eraikiak baditugu.
1. EGOERAREN AZTERKETA: PROBOKAZIO BAT
Hasteko, beraz, probokaziora joko dut.
- 50. hamarkadan Estatu Batuetan errenta altuenak zituztenek errentaren %91 ordaintzen zuten zergetan.
- 50. hamarkadan Estatu Batuetan enpresa handiek ordaintzen zituzten zergek diru sarrera federalen %30a suposatzen zuen.
- 50. hamarkadan Estatu Batuetan Eisenhower eskuindarra zegoen gobernuan.
Europan ere garai hartan, esaterako, herrialde gehienetan aberastasunaren %70-75a soldatetara zihoan.
Eta orain zer gertatzen da?
Soldatak Estatu Batuetan 1969etik 2009ra %28 jaitsi ziren.
Errenta altuenek %91 ordaintzetik %35a ordaintzera pasa ziren. Obamak proposatu zuen %39ra igotzea, baina pentsa zein urrun gelditzen den %91 hartatik!
Enpresa nagusiek zergetan ordaintzen dutena diru sarrera federalen %6,6 baino ez da.
Europan joera berbera errepikatzen da. Eurogunean 1996-2006 hamarkadan mozkinak %36 igo ziren, lan kostuak, ordea, %18,2.
1992an soldaten pisua aberastasunean %70ekoa zen eurogunean. 2005ean %62koa. Alemanian 1995etik 2009ra sozietateen gaineko zerga 26 puntu jaitsi zen eta errenta altuenen zerga 9,5 puntu. Schroeder, ezkerra, zegoen gobernuan.
Datu hauek zer erakusten dute? Asko-asko sinplifikatuz (eta ongizate estatua emakumeen, kolonien eta planetaren esplotazioan oinarritu zela ahaztu gabe): 50-80 aldian oro har ezker politikak egiten ziren gobernuan eskuinekoak egonda ere. 80. hamarkadatik aurrera, ordea, joera guztiz kontrakoa da: eskuineko politikak egiten dira ezkerra gobernuan egonda ere.
Nola azaldu hori? Zergatik 50. urteetatik aurrera egiten zituzten ezker politikak eskuinekoek? Hemen ere gauzak oso labur esanda, langile mugimenduaren indarra eta komunismo erreala izan ziren kapitala itun bat egitera behartu zutenak. Sistema salbatzeko kapitala prest zen tarta hobeto banatzeko. Baina kapitalak itun hori mantendu zuen, apurtzeko aukera ikusi zuen arte. Horrela, 1973ko krisia aprobetxatuz eta SHOCK doktrina erabiliz, erasora jo zuen, eta ziklo neoliberala abiatzen du, bereziki Thatcher eta Reagan agintera iristen direnean.
Eta Euskal Herrian zer? Esan behar da EAE eta Nafarroan ongizate estatua, diktadura dela eta, beranduegi eta modu oso mugatuan iritsi zela, 80. hamarkadan, Europan eta Estatu Batuetan ziklo aldaketa abiatua zenean. 90. hamarkadarako hemen ere neoliberalismoa gailendu zen.
Datu batzuk ematearren: EAEn 1993an soldatetara zihoan aberastasunaren %54,7. 2006an aldiz %48,3. Kapitalak lan errentek baina askoz gutxiago ordaintzen du. Zerga zuzenen %80 langileok ordaintzen dugu, kapitalak %11 besterik ez. Ignacio Zubiri Ekonomia Katedradunak dioen moduan, hemen enpresek oso gutxi ordaintzen dute zergetan, edo ezer ez (enpresen %80k dio galerak dituela edo 6.000 euro baina gutxiago irabazten duela urtean).
Beraz, eta laburbiltzeko, 50. hamarkadatik aurrera lortzen da kapitalak ezker politikak onartzea, langile mugimenduak indarra duelako, eta bloke komunistaren alternatiba erreala (bere gauza on eta txarrekin) hor dagoelako mehatxu gisa. Beraz, gaur egun aldaketa lortzeko gakoa, berriro ere, kapitala behartuko duen indarra eta alternatiba erreala lortzea izan daiteke.
Ez dut zati hau amaitu nahi aldaketa hori lortzeko itxaropena piztu zuten bi kasu aipatu gabe, dugun erronka definitzeko oso baliagarriak iruditzen zaizkidalako:
- Lehena Grezia da. Syriza gobernura iritsi zenean, bertan genuen itxaropena. Begira noraino iritsi ziren: erreferenduma egin eta Europako memorandumari ezetz esan zioten. Baina ez zuten B planik. Ez zeuden prestatuak Europar Batasunaren erasoaren aurrean beren kabuz aurrera egiteko.
- Bigarren kasua Katalunia da. Begira noraino iritsi ziren. Oroimenean iltzatuak ditugu urriaren 1eko erreferendumaren irudiak. Independentzia aldarrikatzera iritsi zen Parlament-a. Baina gauza ez aurrera ez atzera dago. Ez zuten beren kabuz errepublika independiente gisa abiatzeko behar zutena eraiki.
2. EZKERRAREN ERRONKA ETA GU EGITEN ARI GARENA
Bi kasuok erakusten digute, burujabetzak eraikitzean dagoela ezkerraren erronka; mahai batean, gobernu batean, zerbait sinatzen denerako, sinatzen den hori beteko dela bermatuko duten burujabetza horiek eraikitzean. Sinatuko den hori, erabakiko den hori, gauzatu ahal izateko langileen, emakumeen, herritarren babes eta indar antolatua landuta egon behar du eta beharko diren medioak eraikiak, nahi dugun gizarte eredu horren balioetan oinarrituz. Horra hor gure ustez ezkerrak Euskal Herrian egun duen erronka nagusia. Baina hori nola egiten da?
Galdera horri erantzuteko, lehen esan dudan moduan, gu egiten ari garen horretan zentratuko naiz, iruditzen baitzait esan eta egiten duguna bat etortzea, ahal den neurrian behintzat, ezinbesteko ezaugarria dela aldaketan arrakasta izateko.
Egiten ari garena hiru hankatan dago bermatua:
A. Ezkerreko diskurtsoaren erreferentzia mantendu eta mobilizatu
Alde batetik, inposatu nahi dizkiguten politikei ezetz esan behar diegu: lan erreforma, pentsioen erreforma, negoziazio kolektiboaren erreforma, AHT, Erraustegia, TTIP, CETA, Europako tratatua, zergen jaitsiera, pribatizazioak, murrizketak… Ezinbestekoak dira protestak, mobilizazioak, grebak… erreferentzia alternatiboak markatzen jarraitzeko. Jendeari gogorarazteko politika neoliberal hauek ez direla derrigorrezkoak, aukerazkoak baizik.
Behin eta berriz entzun behar dugu: baina zertarako protestatu, zertarako greba egin, zertarako manifestaziora joan? Bat ez gatozela esateko, beste bide batzuk badaudela gogoratzeko, erabaki hauek hartzen dituztenen interesak agerian uzteko… Gutxi gara, bai; ez ditugu erabaki hauek gelditzea lortzen, hala da, baina erreferentzia markatzen jarraitu behar dugu.
Diskurtsoarekin eta mobilizazioekin ezkerreko erreferentzia mantentzea ezinbestekoa da, baina ez da nahikoa. Jendearen behar materialei erantzun behar zaie. Oro har, jendea proiektu batera erakarriko dugu bere baldintza materialak hobetzeko balio dugula egiaztatzen badu. Diskurtsoak garrantzia dauka, baina lehen urratsa jendearen bizimodua hobetzeko baliagarria izatean datza.
B. Enpresa eta lan zentroetan langileak antolatu eta lan baldintzak hobetu
Horixe da, hain justu, egiten saiatzen ari garena: sindikatua baliagarri bihurtu, lan erreformen, prekarietatearen eta langile pobreen aroan langileen lan baldintzak hobetzeko. Hauxe da erronkari erantzuteko gure bigarren hanka.
Langile mugimenduak II. Mundu gerra ostean kapitala itun bat sinatzera behartu zuenean, nondik atera zuen indarra? Ez zuen instituzioek oparitu zioten aitortzatik atera, baizik eta langileen artean egotetik, langileak antolatzetik, itxaropena eta aldaketarako grina kutsatzetik, hobekuntzak eta eskubideak langileak beraiek mugituz, borrokatuz lortzen direla sinistaraztetik. Antolakuntzaz eta borrokaz lortutako garaipen bakoitzak jende gehiago erakartzen zuen. Behean eraikitako indar horrek behartu zuen kapitala ongizate estatuaren ituna sinatzera. Itun horrek eman zien sindikatuei aitortza instituzionala, mahai bateko sinadura batekin langile askoren lan baldintzak hobetzeko aukera. Baina aitortza instituzional horrek, eta horren ondorioz jasotako diru publiko guztiak eraman zituen sindikatuak langileengandik eta lan zentroetatik urruntzera. Eta orain, kapitalak ituna apurtu duela, sindikatuei mahai batean sinadura batekin langileen lan baldintzak hobetzeko aukera kendu die.
Nola berreskuratu indarra? Langileengana itzuliz, enpresetara eta lan zentroetara joanez, hasierako sindikalismora bueltatuz: langileak berak antolatzen diren tokietan eta langileek berek borrokatzen duten tokietan soilik lortuko da lan baldintzak hobetzea. Langileei egia esanda; argi esanda beraiek direla antolatu eta borrokatu behar dutenak, ez dagoela sindikaturik sinadura batekin edo negoziazio batekin lan baldintzak hobetuko dituena, ez bada langile berorien parte hartzerik gabe. Hori bai, guk erresistentzia kutxa, zerbitzu juridikoak, negoziazio kolektiboko gabinetea, eta gure ezagutza eta jakinduria guztia jartzen diegu eskura. Baina beraiek dira konpromisoa hartu, antolatu eta borrokatu behar dutenak, gure laguntzarekin.
Eta halaxe garaipentxoak lortzen gabiltza (500etik gora enpresa hitzarmen lan erreforma kanpoan uzten dutenak), eta antolatu direnak ikusten dute sindikatuan antolatzeak merezi duela. Eta garaipentxo hori eredu da beste leku batzuetarako, eta beste leku horietan antolatzen hasten dira, eta horrela garaipentxoak hedatzen doaz, jendea gehitzen.
2017 urte hasiera 2016ko garaipenak ospatu genituen protagonista ahalik eta gehienekin. Ehunetik gora garaipen zenbatu genituen. Aurten ere iazkoa zerrendatu eta ospatuko ditugu. Enpresa txiki eta ertainetan ere ohiko bihurtzen ari da lan erreforma kanpoan uzten duten hitzarmenak lortzea.
Azken aldian garaipen batzuk aipatzeko: Debako zabor biltzaileak, UTE Urola-Debako errepideetako langileak, Euskaldunako azpikontratak, AHT eta Tabakalera (ZULOAN liburuan daude xehetasunak), Occidental eta NH hoteletako garbitzaileak, Aransgi fundaziokoak, Zarauzko garbitzaileak, Dachser-ekoak, DHL-Mercedesekoak, Euskadiko Orkestra Sinfonikokoak, kiroldegietako azpikontratak (Amurrio, Zarautz…), Bizkaiko erresidentzietakoak…
Dena den garaipen hauek guztiek ez dute langile guztien lan baldintzen hobekuntza ekartzen. Hori da erronka, lan zentro antolatuak hedatzen eta hedatzen joan harik eta lan baldintzak guztiei hobetuko zaizkien arte.
C. Ekonomia Sozial Eraldatzailean oinarrituta, alternatiben sarea eraiki
Baina langileen bizi baldintzak ez dira soilik lan zentroetan jokatzen, lan zentrotik kanpo ere. Ongizate Estatu eraisten ari diren honetan, pribatizazioak eta murrizketak eguneroko ogia direnean, kapitalismoak bizitza bera suntsitzen du. Kapital metaketa erdigunean jartzen duen sistema ordezkatu nahi dugu bizitza duina erdigunean jartzen duen sistemagatik. Ekonomia demokratikoa bilatzen dugu, guztion artean erabaki dezagun zeintzuk diren ditugun beharrak, nola erantzungo diegun behar horiei… Hein batean orain arte, bere gabezia guztiekin, sistema publikoak halako zerbait egiten zuen, baina orain sistema publikoa erasopean egonda nork egingo du? Hortxe kokatzen da ekonomia sozial eraldatzailea.
- Iparralde eredugarria da halako proiektuetan, eta guk ahal dugun neurrian Euskal Herriko Laborantza Ganbara, Eusko moneta soziala, 2013ko Alternatiba eguna Baionan, I-Ener energia berriztagarria ekoizteko elkartea… bezalako proiektuak babestu ditugu. Eta eredu honen azken emaitza Bakearen Artisauena da.
- Goienerreko bazkide gara, eta gure lokaletan Goienerrek bermatzen digu energia berriztagarria. Kanpaina bat egiten ari gara ELAkideak Goienerrera pasatzeko
- Fiareko bazkide gara, eta kontuak dauzkagu bertan.
- Koop57ko bazkide gara, bertako zuzendaritza batzordean eta batzorde sozialean gara
- EHko eskubide sozialen kartan parte hartzen dugu EHk behar duen alternatiba eraikitzen joateko, eta horren barruan jendartean ESE ezagutarazteko Bilbon Alternatiben Herria antolatu genuen eta aurten Iruñean antolatuko dugu.
Hauek guztiak proiektu txikiak dira, bai. Baina erronka da sarea zabaltzen eta hedatzen joatea. Proiektu hauek jendea erakartzen dute, eta jendea ahalduntzera darama. Erronka da denborarekin hau unibertsalizatzea, guztientzat izango den sistema demokratiko bat ezarriz bizitza duina erdigunean izango duena.
3. LABURBILDUZ
Erronka da burujabetzak eraikitzea. Hau da, bizitza erdigunean jarriko duen sistema eraikitzen joatea, jendea ahaldunduz, esaten duguna praktikan jartzen saiatuz, sare hori hedatuz, jendea erakarriz; eredu hau unibertsala izateko indarra, medioak eta kemena bilduz, mehatxuak mehatxu, erasoak eraso, bizitza erdigunean jarriko duen herri burujabe baterantz. Hori lortzeko hiru esparrutan ekiten dugu: erasoei eta erabaki politikoei aurre egiten jarraitu kalean eta diskurtsoan, langileak antolatu beren lan baldintzak hobetzen eta ahalduntzen joan daitezen, eta ESE bultzatzen, hedatzen eta eraikitzen parte hartu, esaten duguna guk ere praktikatuz.
Horra ezkerrak EHn dituen erronkak; horra gu zer egiten saiatzen ari garen. Esango digute ezkerraren asuntoa zaharkitua dagoela, lehengo garaikoa dela. Baina ez da horrela.
Eusko Jaurlaritzari entzungo diozue Auzolana esaten politika neoliberalak ezartzen dituen bitartean. Markel Olanori entzungo diozue burujabetza esaten, maiatzan Gipuzkoaren etorkizuna diseinatzeko American Entrerprise Institute think tank estatu batuar neoliberalarekin akordioa sinatu zuen bitartean.
Baina arazo larritzen da ezkerra bozkak irabazteko diskurtso ez ezker ez eskuinekoekin hasten denean. Axier Lopezek modu argian esan zuen Argian: ez bazara ez eskuin ez ezkerrekoa, zentro komertzialekoa zara.
Eta amaitzeko badakizue nork esan zuen lehen aldiz “gu ez gara ez ezkerreko ez eskuineko”? Primo de Riverak, falangetaz ari zela. Eta Mussolinik jarraitu zion, faxismoaz ari zela. Beraz, kontuz ibili halakoak entzuten dituzuenean!
Mila esker!