Apirilaren 2 eta 3an Parisen iragan zen epaiketa, dudarik gabe, judizialki memento historikoa izan zen. Lehen aldikotz euskal afera judizialetan, defentsa eta estatuaren ordezkariak aho batez mintzatu ziren.
2017ko apirilaren 8a posiblea izateko, estatu frantsesak ordu arte hartutako jarrera aldatu zuen eta bake artisauei konfiantza egiteko erabaki, gizarte zibilak ETA erakundearekin adosturik haren armagabetzea bururatzeko. Epaiketak argi utzi zuena memento historiko horren garantzia izan zen eta hortan inplikatu ziren estatuaren ordezkarien konbentzimendua, 7 urte berantago epaitegian beren lekukotasuna ematea onartu dutelako, Barne Ministro ohiak eta garaiko Prefetak ekintza positiboa izan zela eta horren atzean terrorismoa izan balitz ez zirela inplikatuko erran zutenean.
Euskal Herriko bake prozesua munduan eredu bihurtu
Jean Pierre Massias adituak bertan azaldu zuenez Euskal Herriko bake prozesua munduan eredu bihurtu dela, estatuaren inplikazio ezaren aurrean gizarte zibilak bake prozesuaren aitzinamendua bere gain hartu eta bururatu duelako.
Luhusoko ekintzak estatuaren partetik aldaketa eragin zuela argi utzi du, ordu arte bilatutako erakundearen kapitulazioa bazterrean utzi da eta bake mugimendua laguntzeko ekintza positiboak egiteko prestutasuna erakutsi du.
Bestalde konfiantza eta kuraia kate bati esker ere aitzina joan da, Morvan jaunak epaiketan azaldu zuen bezala, bera eta bake artisau ordezkariekin, beste marko batzuetan ezagutuak, Morvan jaunaren eta Baionako prokuradorearen arteko konfiantza, eta, jakina, Morvan eta Caseneuve lehen ministroaren arteko konfiantza, baita Morvan eta Fekl jaunen artekoa ere.
Katebegi bakar batek huts egin bazuen, dena desberdina izan zitekeen. Luhusoko ekintzak lau hilabete barne armagabetzea ahalbidetu zuen. Gizarte zibilaren nahia, azkenean, estatuak ulertu zuen memento hartan, baita justiziak ere.
2017an Baionako Prokuradoreak eta haren gibelean Pariskoak, bake artisauen kontra prozedura judizialak ireki zitzaketen. Ez egitea erabaki zuten. Politikoki, judizialki eta sozialki hori lortu zen 2017an. 7 urte berantago atzerapauso izugarria bizi izan dugu Prokuradore antiterroristak bere ikuspuntu atzerakoia plazaratu duenean. Prozedurari zilegitasuna emateko garai hortan armagabetzea bururatzen ari zela ETAko kideen atxiloketen bidez eta bide hortatik hartzen zituzten armekin!!!
Epaiketa anakronikoa
Epaiketa anakroniko hortan egoera surrealista batean aurkitzen gara, bake artisauak epaituak dira aste batzuk berantago estatuarekin adostuak eta babestuak izan diren ekintza berdinengatik, hau da armak eta explosiboak garraiatzea bakea iraunkortzeko nahian.
2017an estatuaren bake interlokutore izan zirenak, 2023 eta 2024an “terrorista” bezala kontsideratzen ditu ministerio publiko antiterroristak.
Maiatzaren 16an emanen den erabakian bakezaleak direla onar dezaten itxoiten dugu. 2017an gizarte zibila, botere politikoa eta judiziala bakearen alde elkartu ziren bezala, 2024an jarrera hori berrestea. Ez zaie epaileei politika egitea eskatzen, Bake artisauak xuritzeko zuzenbide penalean oinarritutako erabakia hartzea baizik.
Epaiketan azaldutako egoerari itzulpen judiziala emateko aukera bada, auzitegiak bere harria dauka eraikin honetara ekartzeko.
“Etat de nécessité” edo “Ezinbesteko egoera”
“Etat de nécessité”delako kontzeptu penala aplikatzea da. Kontzeptu hori delituaren elementu legalaren neutralizazioa ahalbidetzen duen mekanismoa da. Egoera berezi batzuetan delitu batek bere kalifikazio penala galtzea onartzen da oinarrizko askatasun bat edo interes nagusi bat babesteko ekintza beharrezkoa izan denean.
Egoera juridiko horren osagai guztiak baditugu Luhusoko aferan: Luhusoko afera baino lehen, bakea arrisku larrian zen. Luhusoko aferak armagabetzea ahalbidetu zuen.
Azkenean eta sinpleki, justiziak delitu baten egiteko xedea zegoela ezin du erran leporatutako gertakariak bakea iraunkortzearen xedearekin egin zirelarik.
Justiziak ezin du Prokuradoreak eskatu bezala errealitatearekin hain deskonektatua egon, justiziak aztertutako gertakariak beren testuinguruan kokatu behar ditu ondorio juridikoak ateratzeko. Haren zilegitasuna hortan ere oinarritzen da.
Itxoiten dugun erabaki judizialarekin kizkurra kizkurtua izatea da, gizarteak armagabetzearen alea definitiboki itxi ahal izateko.
One thought on “Ezinbesteko egoera”
Comments are closed.