Pariseko sarraskiek emozio haundia sortu dute Frantzian. Baina, beti bezala, politikari asko emozio hortarik etekin politikoa nolabait ateratzera entseiatu dira. Charlie naiz edo bestenaz terroristen adiskide ? Amalgama hori salagarria da.
Esaldi hori erraitea delitu bat bilakatzekotan da eta laster terrorismoaren apologia ez ote den bihurtuko zalantza izan dezakegu. Alabainan, terrorismoa goraipatzeagatik, askotan probokazio zozo edo espantukeria ergel hutsak, ugaritu dira kondena gogorrak azken egun hauetan, Amnesty internazionala bera kezkatzeraino! Pariseko sarraskien ondotik milioika jende karrikara atera dira “Charlie naiz” papoan emanik, beren emozioa adierazteko eta itsuskeriari ezetz borobila erraiteko.
Beste askok aldiz, ez dute leloa jantzi, horren gibelean zer nahi manipulazio politiko ikusten baitzuten edota hipokrita hutsa ez izaiteko. Charlie ez zuten preziatzen, aspaldidanik maleruski islamofobia laguntzen zuelako, adierazpen askatasunaren izenean eta erlijioen kritikatzeko eskubidea estakuru.
Alta horrek ez du erran nahi atentatu odoltsuen aintzinean sentitu dituzten bihotz ikara, arbuioa, biktima, beren lagun eta familiekin enpatia, Charlie sentitzen direnenak baino apalago eta balio gutxiagokoak direla.
Emozioen uhainaren gainean surfatzen
Urtarrilaren 7tik bizi izan ditugun gauza harrigarrien artean kezkagarriena halere, kolegio eta lizeoetan gertatu diren “intzidenteen” inguruko histeria hutsa da.
100 bat intzidente ministroak erranik, 5,4 milioi ikasleen artean (kolegio eta lizeotarrak). France 2 telebista publikoan, Nathalie Saint-Cricq zerbitzu politikoaren arduradunak, “Charlie ez direnak begiztatu eta tratatu behar direla” adierazi du, birusa batetaz ari balitz bezala edo “drone” eskadrilla bat manatzen duen amerikar militar baten hizkera imitatuz.
Diputatu batek proposatu du laguntza sozialak kentzea, minuta bateko isilunea errespetatu ez zutenen burasoei. Bainan okerrena frantses Hezkunde nazionaleko ministroa den Najat Vallaud-Belkacemen ahotik entzun da legebiltzarrean. Ikasleen partetik, “galde sobera” eta “Charlie sustengatzen dut bainan…” erranaldi gehiegi entzun direla deitoratu du. Hori guztia “jasangaitza” zaio, bereziki eskolan, baloreak transmititzeko instituzioan. Zer eredu, zer ikasgai gazteentzat ministro baten partez !
Bagenekien gure politikari profesional ainitzek jende arrunten bizipena zer den aspaldidanik ahantzi zutela. Okerrago oraino, adoleszente bat zer den, nola mintzo den, nola portatzen
ahal den ere ez dute ideia izpirik dirudienez. Edo emozioen uhaina surfatzea nahiago ote dute etekin politikoa bilduko dutelakoan ? Buruzagi politikoek gazteriari beren buruari baino erantzukizun gehiago eskatzen dieteneko jendarteak arazo larria badu.
Buruzagi politikoek gazteriari
beren buruari baino erantzukizun gehiago
eskatzen dieteneko jendarteak
arazo larria badu.
Mundu guztia inarrosi duen gertakari bortitza, beldurgarri eta korapilotsu baten aintzinean, adoleszenteek ez lukete galderarik egin behar. Ez lukete eskubiderik galderak egiteko. Absurdoa bilakatzeraino, adierazpen askatasuna mugarik gabeko balore absolutu gisa aldarrikatua den momentuan, iritzi bat eta bakarra aizu litzateke ? Edozein ikuspundu kritiko edo disidentzia kasik kriminala litzateke ? “Charlie naiz” ala terrorismoa sustengatzen dut ? Hauxe da gazteei eta oro har mundu osoari eskaintzen zaien alternatiba ?
Diskriminazio sozio-ekonomikoa
Hiltzaileen helburu nagusia hori bera da, egoera eta bereziki musulmanen erradikalizazioa. Alternatiba hori bereziki maltzurra da beren erlijio eta sinesteengatik Charlie-ren humorea guttien preziatu duten musulmanentzat. Eskua bihotzaren gainean musulmana-islamismoa-terrorismoa amalgama errefusatzen dutela dioten buruzagiek gauza bera egiten dute Charlie ala terroristen artean hautatzeko aginduarekin. Eta beren jatorri, larru kolore edo auzo baztertuetan bizitzeagatik diskriminazio sozio-ekonomikoa eta egunero poliziaren jazarpena jasaiten dituzten gazteek, Errepublikako balore ederrak guttien dastatu dituzten horiek, ingurukoen, familiaren edo beren sinesteez trufatu eta irri egin beharko lukete frantses komunitate nazionaleko partaide oso izaiteko ? Amets gaiztoa !
Horrela gurpil zoroa ibilki da. Terrorismo islamistaren iturburuan erantzukizun handia duten Mendebeladeko Estatu nagusiek, Frantziak besteak beste, haren estrategia laguntzen dute.
Noraino joanen dira bide honetan ? Urtarrilaren 20an, Valls lehen ministroak berak, buru-argitasunaldi estonagarri batean Frantzian “lurralde apartheid sozial eta etnikoa” bazela aipatu
du, prentsaren harriduraz. Ikusteko da aldi honetan hitzetatik ekintzetara pasako ote diren sozialistak ?