Estrategia eta praxi independentistari buruzko alferrikako galderak eta gogoetak 1/2

     Eduardo Apodaka  Soziologiako doktorea eta psikologia sozialean espezializatua. EHU  (Argazkia: www.unibertsitatea.net)

Eduardo Apodaka Soziologiako doktorea eta psikologia sozialean espezializatua. EHU. (Argazkia: www.unibertsitatea.net)

Eduardo Apodaka. Soziologiako doktorea eta psikologia sozialean espezializatua. EHU.

 

ZuZeu aldizkaritik ateratua.

Galdera zailak jarri dizkit ZuZeuk: euskal errepublikara eramango gaituen bideak zein izan beharko luke?, nondik jo behar luke estrategia independentistak? Nire lehendabiziko erantzuna “ez dakit” baino ezin da izan. Hasteko, euskal errepublika, euskal estatua edo independentzia bera modu askotara ulertzen diren terminoak direlako.

Baina, batez ere, estrategia errazegi irudikatzen dugulako, aktore eta eragile anitzetako jokoen gorabeherak aurreikustea sinplea izango balitz bezala, joko arautuak izango balira bezala. Urrun nabil ni geroa lege edo joera itxien arabera etorriko zaigula sinestetik. Kontrakoa ere ez dut sinesten, bihar-etzi gertatuko dena orainak mugatzen du, ez da “edozer” gertatuko. Tarte bat dugu jokatzeko, eta tarte horretan egin daitekeena egin beharra dago, baina horrek ez du geroa nahikara gauzatuko denik bermatzen. Esaldi batean borobildu beharko banu, honakoa izango litzateke, gutxi asko nire jarrera: egin dezagun orain egin dezakeguna, egin ezin dezakeguna geroan egin dezagun. Posibilismo eraldatzailea deituko nioke. Orain posible duzuna egin ezean nola nahi duzu ezinezkoa egin? Baina, jarrera horrek gutxi konpontzen digu, “orain posible duguna” zer den ebatzi beharko genuke, eta “posiblea den guztitik” zer hautatu beharko genuke eraldaketarik eragite aldera? Berriro diot, ez dut uste honetan jakintza ziurrik izan dezakegunik. Nik ez daukat, nik ez dakit.

Ez dakigunon ilusioa

Orain gutxi, Twitter Inc. enpresaren sare sozialean bitxikeria batek txunditu ninduen. Irakurriko zenuten, segur aski. @MaialenArteaga kontuak bota zuen txioa: “Badakizu iraultza nola egin, baina ez dakizu etxeko garbigailua jartzen.

Erantzun parrastadan ikus zitekeen bezala, ez ziren gutxi bere burua ituan ikusi zutenak. Ez txioaren bigarren parteagatik, txioaren aurreneko baieztapen hori, “badakizu iraultza nola egin”, haiei zegokiela pentsatu zutelako baizik. Antza denez, asko dira iraultza nola egin dakitenak.

Bistan da, iraultza berba holakoetan ez doa gustura kapitalista edo faxista adjektiboekin, gure artean iraultza beti da “ezkerrekoa”. Horregatik pentsatu nahi dut iraultza nola egin dakitenak iraultza egiten ibiliko direla, hau da, jakintza hura ez dela soilik teorikoa izango, alegia, praktikara eraman eta praktikan bertan iraultza gauzatzen ari direla. Eta hala izanik ere, pentsatzekoa da iraultza oraindik guztiz egin edo burutu ez bada izan litekeela prozesu bat delako, ezarian garatu beharrekoa, baina finean egin egiten ari dena. Eta halakoa bada, prozesu hori zertan den jakingo dutela zehazki. Estrategia zuzena izateaz gain, helburuak argi eta urratsak ere ondo zehaztuta dituztela.

Eta ondorioz, iraultza nola egin dakienak bi jakintza dituela: iraultza nola egin behar den jakiteaz gain, badaki iraultza zehazki zer den.

Asko sinplifikatu dut, nire ustetan iraultza prozesu ezin konplikatua dela adierazi nahi izan dudalako. Bai, iraultza helburu gisa asko sinplifikatu ohi dugu, utopia lako egoera lauso bat izan daiteke edo, kontrara, aldaketa estruktural pare bat. Izan, iraultza aldaketa orokorra den aldetik erruz konplexuagoa da; eta prozesu gisa ulertzen badugu are eta konplexuagoa. Iraultza ez da eragiketa tekniko bat, ez da eragile trebe batek errez kalkulatu eta egin dezakeena. Iraultza borroka da, aurkako indarrei aurre egin behar dien jendarte aldaketa. Irudi batez, iraultza ez da xake partida bat, xakean zaudela uste duzunean ohartzen zara jokoa beste bat dela, eta jokoan ari zarelako ustetan zabiltzanean jokoa bertan behera geratu dela: ez dago araurik, ez dago legerik.

Baina badaude baldintzak eta badaude joerak. Iraultza ez da borondate subjektibo zenbaiten kontua, horiek beharrezkoak badira ere. Iraultzak krisi sozial larrien orpotik datoz, nora joko duten esku hartzeko prestatu diren indarren arabera izan ohi da. Baina, epe motzeko indar korrelazioen kalkuluetatik at, nekez egin daiteke aurreikuspen ziurrik, ez dago historian jauzi handiak egiterik arriskurik hartu gabe. Are gutxiago, norberaren borondatea, edo arrazoia, baldin bada jausi egiteko oinarri bakarra. Iraultzaren aurkakoen indarrak ez dira hor kanpoan inerte eta gure eraginen aiduru dauden indarrak. “Badakigu –esan lezakete iraultza nola egin dakitenek– baina ezin dugu nahikara egin, ezin dugu sistema buztin biguna izango balitz bezala gogora moldatu”.

Hor dago koska, ostera. Iraultza nola egin jakitea ezin da izan zeru edo hutsarte teoriko batean landu den errezeta. Iraultza nola egin, iraultza faktikoki, eginetan egitea da edo ez da ezer. Iraultza nola egin jakitea ezintasunak gainditzea da, eta hori atzera begira baino ezin da jakin: garaipenetik soilik aitortu daitekeen jakintza.

Bitartean, berriz, iraultza-probak edo saiakerak baino ez. Porrotak, maiz. Geroak ebatziko du estrategiaren zuzena? Behar bada hori da pentsamendu estrategikoaren tranpa, garaipena edo lorpena baitu egiaren unetzat, bertatik juzgatzen ditu eginak eta bizipenak.

Aurreko guztia botata, egia esan, ideia bakarra azaldu nahi izan dut: estrategia garaipenaren pentsamendua da, beharrezkoa baina ez aski praxiaren ikuspuntutik. Praxian lotu behar dira helburuak eta eginak, praxian eginetan gauzatu behar dira xedeen zentzuak. Estrategiaren gakoa, nonbait, praxia eta estrategia, zentzudun jardun praktikoa eta garaipenerako eraginkortasuna artikulatzea da. “Iraultza nola egin” dakiela sentitzen duenari onartuko nioke jakintza hura “praxian iraultzaren zentzua gauzatzen ari dela” sentitzen duela esan nahiko balu, ez bestela.

Utz dezagun iraultza eta iraultza esan dudan tokietan independentzia jar dezagun. Independentziari begira aurreko gogoeta galdera pare batean laburbildu ditzaket: pentsamendu estrategikoak independentzia nola lortu jakiteaz gain, independentzia zehazki zer den jakin beharko luke? (Hala ez balitz, independentzia praxia baterako erabiltzen eta gurtzen dugun fetitxe eta desio-objektu biltzailea baino ez litzateke izango? Txarra al da hori?) Eta bi, ez ote da hutsaren hurrena praktikan zailtzen eta zentzu-emaile bilakatzen ez den jakintza estrategikoa?

Orain, behin behinean, ditudan erantzunak: ez, ez dugu zehazki independentzia zertan den jakin behar, ezta zuzen eta zehazki nola lortu behar den ere, arian-arian, borrokan, behin eta berriro aldatuko dira bi jakintza horiek (badaezpadako jakintzak baino ez dira izango). Eta bai, estrategia praxiaren muina ez bada geroari buruzko burutazio putzen sorta lasaigarria izatera mugatuko da.

Taktiken garaia?

Jatorriz, estrategiaren ideia kontu beliko politikoa izan da, “gudari-osteen gidaritza”. Gaur egun lorpenerako bide gisa erabiltzen badugu ere, ez du galdu adiera zahar hura. Estrategiak begirada luzea eta zabala behar du. Lehengo gerretan, goi kokapen batetik bataila eremu osoa ikusteko gai ziren jeneralen begirada orokorra dakarkigu gogora. Batailan sartuta dabilen oinezkoak nekez izango du halako ikusmira, ez du perspektibarik hartzeko eta kalkulu globalik egiteko ez lekurik, ez astirik. Gatazka erdian ekin eta ekin behar omen da. Taktiken lekua da, ez estrategiena.

De Certeau filosofo jesuitak bide hartatik bereizi zituen estrategia eta taktika. Estrategia indar-harremanen kalkulua da, halako kalkulua posible izaten da borondate eta botere subjektu batek (enpresa, armada, alderdi, elkarte…batek) bere burua “inguruaren” aurka jartzen duenez gero. Hau da, subjektu horrek (bera ez den) aurkako bat ezarri behar du: etsaia, oztopoa, arazoa… Garaitu edo menderatu behar den bestea. Antza, helburu bakarra du estrategiaren subjektuak: dena izan, dena bere mende, dena bere nahikundearen mendeko objektu izan dadila. Estrategia, beraz, ekintza eremu jakin bat irekitzen duen asmo oro hartzailea da. Dena hartuko bere mende: bezeroa, armada etsaia, ordezkaritza politiko osoa, herriaren zentzu komuna… Estrategiak xake partida osoa ikusten du, eta partidaren ingurua ere bai, taktiketan biziraun behar duenak hurrengo mugimenduak baino ez. Taktikak leku propiorik ez duen kalkulua da, joko eremu propioa antolatzeko gai izan ez dena, autonomia barik beste baten eremuan eta legeen arabera jokatu behar duenaren kalkulua. Ez du ikuspegi edo proiektu globalik, ez du leku propiorik, denborak zabaltzen dizkio arrakaletan, aukeretan, ekin behar du luze zein zabal (begiratu) barik.

Zein nolako egoeratan gaude? Estrategen begiratokian ote gaude armaden mugimendu ordenatuak ikusten? Jeneralen mahaiaren inguruan bildu ote gara mapa gaineko maketak mugitzeko? Edo bataila erdian, lokatzetan eta armen harrabotsean zoraturik gabiltza, begirada lurrari loturik, ezin altxatuta?

Bi erantzun, arin. Ez dira garai onak estrategentzat. Desinformazio ustelaren garaian, gizarte sistema itxuraz lar konplexuetan, ageriko konspirazio eta noraez probokatuetan bizi garen honetan begirada estrategikoak gutxienez aitortu behar du nekez jakin ahal duela nola egiten den eraldaketa sozial orokorrik. Oraingo estrategiek ezin dute epe motz-motza arbuiatu: garaiak azeleratu dira. Jeneralen muinotik anabasa baino ez da ikusten, eta ez dago hura ordenatzerik nahasmendua areagotu barik. Ez dago prozesu linealik garaipenera eramango gaituenik, ez dago aurreikus daitekeen logika dialektikorik ere. Bide bakarra da ziurtasunaren bidea: indarkeria hutsez joko-eremua zure kaxara prestatu. Zuckerberg eta Muskengandik ikasi behar da prospektiba estrategikoa? Agintearen estrategiak, gaur, begirada luzea barik, begiradak makurtzeko ahalmena dirudi, alegia, sentiera eta pentsaera preso hartzeko indarra, ahal dela botere-harremanak ezertan aldatu ez daitezen.

Panorama berean, beste estrategia logika bat hobetsi nahi dut indar eraldatzaileen kasuan. Arestian esan legez, zentzu eta nahiak kutsatzeko lana, helburura heltzeko bide segurua barik, bidean helburua gauzatzeko ariketa. Baliteke une erabakigarria etortzea, zirt ala zart egitekoa, jazoera handia edo halakorik, baina hura noiz etorriko zain egon gabe, praktika arruntak praxi bihurtu behar dugu. Izan ere, bizi kontuetan, estrategia lantzea zentzuak, balioak, esanahiak, nahiak eta desioak praktikan lantzea da (hau dena beste nonbait landu dudanez, auto-plagioa aurreztuko dut non esanda: “Praxia: pragmatismoa eta utopia elkartzen diren tokia”, Jakin 227-228).

Hor datza beste askotan defendatu dudan iritzi bat: independentzia, agian, ez da beharrezkoa, independentismoa ezinbestekoa da, zertara eta euskal herria izan dadin, zertara eta hemen herria izan dadin. Independentziaren xedea, horretara eta horretan ari ginela izan da borroka ziklo oso baten zentzua, ia dena aldatuko lukeen xede posiblearen ilusioak bizi izan gaitu.

Beharbada, hori da galdu dena: ez, hain zuzen, jakintza bat independentzia, gure iraultza, nola egin behar den dioskuna, ilusio bat baizik, praxian independentzia egiten ari garela iradokitzen digun ilusioa. Eta ilusio hori urria bada independentisten artean, deus ez da kutsatu beharko genituzkeen gainerako euskal herritarren artean.

Ilusio eta desira askatzaileak

Independentziaren ilusioa, atzo eta gaur, herriaren askatasuna, jendeen emantzipazioari loturik bizi izan dugu gehienok. Eraldaketa politikoa eta soziala, aski zehaztugabea, lainotsua, lausoa. Baina betiere, independentzia herriaren askatasuna zen. Euskal estatua hartarako bide, noski, baina nago independentista guztiek estatua tresna edo baliabide gisa irudikatzen dutela, herriak estatu independente baten bidez bereganatuko luke askatasuna. Esan bezala, hitz lausoetan desio sendoak.

Behar-beharrezkoa ote da estatua askatasun hori lortzeko? Zein askatasun mota? Autonomistek berehala aldarrikatu zuten euskal estatalizazio maila onargarria estatutua zela, EAEn jakina. Euskadi, behinola Euskal Herri burujabearen proiektu politikoa, EAE geltokian geratu zen, helmugara ailegatua zela esan ziguten. Hor gelditu zen eskumako independentismoa (halakorik bazela sinetsiz gero), erdietsitako paradisuaren kudeaketa errentagarrian goxo-goxo. Eta, ez dezagun ahaztu, bidean hegemonia autonomista landu dute eder asko. Bitartean, independentzia eta askatasuna, frankismoaren hondar urteetan sinonimo bihurtzen ari ziren horiek, lokatu eta aldendu ziren gehienentzat.

Horrez gain, askatasuna eta askapenaren balio eta xede sozialak krisi larrian daude. Gaur, askatasuna pribilegio egotiko eta paranoikoen oldarrak ito duen berba baino ez dirudi. Gaur “askatasuna” dioenak “nire zilborraren nagusitasuna” dio, beste edonor eta beste edozeren gain den nerekoitasuna. Horren aurka, parekoen askatasun kolektiboa aldarrikatzera jo behar dugu, elkarbizitza eta norberaren bizi-ahalmenak elkarren babesean eta elkartasun ireki eta abegikorrez antolatzera.

Konbentziturik nago XXI mendeko borroka emantzipatzaileen ardatz nagusia “ni-jabea” eta “gu-herria” logiken artekoa izango dela.

Ez da hau borroka kultural huts bat, “ni-jabea” (oraingo kapitalismoaren) egitura materialen subjektibazioa baino ez da, hala biziarazten digute geure burua, “ni-jabearen desira” gure subjektibotasunaren desira nagusia izan dadin. “Gu-herria” da, berriz, kapital eta estatu neototalitario eta pribatizatuen aurrera gauzatu beharko genukeen logika aurkaria: ororen parekotasunaren eta ororen aginte zuzenaren logika. Tamalez, populismo egotiko eta gezurrezko egien garaian errez lerratzen da “gu-herria” “ni-herri-jabea” aldera eta segituan “ni-jabea” logikara. Nork desiratuko du “gu-herria”? Independentismoak molde konkretu bat eman ahal dio borroka-ildo honi? Ez al da hori orain eta hemen duen balio nagusia?

Askatasuna euren pribilegio pribatuak direla uste dutenen aurrean, ororen parekotasunik gabe eta oro aginte-subjektuaren partaide osoa izan barik askatasunik ez dagoela uste badugu, aginte kolektiboak nola sustatu eta nola ireki pentsatu beharko dugu. Hori da, nire ustez, hemen eta gaur, independentismoak aurrera eraman behar duen lana. Hori da maite dudan praxi independentista.

Karga bat ote da hau dena independentismorentzat? Ez al du independentziaren kausak, estatu propioaren kausak, gehiago irabaziko “ni-jabea” aldetik? Ez al da desiragarriagoa gure gizarte honetan euskal ni-jabeen harresidun aterpea sortzearen ideia? Total sortzen utziko diguten estatua ez al da estatu neoliberal bat Europan ondo homologatua? Nik ezin dut praxi independentista irudikatu aginte kolektiboak eraiki gabe, edo Jule Goikoetxeak ondo ezaugarritu duen demokraziaren pribatizazioari aurre egin gabe, edo herria, zentzu politikoenean, garela lau haizetara aldarrikatu eta gauzatu barik.

Jarraipena datorren astean hemen klikatuz.

 

Soutenez Enbata !

Indépendant, sans pub, en accès libre,
financé par ses lecteurs
Faites un don à Enbata.info
ou abonnez-vous au mensuel papier

Enbata.info est un webdomadaire d’actualité abertzale et progressiste, qui accompagne et complète la revue papier et mensuelle Enbata, plus axée sur la réflexion, le débat, l’approfondissement de certains sujets.

Les temps sont difficiles, et nous savons que tout le monde n’a pas la possibilité de payer pour de l’information. Mais nous sommes financés par les dons de nos lectrices et lecteurs, et les abonnements au mensuel papier : nous dépendons de la générosité de celles et ceux qui peuvent se le permettre.

« Les choses sans prix ont souvent une grande valeur » Mixel Berhocoirigoin
Cette aide est vitale. Grâce à votre soutien, nous continuerons à proposer les articles d'Enbata.Info en libre accès et gratuits, afin que des milliers de personnes puissent continuer à les lire chaque semaine, pour faire ainsi avancer la cause abertzale et l’ancrer dans une perspective résolument progressiste, ouverte et solidaire des autres peuples et territoires.

Chaque don a de l’importance, même si vous ne pouvez donner que quelques euros. Quel que soit son montant, votre soutien est essentiel pour nous permettre de continuer notre mission.


Pour tout soutien de 50€/eusko ou plus, vous pourrez recevoir ou offrir un abonnement annuel d'Enbata à l'adresse postale indiquée. Milesker.

Si vous êtes imposable, votre don bénéficiera d’une déduction fiscale (un don de 50 euros / eusko ne vous en coûtera que 17).

Enbata sustengatu !

Independentea, publizitaterik gabekoa, sarbide irekia, bere irakurleek diruztatua
Enbata.Info-ri emaitza bat egin
edo harpidetu zaitezte hilabetekariari

Enbata.info aktualitate abertzale eta progresista aipatzen duen web astekaria da, hilabatero argitaratzen den paperezko Enbata-ren bertsioa segitzen eta osatzen duena, azken hau hausnarketara, eztabaidara eta zenbait gairen azterketa sakonera bideratuagoa delarik.

Garai gogorrak dira, eta badakigu denek ez dutela informazioa ordaintzeko ahalik. Baina irakurleen emaitzek eta paperezko hilabetekariaren harpidetzek finantzatzen gaituzte: ordaindu dezaketenen eskuzabaltasunaren menpe gaude.

«Preziorik gabeko gauzek, usu, balio handia dute» Mixel Berhocoirigoin
Laguntza hau ezinbestekoa zaigu. Zuen sustenguari esker, Enbata.Info artikuluak sarbide librean eta urririk eskaintzen segituko dugu, milaka lagunek astero irakurtzen segi dezaten, hola erronka abertzalea aitzinarazteko eta ikuspegi argiki aurrerakoi, ireki eta beste herri eta lurraldeekiko solidario batean ainguratuz.

Emaitza oro garrantzitsua da, nahiz eta euro/eusko guti batzuk eman. Zenbatekoa edozein heinekoa izanik ere, zure laguntza ezinbestekoa zaigu gure eginkizuna segitzeko.


50€/eusko edo gehiagoko edozein sustengurentzat, Enbataren urteko harpidetza lortzen edo eskaintzen ahalko duzu zehaztuko duzun posta helbidean. Milesker.

Zergapean bazira, zure emaitzak zerga beherapena ekarriko dizu (50 euro / eusko-ko emaitzak, 17 baizik ez zaizu gostako).