EHBAI
Joan den igandean, eskuin muturra ipar Euskal Herriko herri gehienetan lehen postuan iritsi zela ikusi ondotik, Emmanuel Macronek Parisko legebiltzarra desegiteko erabaki arduragabea hartu zuen. EHBaik segidan hartu zuen egoera larriaren neurria.
Astelehenean, ezkerreko fronte herritar bati erantzuteko borondatearekin, eta Fronte Herritar berri baten osatzearen berri jakin bezain laster, EHBaik ere bere borondatea berretsi zuen ipar Euskal Herrian desmartxa historiko horrekin bat egiteko, aterabide bakarra baita Macronen politika ultra liberalaren eta eskuin muturraren igoerari hautestontzietan erantzuteko.
Duela bi urte gertatu ez zen bezala, NUPESek ez baitzuen garaian EHBaien presentzia nahi izan, eta nahiz eta oraingoan ere, fronte herritarraren baitan hainbat tendentzik uzkur jokatu duten arren, EHBai desmartxa bateratuan sartu ahal izan da. Haien alderdi politikoetan gure parte hartzea bultzatu duten guztiak eskertu nahi ditugu.
Ezkerraren bateratze horretan parte hartuz, EH Baik, ipar Euskal Herriko lehen indar gisa, bere ardurak osoki asumitzen ditu: hauteskunde legegileak irabaztea Parisen tokiko alternatiba erreal bat bultzatzeko, Euskal Herriko jendarte zibilean sustraitua, justizia sozialaren bultzatzailea, eta eraman beharreko metamorfosi ekologikoan gure ardura zer heinetakoa den kontuan hartzen duena.
Jokoan dena ez baita soilik eskuin muturraren kontrako harresi bat sortzea hautestontzietan: gibelerarazi behar dugu, proiektu konkretu, erakargarri eta siensgarri bat eskainiz. Euskal Herriak iniziatiba anitzak ditu, jendarteko sektore guztietan. Ekonomia arloan, euskararen defentsan, laborantza herrikoitik edo etxebizitzaren inguruko mobilizaziotik hasiz, batzuk aipatzeagatik, Euskal Herriko biztanleek badakite denen interesen alde mobilizatzen. Aberastasun eder horrek egiten du gure proiektu politikoa, eta pentsatzen dugu indarturik aterako dela ipar Euskal Herriarentzat egiazko estatus politiko baten ezagutzarekin, euskarari estatutu bat eskainiko diona.
Parisen ekarpen bereziak eginen ditugu beste lurralde batzuk ere inspiratzen ahalko dituztenak, herritarren kezkei erantzuteko, izan sozialak (etxebizitzaren krisia, prekarietatea, eros ahalmenaren apaltzea, energiaren kostuaren emendatzea, erretretara joateko adinaren gibelatzea), ekologikoak, edo egoera geopolitiko ezegonkorrari lotuak. Ez dugu utziko eskuin muturra instalatzen, baina ez dugu utziko ere gaur egungo sistema ultra-liberala jendarteko sektore guztiak emeki-emeki itzaltzen.
Proiektu hau aitzina eramateko, eta momentu historiko honi erantzuteko, EHBaiko mi- litanteek ez ohiko biltzar nagusian presentzialean erantzun dute eta %95,3 agertu da Fronte Herritarra abiatzearen alde. Fronte Herritarrak hautagaiak izanen ditu beraz ipar Euskal Herriko 3 hautesbarrutietan:
– 4. hautesbarrutian: Iñaki Echaniz eta Cécile Senderain.
– 5. hautesbarrutian: Colette Capdevielle eta Alain Iriart.
– 6. hautesbarrutian: Peio Dufau eta Marie Heguy Urain.
EHBaik indar guztiak deitzen ditu mobilizatzera hautagai hauek eskuin muturrari aurre egin ahal izan diezaioten ekainaren 30 eta uztailaren 7an eta Euskal Herri feminista, eko- logista, sozialki justua eta euskaldunaren proiektua Parisera eraman dezaten.
Baina mobilizazioa ez da hautestontzietan bakarrik eginen. Eskuin muturraren kontrako eta justizia sozialaren aldeko mobilizazio guztietan parte hartzeko deia luzatzen dugu, horietan larunbata, ekainaren 15ean intersindikalak antolatzen duen manifestaldian eta Auzolan egunean, etxebizitza eskubidearen aldeko egunean ere arratsaldeko 3etan Baio- nako IUTean.