Ipar Euskal Herriko 11 langile baino gutiagoko enpresa ttikietan ari diren 27.000 langileak, azaroaren 25etik abenduaren 9ra beren ordezkaritza hautatzera deituak dira bozketa telematikoaren bidez. Argitxu Dufauk zehazten dizkigu nazio eta gizarte askapenerako sindikalismo eraldatzailearen erronkak hauteskunde horien karietara.
Azaroaren 25etik abenduaren 9ra, enpresa oso ttikietako langileak bozkatzera deituak dira. Oroitarazi behar da 11 langile baino gutiagoko enpresetan, TPE deitzen ditugunak, ordezkaritza sindikalik ez dela. Hauteskunde horiek, TPEetako langileek beren ordezkaritza hautatzeko aukera bakarra dute. Emaitzen arabera, Eskualdeko Batzorde Parekideetako (CPRI, frantsesez) kideak izendatuko dira. Akitania Berria 490.000 TPE langileko frantses eskualdea da eta 10 langile ordezkarik parte hartzen dute batzorde hortan. Guti. Gainera batzorde hau, ez da kasik inoiz biltzen, bertan elkarrizketarik ez dago eta are gutiago negoziazio kolektiborik eramaten. Egitura nahiko hutsa gelditzen da. Bestalde, hauteskudeen emaitzek beste bi helburu nagusi betetzen dituzte: sindikatu bakoitzaren errepresentatibitatea kalkulatzeko eta “Prud’hommes” auzitegiko aulkiak banatzeko kontuan hartuak dira.
Hemen erabaki dezagun!
Hauteskunde sindikal hauetan, LAB sindikatua aurkezten da. Legeak frantses eskualde mailan aurkeztea behartzen bagaitu, Ipar Euskal Herrian (IEH) erabaki behar dugula errepikatzen segitzen dugu. CPRI huts honen ordez, TPEetako langileentzat IEH mailako negoziazio kolektiborako gune bat sortu behar dugu. Bertan, gure lurraldeko TPEetako langileak ordezkatuak izanen lirateke, bozka baten ondorioz, eta gure aldeko indar harremana sortuz, frantses Estatu mailakoak baino akordio edo neurri hobeak negoziatuko genituzke. Hemen erabakitzea demokrazia azkartzea da eta langile hauen lan eta bizi baldintzak hobetzeko aukera.
Ipar Euskal Herrian, 27.000 langile TPEetako langileak dira. Alta, ez dituzte enpresa handiagoetako langileen eskubide berdinak: ordezkaritza sindikalik ez enpresan, derrigorrezko negoziazio kolektiborik ez, gizarte eta kultur jarduerendako aurrekonturik gabe ere gelditzen dira. Gainera, langile horietariko asko bakartuak dira eta borrokarako tresna mugatuak dituzte. Adibidez, 5.000 langile enplegatzaile partikularrek kontratatzen dituzte, etxeko langileak direnak, zaintza arloan beraz. Gehienak emazteak, lan baldintzak oso prekarioak dituztenak. Beste arloetan ere (ostalaritza, saltegi ttikiak, ikuskizunetako intermitenteak, etxeko haurtzainak…) borrokatzeko hamaika arrazoi dira: ordaindu gabeko ordu gehigarriekin bukatzea, formatzeko eskubidearen bermatzea, derrigorrezko ordu neurgailu indibidualizatuak plantan jartzea, mediku bisiten errespetatzea, duintasunez bizi ahal izateko ahalbidetuko duen lansaria…
Sindikatu abertzalea indartu dezagun!
Joan den irailean, Hemen Erabaki proposamena aurkeztu genuen. Dokumentuan (irakurgai ieh.lab.eus webgunean), pribatuko zein lurraldeko funtzio publikoko langileentzat Ipar Euskal Herri mailako negoziazio kolektiborako eremu baten sortzea aldarrikatzen dugu. Alternatiba hori konkretuki gure lan eta bizi baldintzak hobetzeko aukera da, Ipar Euskal Herria hobe sozialaren lurraldea bihurraraziz.
Proiektu hau gauzatzeko ez da soilik LAB-ena izan behar, baizik eta burujabetza sozialaren alde egiten dugun guziena. Baita ere, intersindikalarekiko indar harremana gero eta gehiago gureganatu behar dugu. Aukera bakarra LAB indartzea da: hauteskunde sindikaletan aurkeztuz eta bozkatuz.
“Pribatuko zein lurraldeko funtzio publikoko langileentzat Ipar Euskal Herri mailako negoziazio kolektiborako eremu baten sortzea aldarrikatzen dugu. Alternatiba hori konkretuki gure lan eta bizi baldintzak hobetzeko aukera da, Ipar Euskal Herria hobe sozialaren lurraldea bihurraraziz.”
Bozketa hau telematikoa da. TPEetako langileek etxean frantses Lan ministeritzatik gutun bana jasoko dute bozkatzeko plataformaren helbidearekin eta kodeekin. Sistema honek ez du bozketa errazten eta abstenzioa oso azkarra da. Baina sistema txarra bada ere, ez die sindikatu handiei eta jakobinoei mesede egin behar. Asko gara TPEetan lan egiten dugunok eta denok TPE bateko langile bat ezagutzen dugu, denon ardura da kanpaina honetan parte hartzea.
Oztopo guzien gainetik
Ariketa ez zaigu beti erraza. Hauteskunde ziklo honetan, langile sindikatu batek berriro gure hautagaitzaren kontra egin du, FO erakundeak. Beste 9 sindikaturekin batera Pariseko epaitegian gure burua defendatu behar izan dugu. Horien artean, SLBko (Breizh) eta STCko (Korsika) lagunak. LABek epaiketa irabazi badu, Bretainiako eta Korsikako langileek beren sinkatuaren alde ezingo dute bozkatu jakobinoengatik. Argi dugu, oztopo guzien gainetik nazio eta gizarte askapenerako sindikalismo eraldatzailea egiten segituko dugula, gure indarrak batuz. TPEetako langileok, azaroaren 25etik abenduaren 6ra arte bozkatzeko aukera ez dezagun galdu!