Kortsikan eta Katalunian eman diren hauteskundeen emaitzek 2017ko azken asteetako kronika politikoa markatu dute. Bi hitzordu elektoral hauek gure Herrien aitortzari begira garrantzi handiko pausoak izan dira, hainbat ikasgai mahaigaineratzen dizkigutelarik.
Kortsikarekin hasteko, abenduaren 10eko hauteskundeen emaitzak historikoak izan dira dudarik gabe. Parte-hartzea eskasa izan bada ere, abertzaleek 2015eko hauteskundei konparatuz 30.000 boz gehiago irabazi dituzte lehen itzulian, eta bigarren itzuliaren ondotik, Pè a Corsica zerrendak gehiengo osoa erdietsi du Kortsikako biltzarrean.
Dirudienez, opzio minoritarioa izatetik, abertzaletasunak pentsamendu hegemonikoa bilakatzea lortu du kasik. Hasteko, Kortsikaren geroari buruzko eztabaida politikoan bi idei gakoak oso ongi finkatuak direla erran daiteke: Herri berezi baten existentziaren aldarrikapena zilegia eta errespetagarria dela, eta Kortsikako problematikak estatus politikoaren bilakaera berri baten baitan (autonomia) konpondu beharko direla. Funtsezko aldaketa hori direla zenbait urte FLNC-k eman zuen pausoa oroitarazi gabe ezin da ulertu. Izan ere, 2014ean FLNC-k aldebakarreko behin-betiko suetena iragarri zuen, burujabetza dinamikari eremu politikotik bide emateko helburuz.
Autonomistak eta independentistak eskuz-esku
Prozesu politiko horrek eduki zitzakeen ezaugarrien marrazteari begira, erran behar da Lurralde Kolektibitatearen Biltzarrak gehiengo oso zabalez hartu zituen hiru erabaki funtsezkoak izan zirela.
Hiru bozka horiek ziren: Kortsikaren nazio-identitatea aintzat hartuko duen Autonomia estatus baten aldekoa lehena; lurra-etxebizitzaren eremua egoiliaren estatus baten arabera arautzeari buruzkoa bigarrena; eta preso politikoen amnistia eta askatze osoaren aldekoa azkena.
FLNC-aren borroka armatuaren ondotik Kortsikako abertzaletasunak eman dituen pausoetatik bi ikasgai nagusi ondorioztatu daitezke; preseski, lorturiko arrakasta esplikatzen dutenak.
Lehena: abertzaleen arteko batasuna.
Zailtasunak-zailtasun, 2015etik gaur arte, autonomistak eta independentistak eskuz-esku ibili dira poderearen kudeaketan eta hauteskunde kanpainetan (aldi huntakoak eta ekaineko legegileak).
Bigarrena: azken bi urte hauetan abertzaleek Lurralde Kolektibitatearen kudeaketan itzelezko lana egin dute, Herri gisa proiektu eta anbizio orokor bat defenditzeaz gain, herritarraren eguneroko beharrei erantzuteko gaitasuna erakutsiz.
Zailtasunak-zailtasun, 2015etik gaur arte,
Kortsikako autonomistak eta independentistak
eskuz-esku ibili dira poderearen kudeaketan
eta azken bi hauteskunde kanpainetan.
Kataluniari dagokionez, abertzaleen arteko batasuna ez da izan abenduaren 21eko hauteskunden emaitzen gako nagusi bat.
Aitzitik, ERC-ek hitzordu hori eremu independentistan bere leadergoa finkatzeko baliatu nahi izan du, eta hortan galtzaile atera da. Aldiz, hastapenetik independentisten arteko zerrenda bateratua proposatu duen Carles Puigdemont biziki indarturik atera da hauteskunde hauetatik.
Orain, Carles Puigdemont-eri tokatzen zaio berriz lehendakaritza hartzea, nun eta Bruselatik!
Jendarte zibilaren mobilizazioaren garrantzia
Eta hain zuzen ere, bere erbesteratzea sekulako kontradikzioa da Madrilerentzat, Estatu espainolaren izaera demokratikoaren sendotasuna dudan jartzen duelako.
Independentistek ez dute herritarren bozetan gehiengoa lortzen. Baina Ada Colau-ek urriaren 1eko erreferendumean eduki duen jarrera kondutan hartuz, En Comú-Podem-en emaitzak erabakitzeko eskubidearen aldeko iritzien eta 155. artikuluaren gauzatzearen kontrakoen esparruan kokatzen baditugu, esparru horrek herritarren gehiengo baten babesa dutela kontsideratu daiteke.
Katalunian udazkenean jorratu den sekuentzia honetatik Errepublika independenteak lehen pausoak egiten ikustea espero genuen.
Madriletik etorri den eraso bortitzak hori eragotzi du, baina behintzat, abenduaren 21eko emaitzek independentziaren inguruko eztabaida idekirik uzten dute.
Ene ustez Kataluniaren prozesutik atera behar dugun ikasgai nagusia jendarte zibilaren mobilizazioak duen garrantzia da.
Alabaina, konfrontazio demokratikoaren maila horri buru egiteko indar politikoek ez zuten haiek bakarrik ez gaitasuna eta behar bada, ezta ere ausardia edukiko, Assemblea Nacional Catalana (ANC), eta Òmnium Cultural bezalako herri mugimendu indartsuak ez balira hor izan.
2017ko urte ondar honetan, beste nazio askapen mugimenduekin batera, euskal abertzaletasunak testuinguru politiko biziki interesgarria dauka bere aitzinean zabalik.
Alde batetik, Kortsikarrek autonomiaren eta gure Herrien aitortzaren inguruko eztabaida ideki dute Estatu Frantsesean.
Bestaldetik, Kataluniaren auzia dela medio, Estatu espainolaren krisiak eta independentziaren aldeko prozesuak bizirik diraute. 2018ko urtean testuinguru hori ongi baliatzekotan, Kortsikatik eta Kataluniatik datozkigun ikasgaiak gogoan atxik ditzagun: herri mugimenduen mobilizazioaren ezinbestekotasuna, abertzaleen arteko batasunaren premia, herritarren eguneroko behar eta arazoei erantzutearen garrantzia.