Hori bai! Euskal Herrian ahalmen izugarria dugu gauzen ospatzeko! Gertakariak ospatzen ditugula uste dugu, bainan azken finean, ez dugu gure egoera baizik ospatzen. Zaudete… ez da arras egia… Lorpenak ospatzen ditugu eta lorpenak ez badira, aldarrikapenak… batzuetan biak… Bainan, zernahi gisaz, bien gibelean, egoera kaxkar bat gordetzen da.
Har dezagun Korrikaren adibidea. Hamar egunez Euskal Herria zeharkatu izanaren lorpena ospatzen da korrika kulturaldian eta arribatzean. Alta, lorpen hori lortu da, helburu bat jarri baita gibelean eta helburuaren gibeletik, egoera batek bultzatzen edo behartzen gaituelako: euskararen egoera zaila eta ofizialtasun eskasa leku batzuetan. Hauei erantzuteko, Korrikak egoera ezagunarazten du eta jende berria lotzen. Badira beraz lorpen ederrak gibelean! Ondotik Gasteiz, egun hortan Euskal Herrian euskararen alde egon den ospakizun leku bakarra zen.
Aberri eguna, beste zerbait da! Alderdi bakotxak berea ospatzen duelako, berdin ahantziz, aberri ofizial eta errekonozitu bat osatzerat heltzen bagira, elgarrekin ariko direla denak lanean. Bederen, demokraziari gaur egun ematen zaion definizioa aplikatzen bada! Bainan demokrazia ez al da gehiengoaren nahiaren diktadura guttiengoaren gainean? Agian, bainan hori beste debate bat da. Dena dela, Aberri Egunak ere, onartzen ez dugun egoera bati erantzuteko beharrez antolatu besta zatikatu bat da.
Nafarroaren Eguna ere, besta bat da, zoinetan Nafarroaren arteko muga hautsi nahi den, eta urrunago joanez, Euskal Herrikoak. Muga administratiboa hor dela ez da dudarik bainan gaineratekoak guk ditugu ezartzen!
Adibide hauek emaiten ditut – eta beste ainitz badira apiriletik kanpo -, ohartarazteko hemen, aldarrikatzeko, lortzeko edo ospatzeko dugun ahalmen hoberena besta dela! Besta gabe, zaila zauku borroka baten eremaitea! Batzuetan, besta medio bat izan beharrean, finalitate bat bilakatzen da.
Batzuetan harrigarri egiten zauzkit manifestaldi ondoko bestak! Manifestatzerat goaz kexu baikira… normalean! Alta, hitzaldia bukatu ondotik, aldarrikapenez apaindu edo mozorrotu besta batzuk antolatzen dira eta umore onean! Pentsa denek besta egiten baginu umore txarrean, kexu eta gure egoeraz pleñi arratsaldeko 7etatik goizeko 4ak arte! «- Iep! Untsa hiza? – Ez hainbeste ez! Politikoki jasaiten ari giren errepresio hunek nahasirik uzten nik! Hortako ditiat bekainak tinke eta apal! Eta hi? Untsa? – Egia erran bate! Hezkuntza elebidunean behera doan euskararen maila ez dinat onartzen eta oino guttiago linguistika politikan gertatzen ari dunan erabaki hartze eskasa! – Bon be ez diau kutxarik egiten beraz? – Ez ez dik balio!» Ññia ze giroa!
Beraz bai Bestari esker lortzen dugu herriaren mugiarazten, jendeari kontzientzia arrarazten, erakusten… Besta bai! Borroka ere bai! Bainan lemaren lehen esaldian, hots bestan baizik ez badugu oihukatzen ahal hori, lemak ez du balio. Bestak dira estakuruak eta egunero eman urratsak arrazoinak eta helburuak.
Bainan azaleko ausnarketa hunen arrazoina beste bat da! Iduritzen zaut gazte mugimenduak ez direla haien loraldi hoberenean, nahiz eta batzuek oino eta beharrik hungarria ezartzen segitzen duten. Haiek ez ditezela gaitzi, ez dudalako haien lana deuseztu nahi. Bainan, herri eta kultur(ar)en aldeko egunerokotasuneko lan eta indarrak mamia falta du. Aportazioa bestetarat joaitea mugatzen da! Alta, eta zinez alta, gero eta gehiago entzuten da aldarrikapen, lortze eta ospakizun besta hauetarat joan nahi ez duen jendea, alferkeriz edo ez delako sobera erakarria! Interes pertsonalek gaina hartu dute! Lema-ren indarrari «f» bat gehitu al dakogu hastapenean? Gaur egun, eta guttienez, justu galdegiten da besta egitera joaitea, bainan hori ere, gero eta indar haundiegia galdegiten duela dirudi! Hala bainan, bestara joanez nortasun berezi baten sentimenduari eta finantzamendu ahalei (alde hau ere ezin da baztertu) ekar diezaiekegun aportazioa izugarria da! Justu bestarat joanez! Ez bagira egunerokotasunean mugitzen, ezta bestetan ere, zerk ezberdintzen gaitu beste herriengandik?