Frantziako Estatuan Daeshek egindako atentatu basatien karira – Nizakoa bereziki – Baionako Bestak debekatzear zegoen Paueko prefeta jauna. Hala ere, hainbat herritan bestak egiten ari ziren Frantziar Estatuaren barnean, bereziki Mendi Marzanen, eta Lapurdiko kosta aldean udatiar andana bat biltzen ari da udazkena arte. Daesh-eko erahiltzaileek badute zoritxarrez jendea izutzeko toki franko. Finean ekimen batzuk kendu edo murriztu arren, ospatu dira Baionako Bestak aurten ere. Azken laurogei urte haietan zehar Frantziako okupazioaren denboretan bakarrik ospatu ez ziren besta horiek zergatik kendu aurten islamista neofaxistek hedatzen duten beldurrarengatik? Hau da bere kolkoari jende gehienak egiten zion galdera.
Beste urteetan baino jende gutxiago heldu da, ostatulariek eta antolatzaileek esaten dutenaren arabera. Herritarren kezka zatekeen kopuru apalago horren kausa.
Hiru aldiz ibili naiz aurtengo Baionako bestetan, eta jende gutxiago bazegoela ohartu arren, jende guztien lasaitasuna, umore ona eta besta egiteko gogoa sentitu ditut. Baita saltzaileen artean ere. Naski beste urteetan ez bezala udaletxeko teilatuan tirokatzaile trebatuak ikusten ziren eta kaleetan CRSen autobusak, soldadoak, eta jendarma gehiago. Kale batzuetan jendeak ongi etorria ematen ziela ohartu naiz ere.
Baina jende batzuen desadostasuna piztu zuen Jacques Porte plazan CRS-ek egindako ekintza batek. Dantzaldi baten ematen ari zelarik, gizon beltz bat txirrindula eta motxila bat zekartzala eta zakur bat zerraiola, eseri zen gaztelupeko mailadietan beste jende guztien atzean. Etorri zitzaizkion CRS-ak, motxila miatu ondoren, eta paperak begiratuz gero, hortik irten zedin agindu zioten. Beharrezkoa ote zen hortik alde egin zezan, paperak legeztaturik baziren eta bere motxilan armarik edo lehergailurik ez baldinba zen? Baziren beste jende batzuk, beltzak zein zuriak, motxila bat bizkarrean zekartela, baina, iduriz, poliziarekiko arazorik piztu ez zutenak. 2012-garren urtetik hil ziren djidahista gehiena zuria zen. Ez dut uste arrazakeria salatu behar denik kanporatze honetan, baina areago jende guztiek ikus zezaketen eta herritarrei konfiantza ematen zien ekintza bat denen bistaren aurrean egin nahi zutela.
Islamistek egindako terrorismoa benetakoa da eta ezin da aurreko guduka armatuekin konparatu. Beste talde armatuek bad(z)ute(n) programa politiko konkretu bat, negoziazioen bitartez irtenbide bat ematen ahal zaiena; baina guduka armatura jotzen d(z)ute(n) irtenbide politiko guztiak agintarien aldetik zerraturik bait(z)ire(n). Islamistek duten helburu politikoa ez da ezagutzen indarkeriaren bidez muturreko islamismo bat ezartzea ez bada. Estatuentzat nahiz herritarrentzat ikusi ezinezko etsai bat da, edozein tokitan basakeria egiteko prest dagoena. Nizakoa izan da Frantziako hiri nagusitik kanpoan egin den atentatu islamista lehena.
Gertaeren kontrolatzeko gai ez direla edo atentatuen mailak segurtasun zerbitzuen aurre ikuspenak gainditu dituela ohartu dira Frantziako agintariak, baita ondoko estatuetakoak ere. Aditu askoren aburuz ez zen batere normala Nizako kamio eroa hainbeste denbora sarrera debekatua zitzaion guneetan egon izana. Ekarritako zama eta horren hartzaileekin egiaztatu behar izanen zutela azaldu zuen ere Israelgo segurtasun aditu batek, bereziki larrialdi egoera baten denboretan. Nizako udal poliziaren buruzagisak egindako salaketa gehiegikeria denik ez nago seguru, bestela ez zuen emazte horrek bere postua jokoan ezarriko. Asmakeria ez zuen eginen hain zuzen ere. Baina, kasu, boteretsuen agintaritza jokoan dagoelarik edozein gauza egiteko kapaz dago hierarkia, beraiek ekintzei nahi duten bertsioa eman diezaieten.
Geroak esanen digu. Baionako bestak baliatu dituzte aurten Frantziako agintariek, Nizan osoki aitortu gabe, hobendunak sentitu ondoren, segurtasun adibide bat eman diezaguten.