Gaur egun ikusten ditugun gertaera latzekin bakegintza gauza garrantzitsua bihurtu dela ohartzen dira zenbait gobernu eta politikari. 1990-garren urtean bloke komunistaren bukaera gertatu zenean, denbora luzerako bakea lortu genuela usten genuen, bereziki gerla hotza eta bigarren munduko gerla ezagutu dugunok. Lehenagoko arazo zaharrek oraindik irauten dutela eta arazo berri eta larriagoen sortzearen lekukoak gara.
Jarraitzen duten arazo larrien artean Israel-Palestina liskarra dugu, eta bake konferentzia makina bat egin arren, ertaineko epean behintzat, irtenbiderik gabekoa dirudi aferak.
Arazo berrien artean, islamismoa, Munduan zehar hedatzen ari zaigun Txinarren inperialismo ekonomikoa eta Asiaren Hego Ekialdean gero eta nabariago den herrialde beraren nagusitasun militarra baditugu.
Aurrerapen ohargarriak egin dituzten arazoetan ahoan bilorik gabe Kolonbia eta Irlandakoak aipa ditzakegu. Lehengoa klase borroka hutsa da; bigarrena Europako kontinentean aspalditik dirauen arazo nazional bat.
Euskal Herriko arazoa Irlandakoaren mailakoa izan arren, nazio arazoa alegia, ez dira gauzak hain ongi aitzinatzen. Irlandakoari aitzi, Europako bi estatu boteretsuen artekoa da Euskal Herrikoa, Kataluniakoa bezalaxe.Euskal Herrian eta Katalunian borroka armatua eta gatazka politikoa hurrenez -hurren izan arren, ez dira gauzak hobeago aurreratzen ez batean ezta bestean ere.
Euskal Herrian lehenago ETA Euskal Herriaren kanpotik zuzendurik zegoela zioskuten; erakundearen borroka armatua ahulago zelarik eta suetena aldarrikatu ondoren erakunde abertzale eta euskaltzale andana bat “ETAkoak zirelako” lema zabaldu dute edonora.
Katalunian aldiz, bertako erakundeek aurkezten duten aurrerabide guztiak – konsultak; alderdi bateko aldarrikapenak; ikurren erakustea… – deabrutu ondoren politikarien espetxeratzea dute ihardespen bakarra Madrileko agintariek.
ETA-ren suetenak bost urte iraun arren eta nazioarteko adituek gauzak ahal bezain ongi aurrera arazten dituzten arren, jarrera ezin higituzkoetan geratzen dira Parisen eta Madrilen. Gauzak okerrago bihurtzeko saiatzen ari dira. Joan den astean Azkainen egin dituzten atxiloketak horren froga badugu behin eta berriz. ETAren buruzagia harrapatu dutelako berria zabaltzen digute norabide guztietara, aspaldiko lelo ezaguna errepikatuz. Baita ETA-ren desagerpena exijitzen dute, arestian aipaturiko Irlanda eta Kolonbiaren bi kasu horietan egiten ez dena. Edozein liskarretan, negoziazio prozesua hasi ondoren, zatien arteko konponketa baten bila dabiltza protagonistak, baina ez dute bata edo bestearen desagerpena eskatzen, mugimendu faxista edo totalitarista baten kasuan ezik. Nazi taldeen edo DAESH-aren desagerpena exijitu daiteke, baina gizarteko injustizia baten kentzeko, edo nazio baten askapena eskatzen duen mugimendu baten desagerpena nahi izateko eskubiderik ez dago, errealitateari jaramonik egin gabe egotea esan nahi baitu.
Azkaineko atxiloketa Madrileko gobernu berri-zaharrak egin nahi duen ikuskizun mediatiko batekin lotu behar delakoan nago; hiru ehun egun geratu da Espainiako Estatua gobernurik gabe, Franco hil zenetik sekulan gertatu ez zen kinka politiko bat alegia. Bigarren aldiz gobernu buru izatera iritsi da Rajoi jaunak, PSOE-ak presiopean abstenitu ondoren; hots oposizio zaharraren jukutria eta estatu kolpe gozo baten ondorioa. Gutxiengoan izanik, bere lekua azkartu behar du PP-ak eta ETA-ko mamu zaharraren arrapiztea bide makala ez dela iruditzen zaio.