Begi bixtan aldatzen bederen, ez erraiteko leher egiten, ari den mundua, iraganeko eredu ekonomiko higatuaren adibide geroz eta argiagoa da. Eredu hori etengabeko konpetizione eta frustazioetan oinarritu izan da, abantail ahalgingarriak eraginez batzuentzat. Beste ainitzentzat aldiz eskubide zangopilatze, gosete edota ingurumen funditze nardagarriak suposatu eta suposatzen ditu, oraindik gauregun bizi dugun eredu hunek.
Erreserba naturalen ezin geldituzko kontsumitze ero batek %40 gainditzen du gure izarbelaren arraberritze ahalmena. Alabainan dena lotuta dago: ingurumenaren izorratzeak dakar itzulipurdikatze soziala. Urgentziak manatzen du aldaketa ingurumen arloan. Ongi etorria litzateke ekologista talde politikoetaz haratago, beste espazio politikoetako talde eta mugimenduek ere, egiazki kondutan hartzea beren egitarauetan, aipatutako konstatazio eta griñak.
Kontestu hortan, soilik populismoa eta beldurra proposatzen duen betiko eskuinari, ezin zaio finkatutako eredu baten kudeaketa soila kontrajarri. Horizonte edo ipar orratz berriak atsulutoki landu eta bultzatu behar dira, ezkerreko ikuspegitik. Funtsezko aldaketa ekologikoa sakondu, adostu eta aplikatu behar da Europa eta mundu mailan. Hortarako ez da miraikuiluzko aterabiderik. Gure usaia zahar, kontserbatismo eta hainbat « abantailekin » apurtu beharko da, nahi ala ez. Bakotxak bere burua ekologistatzat definitzea ez da liberalismo salbaiaren eta produktibismo etengabe baten kontra borrokatzea, baizik eta ere teknoegitura jakobino azkar baten kontra egitea.
Frantses estatuan, estadoa eta industrial talde haundienen arteko kogestioa gauza jakina da aspalditik, munduko beste hainbat erresuma industrializatuetan bezala funtsean. Gisa hortan Frantzia munduko erresuma nuklearrizatuenetakoa delarik. FNSEA laborantza sindikatuaren eraginez, « gure » laborantza Europako lehena da pestizidio kontsumoan. Errautsgailuen zenbakietan ere txapeldunak gira eta ez dut aipatzen autobide eta abiadura haundiko bide ezberdinen dentsitatea. Aldaketa ekologikoa bultzatzea jardun kolektiboari eta efikazia berri bati sentsua emaitea litzateke dudarik ez. Ez da kapitalismoa edo etengabeko garapen inkontrolatua berdez tindatzea.
Aldaketa ekologikoak nahitaez, gradualki bada ere, oinarrizko jendarte aldaketak bultzatu beharko ditu, justizia sozial gehiagorekin betan. Zer ekoizten dugu, nola, norentzat eta zertarako? Ingurumenari buruzko zer ondoriorekin eta zoin betebeharrekin ? Oinarrizko beharrak eta koherentzia minimo batek manatzen digu hautatzea behin betiko OGM eta laborantza iraunkorraren artean, nuklearra eta energia berriztagarrien artean, erautsgailuen eta ondarkinen bereixte selektiboaren artean. Aldaketa ekologikoa ezingo da eraginkorra izan merkatu libro eta araudirik gabeko batean.
Liberalek eta eskuinekoek jakina, erranen digute merkatu sakratuak ahal duela zaindu hainbat desregulazio, izan ekonomiko edo ingurumenari lotuak. Ezkerreko ikuspegi erreal batetik gauzak ikusita, ez ote dira aldiz ura, garraioak eta energia bezalako funtsezko gauzak jendarteko aberastasun amankomun gisa ekarri. Gisa hortan politika publiko bdez soilik kudeatuak litaizke, efikazia haundiagoarekin eta kontrol demokratiko eta herritarrak bermaturik. Azken finean, aldaketa ekologikoa helburu eta konzeptu horietan finkatzen delako : herritarrak jabetu behar dira beren eguneroko erronketaz.
Herritartasun berritua izanen da aldaketa ekologikoaren berme lehena. Modelo aldaketak demokrazia partehartzailearen aktibatzeko erabakigune berriak ere eskatuko ditu. Ingurumen eta sozial « dumping » delakoeri buru egiteko, erantzunak ezingo dira soikik nazionalak izan. Bederen Europa mailekoa izanen da, fiskalitate ekologiko ausarta bultzatuz, konbergentzia soziala adostuz eta industria plangintza oinarrian arraberrituz, herritarren eta ingurumenaren mesederako. Sentsu berdinean, ez gira berotze klimatikoaren kontra borrokatuko ilusio faltsutu bat dela pentsatuz edo itsuarena eginez : erabakiak Europa mailakoak, ez erraiteko mundu mailakoak ditaizke.
Azken finean, sozialismoa bezala, aldaketa ekologikoa ez da soilik erresuma batean burutuko. Demokrazia bezala eraikiko da ekintza eta konzientizazio kolektiboen bitartez, herrialde eta interes orokorren onerako. Engoitik Euskal Herrian ikasia eta usu pratikan eman dugulako, ekologia kontuak ere eskutan hartzen hasten bagine. Nahizta mundu ttipi bat izan, ez gira mundutik aparte.