Enbata.info web-astekari hunen Klixkalari gisa, idazteko denboran buruan atxikitzen dut neurri edo erregela batzu errespetatu behar dituztala bainan klixkaldi honetan asumitzen dut ez dutala objektiboki jokatuko behar bada.
Iparraldean argitaratua den astekari batetaz ariko naiz; Enbata/Aldako irakurle maitia ezagutzen ditut zure zorrostasuna eta idekidura beraz pentsatzen dut aski fite ezagutuko duzula aipatzen dutan astekari hura.
Duela egun batzu, bere atalean dozier bat agertzen zen “abertzale look”ari buruz…
Azpimarratzen dut berriz ez naizela objektiboki aritzen klixka horretan ez baitut indarrik ukan ere delako astekari horren orrialdeak idekitzeko eta dozier famatu hori irakurtzeko.
Pentsatzen dut behar bada huts egin dituztala kazetaritzaren historian argitaratuak izan diren informazio aberatsenak bainan nere dudak fite estaltzen dira egia erraiteko.
Beraz, abertzaleen looka aipatzea izan da astekari horrek atzeman duen balentria. Pentsatzen dut gai hori asmatu duena kontent izan behar dela eta saiak edo garratoiak bezala, irakurle batzu holako dozierrak idurikatzen dituztela heien plazerra edo herra-gosea asetzeko bainan nik diot izugarria, zinez izugarria atzematen dutala holako egiteko moldeak.
Eskoziak bere etorkizuna hautatzen zuen aste berean, hala zer ziren Euskal Herrian astekari baten lehentasunak.
Gaur egungo Europan, identitate eta populu aldarrikatzeak pizten diren unean, eta Euskal Herria horren laboratorio edo adibide interesgarrienatariko bat izanki, ez dute besterik egiteko jantzi, bilo edo beste historio aipatzeko.
Bigarren izugarrikeria da azpimarratzea eta ikertzea komunitate baten ezaugarri “fisikoak” edo kulturalak. Astekari horrentzat zer gira beraz? Zoo batean ibiltzen diren abereak, gizarte baten zati berezi bat, berezitzen edo baztertzen ahal direnak?
Heldu diren asteetan sozialisten, komunisten edo eskuindarren looka ere ikertuko dituzte edo abertzaleen pribilegio bat da bakarrik?
Asma dezagun zer nolaka ihardokitzeak litaizke abertzalea den egunkari bat hasten bada “ikertzen” holako dozierrak. Ez dut pentsatu nahi ere…