Uztailaren 12-an Bretigny-n gertatu tren istripuak argi uzten du Frantziako agintarien itsukeria azken hogoitahamar urte hauetan. Hiri haundien arteko abiadura haundiaren eguneroko 300.000 erabiltzaileeri lehentasuna emanik, beste trenetako lau miliun ibiltariak ahantzi dituzte. Trenbide zaharkituak, seinale sistema desegokiak, adin haundiko trenak, horra zer den, egun, hogoitahamar urteko inbeztizamendu eskasaren bilana Frantzian.
1981-az geroztik, hiru hamarkadaz, bi mila kilometro abiadura haundiko trenbide eraikiak izan dira Hexagonan. Martxan diren trenbideen %6-a. Beste 500 kilometro eraikitzen ari dira, hemendik lau edo bost urte barne bukatuko direnak. 340 kilometroekin, Tours-etik Bordelerateko zatia da gaurko obrarik haundiena.
2.500 kilometro abiadura haundiko trenbide horien eraikitze gastua 40 miliar eurotara (kopurua gaurko euroaren baliora ekarriz) estimatzen da, geltoki berrien eraikitzea kondatu gabe. Diru zama ikaragarria beraz, eguneroko erabiltzaileen % 8-aren onetan eta beste %92-en kaltetan. Bidaiarien %8-entzat miliarrak xahutzen zirenean *, %92 horiek egunero lanerat joaiteko erabiltzen dituzten tren azpiegiturak zaharkitzerat utziak izan dira. Denen egiteko sosik ez baitzen, alabainan.
Ohiko harrokeria
Nor dira hautu hori egin dutenak? Nor dira 30.000 kilometro trenbide entretenitu gabe utzi dituztenak? RFF eta SNCF, alabainan, haiek baitira eraikitzaile eta erabiltzaileak. Baita ere Frantziako gobernuak, edozein izan zitezen, eta lurralde kolektibitateetako arduradunak. Eta orokorki, Frantses hiritarren gehiengo nabaria, hautu horiek ez baititu sekulan zalantzan ezarri. Alderantziz, Frantziaren haunditasunaren izenean beti sustengatu. Concorde hegazkina edo zentral nuklearrak bezala, Abiadura Haundiko Trenak Frantziaren teknologia aintzinakoiaren, hots, mundu osoak gutiziatzen daukun Frantses genioaren emaitzak baitira. Berdin du nehork ez baldin baditu erosi nahi. Jakina da bestek ez dutela deus ulertzen eta Frantzia dela munduko hoberena. Frantsesen ohiko harrokeria.
Hala ere, iduri luke gauzak aldatzen hasiak direla. Bortxaz. Diru eskasak badu batzutan onik ere. Bianco eta Mobilité 21 txostenek burdinbideenganako politika errotik aldatzeko gomendatu ondoan, Hollanden gobernuak abiadura haundiko trenbide sarearen eraikuntza gelditzea erabaki du, dauden burdinbide eta trenak erreberritzeko eta hobeki mantentzeko. Ez dute egun guziz trena hartzen duten langileek aspaldi danik besterik galdatzen. Ber-denboran, Ipar Euskal Herri honek atsegin hartuko du ez bada, dirudien bezala, AHT-rik egiten datozen urteetan.
Diru eskasak badu batzutan onik ere.
Hollanden gobernuak abiadura haundiko
trenbide sarearen eraikuntza gelditzea erabaki du,
dauden burdinbide eta trenak
erreberritzeko eta hobeki mantentzeko.
Kontsumitzailearen onetan
AHT masakratzailearen irriskua urruntzen ari bada ere, beste egitasmo mehatxatzaile bat ateratu du berehala Frantses gobernuak: RFF eta SNCF berriz batzeko xedea, lehengo monopolioa berriz sortzeko. Egitasmo horren zinezko arrazoinak denek dazkite: lehenik, RFF-en zor ikaragarria (gaur egun 32 miliar, laster 40 miliar) eta SNCF-n 7,3 miliarekoa “mutualizatzea”.** Zorra bi egituren artean banatuz ttipituko balitz bezala! Bigarrenik, Europako Batasunak agintzen duen garraio askatasunari, ahalaz, kontra egitea. Frantses gobernuak uste duke, burdinbideen eta hauen erabiltzaile nagusiaren arteko monopolioa berriz eraikiz, beste Europar operatzaileak errexkiago baztertuko dituela. Geroak erranen.
Alta, ez litzateke batere gaixto SNCF edo Eskualdeko TER-n ondoan, Hegoalde eta Iparraldearen arteko tren zerbitzuak Euskotrenek ere eskain balitza. Hautua denean, beti kontsumitzailearen onetan da. Bide edo aire garraioaren kasuan egia dena ez ote da hala tren trafikoarentzat?
* Berrikitan Lyon-eko unibertsitateko ikertzaile aditu batek atera du AHT bakar bat ere ez dela errentagarri Frantzian. Parisetik Marseillarat AHT-ko tren txartelaren egiazko prezioaren laurdena estatuak diruztazen du. Tours-tik Bordelerateko AHT berrian gauza bera izanen da.
**SNCF-en 2012-ko tren mozkinak 24 miliar eurokoak ziren: 14 miliar saltzapen mozkinak, 10 miliar estatuaren eta lurralde kolektibitateeen diru laguntzak.