Kovid 19-ak eragin dituen kalte eta oinazeak aipatu eta joan den hilabeteko Enbataren zenbakian, 2. parte hontan gobernu gehienen ezaxolkeria eta aintzin ikuspen falta aztertua izanen da. Neke dela gezurrari egiaren itxura emaitea.
Delako hastapen hartan, Txinatik Europarat pandemia hedatzen hasi zen hartan, begi bistakoa da ez dutela gobernu guziek erantzun berdina edo bateratua ukan. Sendimendu azkarra bada pentsatzeko lehen batean dena egin dutela arazoa guttiesteko, ondotik seguritate neurigabeko batetarat pasatuz. Alta ez zen ikertzaile ezagutua izan behar kontziente izaiteko pandemien arazoa aspaldi huntan sudur puntan ginuela.. Ebola lehen abisu seriosa izan zen mail hortan. Entzun eta ulertu ez zena seguraski. Ezin ulertuzkoa da halere Europako kasik gobernu guzien antolatze edo prestakuntza eza. «Afera» hau bururatutzat ekarriko delarik, dudarik ez da, sakontze politiko serios bat egin beharko dela hortaz guziaz. Alta 2000 garren hamarkada hastapenean H1N1 birusa agertuz geroztik, plan orokor batzu xutik ezarri ziren gisa hortako mehatxuak aintzinikusteko. Adibidez Raoult mediku ikertzaileak berrikitan txosten bat atera du, zointan xeheki aipatzen zuen pandemia bat nundik nola hedatuko zen Asiatik Europarat. Kasik hitzez hitz gisa hortan hedatu da Covid 19a!
19. mendeko erantzunak
Halere ikusi da gobernuek inpresioa eman dutela pandemia bat batean deskubritzen zutela, aintzinetik sekulan hortaz azterketarik egin ez balute bezala. Tupustean lehen erabaki mirakuiluzkoa ateratzen zaukutelarik: konfinamendua kasik denetan, kasik denentzat! Alta munduko epidimiologista guziak ados dira erraiteko arrunt kontrarioa egin behar litaikela holakoetan gisa hortako birusaren kontrako lehen neurrietan. Inperatiboki konfinatu behar dira eritasuna dakarrenak edo infektatuak, ez jada imunizatuak direnak eta oraino guttiago eri ez direnak. Hori egitearekin batean ahalik eta jende kopuru haundiena testatu edo ikertu behar da baitezpada. Gisa hortan soilik konfinatzen dira egiazki eri direnak, besteak «normalki» bizitzerat utziz eta ekonomia peko errekarat kondenatu gabe. Funtsean gisa hortan egin dute Hong Kong edo Singapurren, jendetza haundia izanikan ere eta pandemiaren lehen lerroan izanki ere, arras hil guti izan dute. Guzi horren ondoan inpresioa bada Europa mendebaldeko gobernuek 19. mendeko batzuek bezala erantzun dutela krisia huni. Alta ikusita zer nolako ahalmen zientifiko, tekniko eta industrialak ditugun, ahalko zen milioika test edo proba egin, egiazki molde horri eman baliote lehentasun estrategikoa. Gauregun hainbat estadoetan ikusten diren hil kopuruak eta desmasia ekonomikoak ez dira Covid 19aren arriskugarritasunaren ondorioak, baizik eta soilik erantzun sanitario aldrebes baten ondorio latzgarriak. Zoritxarrez elgarrekin konfinatzea eriak, eri ez direnak eta arriskutsuak, molderik “hoberena” da biktimen zenbakia biderkatzeko eta hori gertatu da. Hau guzia gertatzearekin batean, ari zauzkigu ahoa beteka azpimarratzen berehun milako bat hil mundu mailan katastrofe bat dela, urtero frantses estadoan gripearen ondorioz 15.000 hiltzen direlarik edo kontinente guzietan urtero 2 600.000 hiltzen direlarik arnasketa infekzio ezberdinen edo poluzio ezberdinen gatik.
Zein inpakto jendarte modeloari begira?
Komunikazio horrek guziak pentsarazten du desinformazio edo areta desbideratze harrigarri bat martxan eman dela gabezia eta prestakuntza eza nardagarriak gordetzeko. Bainan izanen dira ondorioak bukaeran, gobernuek konduak eman beharko dituzte, errealki egin denari edo egin ez denari buruz. Ardura zibilak eta penalak galdeginen zaizkie estadoeri. Ekonomia zangoz gora botatzea, ehun milaka herritar prekaritatean jartzea eta beste hainbeste lanjerrean emanez erantzun sanitario faltsuengatik, ondoriorik gabe gelditzea harrigarria litaike egiazki. Frantses estadoa eta Alemaniaren arteko konparaketa bat egiteak ere, gauzak bere neurrian emaiten ditu ezinago argiki, Alemaniaren alde! Haien erantzun sanitarioa etsenplutzat ekarria izan da arrazoinekin. DENA aintzinikusia zuten pandemiari begira: test orokorrak Lander edo herrialde autonomo guzietan, maskak herritar bakotxarentzat hastapen hastapenetik eta Frantzian baino hospitale edo urgentzia/reanimazio zentro bi aldiz gehiago, puntaren puntan hil kopuru arras ttipiarekin! Hau guzia erran ta gero, gelditzen zauku krisia hunen inpaktoa gure jendarte modeloari begira. Badu orain kasik bi hilabete ohartu girela bizitzen ahal zela milaka kilometro bide egin gabe, shopping-a arrunt baztertuz eta gure ingurumen hurbilekoekin denbora gehiago pasatuz. Planeta osoak hatsa aise hobeki hartzen du eta aireko eta lurreko kutsadura apaltzen hasi da. Galdera da “zer eginen dugu ondotik ?” Orain arteko logika ultraliberal jasangaitzeri segipen bat emanen ote zaie “halabeharrez” edo inteligentzia eta adimen gehixeagoren ukaiteko gai izanen ote gira orain arteko hautu kolektibo batzu itzulipurdikatzeko ? Agian hau bestelako birus bat litaike.