Badu jadanik zonbait denbora Ipar Euskal Herriko panorama instituzionala arramoldatu dela Euskal Hirigune Elkargoaren sortzearekin. Memento berdintsuan EHLG eta ELBk publiko egin zuten, legeak ahalbidetzen duen bezala, Laborantza eta Elikadura Erakunde baten aldarrikapena. Hara zergatik Eskualdeko Kontseiluak eskatu izan zaion sustengu politikoa ekartzen dion eskakizun horri.
Iragan urtarrilaren 18an Ainiza Monjolosen EHLGren sortzearen 15. urtebetetzekari, ofizial eta efektibo egin dugu Akitania Berria Eskualde Kontseiluak Laborantza eta Elikadura Erakunde baten aldarrikapenari ekartzen dion sustengu politikoa. Euskal Herriko panorama sindikalean begi onez ikusten dugu erakunde horren sortzea, gisa hortan gure sustengua adieraziz EHLG eta ELBri, funtsean galdegin zaukuten bezala. Eskualde Kontseilutik jakin badakigu ere kontzertazio eta proposamen gune berri horren sortzea koherentzia osoz doala lehenik Euskal Hirigune Elkargoari eta bere laborantza batzordeari. Badakigu ere arras untsa Euskal Hirigunetik eman direla jadanik eta agian eramanen direla ere urratsak erakunde hori posible egiteko. Instituzio politikoen eremu instituzional ezberdinduak kondutan hartuz eta Euskal Hirigune Elkargaoren barne urratsak osoki errespetatuz, zain egonen gira Akitania Berri Eskualde Kontseilutik, iniziatiba guziak gauza ditezen. Haatik Hiriguneari iduritzen bazaio Akitania Berriaren sustengua beharrezkoa zaiola, presente izanen gira lobbying politiko lana egiteko, elkarturik, behar diren ateak jotzeko eta idekitzeko bide emaiteko Laborantza eta Elikadura Erakunde horri.
Gerla baten beranta
Gauregun erakunde horren sortzearen kontra agertzen diren indar politiko edota sindikal apurrak historiari bizkarra emaiten ari dira eta gerla baten gibelapena dute. Laborantza eta elikadura arloko eragile guziak dute irabazteko erakunde horren plantan emaitearekin. Bestalde, egun berdinean, Ainizan Monjolosen beste instantzia baten sortzea publiko egin zuen Akitania Berria Eskualde Kontseiluak. Jakinik Laborantza Politika Amankomuna edo PAC berria negoziatzen hasia dela Eskualde Kontseilua eta negoziaketa orokor horren barne, gure ustez, mendiguneko politikak eta mendiko laborantzak beren leku dedikatua izan behar dutela, erabaki dugu Mendi Instantzia Estrategiko bat sortzea. Instantzia berri horren bete beharrak litaizke mendiguneetako Laborantza eta laborarien segipen ziblatua egitea orain arteko diru laguntzak molde erakatuagoan banatuz baita behar berezieri erantzuteko laguntza berriak eragile ezberdinen artean sakontzea. Instantzia hortan artzaingoari buruzko FEADER europar diru laguntzen kudeaketa eta bideratzeaz ere hitz eginen da, biodibertsitatea errealki zainduz eta lehenetsiz adibidez ikertuz zer nolako elkarbizitza segurtatzen ahal den artzaingoa eta hartzaren artean, adibide bat emaiteko.
Bide propioaren beharra
Ezin delako mendiko Laborantza politika sinesgarririk eraman ingurumena zaintza egiazko bat gabe, instantzia hortarat gomitatuko ditugu ere ingurumen arloan erreferenteak diren hainbat eragile. Hainbat lekuko instituzio politikoez gain, Laborantza arloko sindikatu guziak baita EHLG ere partaide izanen dira instantzia hortan, Eskualde Kontseiluko hautetsi eta teknikarien gidaritzapean. Barne modalitateak arrunt adostu ondoan, pentsatzekoa da Mendi Instantzia Estrategiko horren lehen junta helduden martxoan possible izanen dela. Bilkura guzien kokagunea Mauleko Herriko Etxea izanen delarik. Gauza jakina da oraindik Ipar Euskal Herriko Laborantza eta hunen barne mendigunekoa, konda den indar ekonomikoa dela panorama ekonomiko orokorrean. Bere bide propioa urratu behar du aipatu bi tresna egokitu horien bidez ere. Ez du kemen edo motibazio eskasik, soilik batzutan metodologia eta estrategia berritu eta egokituak adostea eta haueri hatsa eta bidea emaitea. Bide egin dezagun beraz hats hantu gabe.